Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Olatu kontuak

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Oporren bueltan, denboraldi berriari hasiera emateko, azken urteetako erritmoa mantenduz, Cadiz (Andaluzia, Espainia) inguruan erakutsi didaten ardo bat dakarkizuet hona. Beste berri batzuk ere ezagutu ditut, baina horiei beste batean egingo diegu tartea.

La Ola del Melillero da Victoria Ordoñez upategiak merkatura atera duen lehen ardo zuri lehorra. Batez ere Montes de Malaga parke naturaleko pedro ximenez mahatsa erabiliz egina dago, nahiz eta badiren ia bi mende mahats hori inguru horietatik ia erabat desagertu zela; eta, kopuru txikiago batean, Axarkiako moskatelak ematen dion gozotasun ukitua dauka.

Abiadura handiko itsasontzi batiristen da egunero Melillatik Malagara, eta, Malagako portuan sartzean, bat-bateko olatu bat sortzen du, segundo batzuk baino irauten ez duena eta bainu-hartzaileak —batez ere turistak— ezustean harrapatzen dituena. El Melillero da itsasontzi horri ematen zaion izen herrikoia, eta sortzen duen olatuari la ola del Melillero; hortik hartu dute ardoari izena emateko ideia, ardoa edaten duena ere ezustean harrapatuko duelako agian, ezuste erabat atsegina, alegia.

Pedro ximenez mahatsa ia erabat desagertua zegoen Montes de Malaga parke naturalean, eta berreskuratze lanak izugarrizko ikerketa eta kokatze lanak ekarri ditu; kilometroz kilometroko lana, mahatsondo bakan batzuk baino ez baitziren geratzen. Lan horiek Malaga, Casabermeja eta Colmenar udalerrietan burutu zen.

Malaga hiriburuan dagoen upategi bakarra dela ere azpimarratu nahi nuke.

Lasto-hori kolore distiratsua erakusten digu ardoak, et,a usainari dagokionez, oso delikatua eta dotorea dela azpimarratu nahi nuke, lore zuriak eta legamia ukituak dotorezia nabarmenduz. Ardo freskoa eta orekatua da ahoan; azidotasun bikaina erakusten du, baina freskotasun horrek ez dio ardoaren konplexutasuna, leuntasuna eta belustasunari tokirik kentzen.

Victoria Ordoñezen hitzetan, «ardo iradokitzailea, harrigarria eta berritzailea» da, eta ni erabat ados nago harekin.

Laburbilduz, ardo hori definitzeko zera esango nuke: ardo lehorra da, aroma delikatuak erakusten dituena, eta fruta, azidotasuna eta upelaren ukituaren arteko oreka ezin hobeto adierazten duena.

2015ean abiatu ziren upategiaren lanak, eta, lehen mahats bilketa esperimental hari esker, 10.000 botila merkaturatu zituzten, denak ere La Ola del Melillero markarekin.

Upategia 50.000 botila egiteko dago prestatua, eta helburuen artean dute ekoizpena handitu eta ardoa beste hainbat tokitan ezagutaraztea, bai eta merkatuan pixkanaka-pixkanaka lekua bilatzen joatea ere. Ardoa bikaina da, eta lanaren zati handia egina dute horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.