Kirmen Uribe.
IRITZIA

Jende zoriontsua herri libre batean

2015eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Raymond Carverren Katedrala izeneko narrazio ederrean, krisian dagoen bikote batek emaztearen aspaldiko lagun baten ustekabeko bisita izaten du. Etxera datorrena gizonezko itsu bat da, zeinekin harreman estua izan baitzuen bikoteko andreak senarra ezagutu baino lehen. Lagunaren bisitak senarraren mesfidantza sortzen du: «Ze pena zure laguna itsua izatea, ez du bizitza bete-betean biziko», esaten dio zitalki emazteari. Baina, halako batean, itsua etxean dagoelarik une batez bakarrik uzten ditu gizonezko bi-biak emazteak, beraiek bakar-bakarrik egongelan. Senarra telebista ikusten ari da, Erdi Aroko katedralei buruzko dokumentala, hain zuzen. «Galera handia izango da katedralen edertasunaz gozatu ezin izana», esaten dio senarrak itsuari. Eta katedralei buruz dakien guztia kontatzen dio, bakarrizketan balego bezala. Itsua ez da haserretzen. Aitzitik, eskatzen dio gizonari ea lagunduko dion paper batean katedral bat marrazten, jakiteko nolakoak diren. Harritu egiten da gizona, baina baiezkoa ematen dio. Horrela, itsuaren eskua hartu eta bi eskuek katedral eder bat marrazten dute. Itsuak galdegiten dio orduan ea begiak itxita marraztuko duten elkarrekin. Orduan, begiak itxita katedralak imajinatuz, une magiko bat biziko du senarrak, eta uxatuko zaizkio itsuari buruz arestian izan dituen aurreiritzi eta kezka guztiak.

Erabakitze eskubideari dagokionez ere, joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka dauden beldur eta aurreiritziak gainditzen, eta gero eta jende gehiago guregana hurreratzen. Izan ere, erabakitze eskubidea lotua dago norbanakoaren zorionari, gizarte hobe eta justuago bat elkarrekin erdiesteari. Gizabanakook ere, nor garela sentitzen badugu, parte hartzen dugula, egitasmo komun bat partekatzen dugunean, zoriontsuagoak gara eta, era berean, libreagoak. Gizarteak gero eta parte hartzaileagoak dira mende berri honetan, jendeak iritzia eman nahi du eta lan egin. Neurri horretan, iruditzen zait Gure Esku Dago ekimenak zaila den gauza bat lortu duela, ilusioa sorraraztea herritarren artean, desberdinak biltzea asmo baten atzetik, eta asmo hori ez da besterik demokrazian sakontzea baino. Lan handia dugu aurretik baina, nik uste, bidea eta jarrera behintzat argi ditugula.

Eta Carverren ipuinean bezala, elkarri eskutik helduta eta begiak itxita, amets dezagun izan bagarela jende zoriontsua herri libre batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.