Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Too Mahats

2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Glou glou ardoak edo egarria kentzeko ardoak (vin de soif) orain hartzeko eginak dira, ez zahartzen uzteko edo gordetzeko. Hasiera batean, beaujolais (eta antzekoak) izendatzeko erabili zen glou glou izena (onomatopeiaren oihartzuna); beratze karboniko metodoarekin egindakoak, izugarrizko arrakasta izan zutenak. Gero, beherakada nabarmena bizi izan zuten, gehiegizko ekoizpenaren eta eskaintzen zuten kalitate eskasa tarteko. Esan daiteke azken hamarkadan berpizte bat bizi izan dutela, kalitatean hobera egin duten ardoak agertu direlako, eta asko eta asko prezio oso onekin, gainera.

Testuinguru horretan, hona hemen Arabako Errioxako lehen glou glou ardoa: Too Mahats, Viñedos Hontza upategiak Oioneko Labraza kontzejuan eginikoa.

2015ean sortutako proiektua da Viñedos Hontza. Labrazako Iker Garcia eta Belgikako Alice Bridoux dira proiektuaren arima eta gorputza. Haien esanetan: «Hontza proiektua bidearen puntu batean bi arimak topo egitean sortzen da... biok nahi genuen naturarekin harmonian bizi, orekan, eta horrek batu gintuen».

Iberiar penintsulan hainbat esperientzia partekatu ondoren, Labrazan, Oionen, geratzea erabaki zuten eta haien ametsa bertan betetzea.

Too Mahats da upategiaren berritasun nagusia, glou glou ardoa. Botilaren etiketan adierazten den moduan, «mahatsak gainezka egiten du ardo honetan, arina, eta edateko erraza da; ardo naturala, mahats zukuaz soilik egina, besterik ez. Biharko utzi behar ez den gaurko ardoa».

Mahastian zein upategian nekazaritza biodinamikoaren filosofiari jarraituz ekiten diote. Ardo naturalak egiten dituzte: horrek esan nahi du ez dutela ardoztatze prozesuan inongo eraginik. Ez dute, jakina, ardoa iragazteko ez klarifikatzeko ezta egonkortzeko inongo teknikarik erabiltzen.

Mahastiak berreskuratzeko eta hobetzeko egiten dute lan, etorriko diren belaunaldiek ere lan horretan jarraitzeko aukera izan dezaten.

Labarazo lurrak bereziak dira altuera, mikroklima eta Arabako paraje haietan hain ez ohiko landaredia erakusten dutelako. Mahastiak 30, 60 eta 100 urtekoak dira, eta horrek aniztasun eta benekotasun ugaria eskaintzea ahalbidetzen du.

Herri ardoak herriko partzela desberdinetako mahatsak nahasiz egiten dituzte. Partzela ardoak partzela bakarreko mahatsekin eginak dira; eta Ardo esperimentalak ardoztatzeko beste modu batzuk ikertuz egiten dituzte.

Hiru multzo desberdin eta zazpi ardo bakan, baina gaur hemen nabarmentzekoa Too Mahats glu glou ardoa da. Tempranillo, viura eta calagreño mahatsen nahastetik dator ardo gazte eta fresko hori. Janaria ondoan duela edo bakarrik, ardo organiko horrek izugarrizko plazera ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.