Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Mahatsondoaren aihenak

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Coto de Gomariz Carreiro familiaren upategia da, eta Gomariz bailaran dago (Galizia).X. mendean hasi omen ziren inguru haietan ardoa egiten. Mahats autoktonoekin baino ez dute lan egiten, eta bertoko mikroklima lagun dute mahastizaintzarako. Hiru lur mota desberdin daude inguru haietan: granitoz osatutako hondarrak, buztina eta eskistoak.

Gomariz izena kokapenak ematen dio, hau da, herrixkaren izena da, eta gomariza-tik dator, galegoz mahatsondoaren aihena, ahien berdea. Iberiar penintsulako mahasti barrutirik zaharrena omen da (horrela dago jasota Simancaseko Artxibategi Nagusian), askok Ribeiroren urrezko milia moduan ezagutzen dutena. Gaur egun, Ricardo Carreiro dago upategia zuzentzen eta gidatzen. Ricardoren aitak, Cacok, Hego Amerikatik itzultzean berriz ekin zion mahastizaintzari eta ardogintza lanari. Coto de Gomariz izenarekin merkaturatu zen lehen botila 1980ko hamarkadakoa da. Gaur egun, 32 hektareako mahastiak dituzte, denak mahats autoktonoz osatuak. Ribeiro jatorri izeneko tokirik iparraldekoenean dago Gomariz, eta lur desberdinetan egoteak izugarrizko konplexutasuna ematen die ardoei, beste tokikoekin alderatuz. Hego ekialde-hego mendebaldean kokatuta egoteak heldutasun egokia ahalbidetzen du, betiere freskotasuna galdu gabe. Gaur egungo upategia 2000. urtean eraiki zuten, eta, guztira,200.000 botila inguru ekoizten dituzte. 2001etik Xose Lois Sebio da upategiko zuzendari teknikoa eta enologoa. 2004an mahastiak era ekologikoan eta biodinamikoan lantzen hasi ziren.

32 hektarea horietatik 24 Gomarizen daude, ia denak mahastizaintza naturalean landuta. Permakulturaren aitzindari Masanobu Fukuokaren printzipioeijarraitzen diete, mahastizaintza tradizionala egiten dute, eta ekoupategi galiziarra izaki, pentsa daiteke ardo zuriak direla upategian ekoizten dituzten ardorik nabarmenenak; eta bikainak izan arren, gaurkoan ardo beltzak azpimarratu nahi ditut hemen: Abadía de Gomariz, Seica, VX Cuvée Caco eta VX Cuvée Primo. Hiru marken artean 6.000 botila eskas egiten dituzte. Souson, Caiño Longo, Caiño da Terra, Carabiñeira, garnatxa eta mencia mahatsak erabiltzen dituzte ardo beltzak egiteko. VX Cuvéeak bikainak dira, biak ala biak, baina bikainena guztietatik Seica da. Se Sebio enologoaren abizenetik dator, eta Ca Carreiro upategiaren jabearen abizenetik, eta biak lotzeko, I. Baina, gainera, seica galegoz zera da, beharbada izan daiteke agian... oso adierazpen galiziarrak. Souson carabiñeira eta garnatxaz egina dago. Txortenak eskuz kentzen dira, oinekin zapaltzen dute mahatsa, upel irekietan beratzen da, eta ardoa homogeneizatzeko lanak ere eskuz egiten dira. Fruta bikaina, mineraltasuna, konplexutasuna, dotorezia, bikaina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.