Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Murmurioa

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Doix eta Llagostera familiek 1998an sortutako upategia da Mas Doix, Tarragonako (Herrialde Katalanak) Priorat deritzon eskualdean. Doix familiak 1850ean hasi zuen ardoaren eta mahastiaren inguruko ibilbidea, baina beste askok bezala, filoxerak derrigortuta, eten egin behar izan zuten hasitako bidea.

Doix familiako Juan Doixen aitonak, Juan Extrems Doixek, pasioz zaintzen zituen mahastiak, eta pasioz egiten zuen ardoa; eta horren isla da 1888an Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean lortutako urrezko domina edota hamar urte lehenago, 1878an, Pariskoan lortutako zilarrezkoa.

Filoxeraren ostean, garnatxa eta cariñena mahatsak birlandatu zituzten, Poboledako kooperatibara bidaltzen zirenak; 1999an, upategian bertan, berriz ardoa egiteari ekin zioten arte.

Ramon eta Valenti Llagosterak sortu zuten gaur egungo upategia, eta egun, haien anai-arrebek eta haien iloba Sandra Doix enologoa dira upategiaren buru.

Poboleda Priorateko ipar-mendebaldean dago, Montsant eta Mollo mendilerroen babespean. Horri esker, ipar-mendebaldetik jasotzen duen haize leunari onura ateratzen dio, eta, horri esker, heltze prozesua motelago bilakatzen da: Priorateko beste herri batzuekin alderatuz, hamabost bat egun geroago izaten da.

Sei ardo egiten dituzte, denak sona handia duen Priorat sor-markapean. Bost beltzak dira eta bakarra zuria: Murmuri.

Esan daiteke Prioraten ardo beltzek askoz pisu handiagoa dutela zuriek baino, baina badaude zuri bikainak: Clos Nelin, Clos Martina, L'Antagonique, Gotes Blanques, Les Brugueres, Escanya-Vella edota gaur hemen nabarmendu nahi dudan Murmuri.

Murmuri garnatxa zuriz egindako ardoa da gehienbat, eta macabeu (Errioxako viura) apur batekin.

Mahastiak 500-600 metroko altueran daude, malda nabarmenetan, eta Prioraten hain bertakoa den licorella edo arbelez osatutako lurzoruetan. Hogei eta hogeitabost urte artean dituzte mahatsondoek, eta kilo erdi mahats ematen du bakoitzak, kalitate bikainekoak.

Muztioa altzairuzko deposituetan hartziten da, eta gero hiru hilabetez bere ligekin ontzen da, eta horrek izugarrizko konplexutasuna eta bolumena ematen dio.

Mas Doixen lehen ardo zuria da Murmuri, ardo freskoa, bikaina eta luzea. Oso ekoizpen txikiko ardoa da, bost mila botila inguru ekoizten baitira urtero-urtero.

Ekoizpen txikiko ardoa, beraz, baina kalitate izugarrizkoa, boteretsua, belusatua, konplexua eta luzea, oso luzea.

Ez dauka Clos Mogador upategiak egiten duen Clos Nelinen sona, baina haren erdia balio du eta ezin hobea da Priorateko zuriak ezagutu eta haiez gozatzeko.

Animo eta aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.