Turismoa. Etxebizitza turistikoak

Ordenantzen «ordena»

Eusko Jaurlaritzak iaz berritu zuen etxebizitza turistikoak erregulatzen dituen Turismoaren Legea. Zenbait hirik etxebizitza horiek bete beharreko ordenantzak dituzte.

Donostia
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Zenbat etxebizitza turistiko daude, gaur egun, Euskal Herrian? Ez da erraza galdera horri erantzutea. Izan ere, erakundeek jasotako azken datuen arabera, gehiago dira legez kanpoko etxebizitzak, legezkoak baino. Eusko Jaurlaritzaren Turismoaren Legeaz gain, zenbait hiriburuk beren araudi propioa ere badute: Donostiak eta Bilbok, adibidez.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailaren arabera, 1.710 etxebizitza turistiko daude erregistratuta gaur egun. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, azken hori da pisu turistiko gehien dituena — 1.103 — eta horietatik 889 daude Donostian. Bizkaiari dagokionez, 544 daude erregistratuta, eta 297 kokatzen dira Bilbon. Arabaren kasuan, etxebizitza turistiko gutxien dituen probintzia da: 63 daude, eta horietatik 37 Gasteizen. Nafarroako Turismoko administrazioan, berriz, 72 etxebizitza turistiko dituzte denera euren datu basean, eta lau aurki daitezke Iruñean, urtean zehar.

Eusko Jaurlaritzak 2016ko abuztuan berritu zuen Turismoaren Legea. Lege horren hasierako helburu nagusia zen Gipuzkoan zeuden legez kanpoko 2.424 apartamentuak erregulatzea. Bertan zehazten dira erabilera turistikoko etxebizitzek bete beharreko baldintzak: «Ezin izango da etxebizitzarik errentatu jarduera hasteko beharrezkoa den aldez aurreko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe Euskadiko turismo-administrazioan». Gainera, adierazten du erabilera turistikoko etxebizitzek lehen okupazioko lizentzia edo bizigarritasun-zedula eduki beharko dutela.

Aipatutako Turismo Legea probintzia guztiek —Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak— bete behar dute, baina, lege horretaz gain, Donostiak eta Bilbok beren araudi propioa dute, eta Jaurlaritzak ezarritako baldintzak baino «mugatuagoak» dira, oro har. Bilboko 1995eko Udal Ordenantzan ere, Donostiakoan bezala, lehen solairuaren araua jasotzen da: soilik lehenengo solairuetan ezar daitezke pisu turistikoak edo beste solairu batean, baldin eta azpiko solairuan etxebizitzarik ez badago. Horretaz gain, Parte Zaharrean etxebizitza turistiko bakarra egon daiteke eraikin bakoitzean, zona horrek dituen berezko ezaugarriak mantentzeko.

Gasteizen, ordea, ez dute etxebizitza turistikoak erregulatzen dituen ordenantzarik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Turismoaren Legean azaltzen diren baldintzak bete behar dituzte. Halere, Gasteizko Udalak BERRIAri azaldu dionaren arabera, pisu turistikoak erregulatuko dituen ordenantza berri bat prestatzen ari dira, baina ez dute adierazi noiz argitaratuko duten.

Nafarroan, gobernuak 2011. urtean argitaratutako Apartamentu Turistikoak Erregulatzeko Dekretuak jasotzen ditu apartamentu turistikoek eta pisu turistikoek bete beharreko baldintzak; kasu horretan, ez dute Iruñeko Udalean gai hori arautzeko ordenantzarik. Dekretuak dio ondorengo ezaugarriak bete behar dituztela etxebizitza turistikoek, gutxienez: 90 metro koadroko azalera, sarbide independentea eta segregazio bertikala izatea. Gainontzeko lurraldeetan etxebizitza turistiko gehienak hiriburuetan kokatzen diren arren, Pirinioetan dago pisu turistiko gehien— 26 pisu turistiko daude denera— Iruñean baino 22 gehiago, alegia.

Legez kanpo, pisu gehiago

Gehiago dira, ordea, ustez lizentziarik ez duten pisu turistikoak lizentziadunak baino. Donostian, esaterako, 2017ko abuztuan 1.800 iragarki zeuden AirBnB Interneteko plataforman: %13k soilik dute lizentzia, hots, 1.000 etxebizitza turistiko baino gehiago dira, gutxienez, lizentziarik gabe jarduten dutenak. Haatik, Donostiako Aste Nagusian 2.317 eskaintza zeudela jakinarazi zuen EH Bilduk pisu turistikoen ordenantza berriaren inguruan egindako prentsaurrekoan. Bilbon ere «antzeko» datuak daude: 459 iragarkitatik 385 etxebizitza dira legez kanpokoak. Dena den, Alvaro Diaz-Munio Destino Bilbao elkarteko zuzendariak azaleratu du asko direla Bilboko hiriburuan legez kanpo dauden pisuak: «Bilbon 600 etxebizitza turistikok baino gehiagok ez dute lehen solairuaren araua betetzen». Gasteizi dagokionez, AirBnB plataforman dauden 107 eskaintzetatik 80 dira legez kanpokoak.

Nafarroako Gobernuak ikuskapen gehiago egin ditu aurten beste urteetan baino: 2016. urtean egindako ikuskatzeetan ohartu ziren aztertutako etxebizitza turistikoen erdiak baino gehiago zirela legez kanpokoak. Gaur egun, Nafarroako Ostalaritza Elkartearen arabera, 200 etxebizitza turistiko inguru daude legez kanpo. Gainera, sanferminetan 300 etxebizitzatik gora eskaintzen direla azaldu dute, AirBnB eta antzeko plataformen bitartez.

Beste hiri batzuetan zenbait neurri hartu dituzte aipatutako plataformen aurka: Kataluniako Generalitatek salaketa jarri zuen iaz, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion. Horregatik, Homeaway plataformak bere web orrian azaltzen ziren legez kanpoko pisu turistikoen iragarkiak kendu behar izan zituen. Bartzelonako Udalak ere 600.000 euroko isuna jarri zien AirBnB eta Homeaway plataformei, euren web orrietan legez kanpoko etxebizitza turistikoak eskaintzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.