Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Sissecken Jerezko altxorra

2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Peter Sisseck Danimarkan jaio zen, baina duela hogeita hamar bat urte Espainiara joan zen, Dueroko Erriberara, hain zuzen ere. 1990ean iritsi zen, Hacienda Monasterio zuzentzeko eta mahastiak landatzeko. Bost urte geroago, historia egin zuela esan daiteke, ardo propio bat eginez, eta ardogintzan mundu mailako zeruetara eramango zuena. Ardoaren izena: Pingus. Pingus familiak umetan jarritako ezizena da, Danimarkako marrazki bizidunetako pertsonaia bat, alegia. Gero Psi proiektua ere abiatu zuen, hori ere Dueroko Erriberan; Kataluniako Clos D'Agon upategian ere egiten du lan, aholkulari moduan. Gogoratzen dut 2013ko elkarrizketa batean irakurri niola, beste gauza batzuen artean, Jerez ahaztuta eta gaizki tratatuta ikusten zuela, eta harentzat Espainiako ardorik onena zela, ardo bikaina eta apartekoa.

Aspaldiko desioa betez, urte amaieran merkaturatu zuen Jerezko proiektu berrian egindako lehen ardoa: Viña Corrales. COVID-a dela eta, atzeratu egin da zertxobait merkaturatze hori. Fino bat da, batez besteko bederatzi urteko ontzea daramana.

Carlos del Rio Gonzalez Hacienda Monasterioko kide eta izen bereko haren semearekin jarri du martxan proiektu berri hori. Upategiari Bodega San Francisco Javier jarri diote, kokatuta dagoen kaleak ere izen hori daramalako.

Juan Piñero Sanlucar de Barramedako enpresariari erosi zioten upategia, eta tartean 74 bota edo soleretako upel zeuden, fino Camborio mitikoz beteak. Upel horiek dira gaur egun Viña Corralesen jatorri, eta beste hiru upel lerro gehitu zaizkie, ardoak ontzen jarrai dezan. Upel berri horiek elikatzeko ardoak Balbaina mahasti mitikoan du jatorria, aditu askorentzat, Jerez eta inguruetako ardorik fin eta bikainenak ematen dituen mahastia, alegia; urtez urte galtzen den ardoa ordezkatzeko erabiltzen da.

Macharnudo lursailetan dagoen Viña Cruz mahastia ere erosi dute, bigarren fino bat egiteko asmoz, eta, seguru asko, pare bat urte barru merkaturatuko dena, mahastiak emango dion izenarekin. Kasu honetan 21 upel edo bota daude, eta bestea ez bezala, zerotik abiatutako ardoa dela esan daiteke.

Mahastia ekologikoan lantzen dute, eta biodinamikaren aginduei jarraituz. Errendimendua 5.000 kilokoa da hektareako, Jerezko sor-markak arautzen duenaren gehiengoaren erdia. Gero mahats horietatik %55-%60ko muztioa baino ez da egingo.

Ardoa ez da iragazten botilaratu aurretik, upeletik zuzenean doa botilara (fino en rama), eta botilan borobilduko da, finduko.

Ez da merkea, 35 euro inguru balio baitu. Oraindik ez dut aukerarik izan dastatzeko, merkaturatu diren botila guztiak esportaziorako erabili direlako, baina bikaina eta zoragarria omen da. Egunen batean esku artean, hobe ahoan, izaten badut kontatuko dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.