Emantzipatu bai, integratu ez

Duela urtebetetik, gazte botereari buruz hausnartzen ari dira Ernaiko eta GITEeko hainbat kide; gazte botereaz, «herri boterea eraikitzeko elementu gisa». UEUn ikastaro bat egingo dute bihar, eta azaldu dute eztabaida interesgarria dela «jendartea eraldatu nahi duen ororentzat».
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2017ko ekainak 27
Etxebizitza bat (jabetzan), familia (nuklear) bat, (soldatapeko) lan bat... eta lauzpabost urtean behin botoa ematea. Oinarrian, horixe da emantzipazio gisa ulertarazten dena. Sistema kapitalista heteropatriarkalaren logikan, ia imajina daitekeen bizitza proiektu bakarra. Luze aritu liteke horrek ezkutatzen duenaz, baina Ernaiko kide Unai Palenzuelak (Gasteiz, 1994) azaldu bezala, hiru zapalkuntza nagusi aipatzen dituzte Euskal Herrian egoera hori irauli nahi dutenek: klase zapalkuntza, generoari lotutakoa eta nazionala. Erabakitzeko eta ekiteko zilegitasuna, boterea, beste norbaiten esku jartzen da, herritar gehienei beren bizitzaren jabe izateko aukerak kenduz. Kontrako bidean doa GITErekin batera gazte botereaz egiten ari diren gogoeta: «Gazte boterea kokatzen dugu herri boterea eraikitzeko elementu gisa. Gure borondatea da subjektu zapalduak artikulatzea, gure bizitzako eremu guztietan ahalduntze eta boteretze hori lortzeko».

Ernaiko eta GITE Gizarte Eraldakaterako Talde Eragileko zenbait kidek osatutako talde batek urtebete inguru darama gazte botereaz gogoetan —eta, ondorioz, heldu botereaz—. Palenzuelaren hitzetan, gazteen eta helduen arteko botere harremanek ere eragiten baitute hiru zapalkuntza nagusietan —klasea, generoa, nazioa—. Asteazkenean ikastaro bat egingo dute UEUn, baina atzeragotik datoz gogoetak. GITEko Ibon Meñikak (Zamudio, 1977) esan duenez, beti jarri nahi izan diote arreta berezia «gako eraldatzaileetan kokatzen diren subjektu, sektore eta esparru ezberdinen arteko elkarlanari». Gazte eta ikasle mugimenduekin sarri aritu izan dira; besteak beste, Eta gazteok zer? proiektuan eta, azkenaldian, Herri Unibertsitateetan.

Inurritegia kongresu-prozesuan gaia landu zuten, baina gazteen egoera «modu sakon eta iraunkorragoan» aztertu nahi zuten Ernaiko kideek, eta horrela iritsi zitzaien proposamena GITEko kideei. Neguko oporretan, topaketa bana egin zuten Gasteizen, Baionan, Iruñean, Bilbon eta Tolosan (Gipuzkoa), eta hausnarketa hori zabaldu eta aberasten jarraitzea da asmoa, asteazkeneko ikastarotik harago. Luzerako xedea baitu proiektuak, Meñikak azaldu duenez: «Hausnarketa bat eragitea jendartean, edo, bederen, eztabaidarako bitarteko bat jartzea jendartea eraldatu nahi duten sektore guztientzat».

Heldu eta gazte botereak

Gazte izatea hainbat modutan ulertu da historian, baina, normalean, gaztaroa «trantsizio aro gisa» ikusi izan dela azaldu du Ernaiko kideak: «Dependentzia egoeratik —gurasoekiko dependentzia ekonomiko, afektibo, politiko horretatik— beste kategoria batera igarotzea: hau da, heldu izatera, eskubide eta betebehar jakinekin». Heldu izatera, era jakin batean, xede jakin batekin: «Sisteman integratzea». Palenzuela: «Guretzat zentzua dauka helduen eta gazteen arteko lehia horrek, heldu boterea ulertuta bestelako zapalkuntzak sostengatzeko bitarteko gisa. Adinari lotutako rol eta kokapen sinbolikoen arabera, ibilbide jakin horiek inposatzeko erabiltzen baita botere hori, hainbat instituzioren bidez: familia, hezkuntza sistema formala...».

Gazte boterea, beraz, «integrazio» horren aurkako bultzada litzateke. Ezaugarri partikular batzuk dakartza, berez, gazte izateak: eremu guztiak zeharkatzen dituzten arriskuak eta aukerak. Ernaiko kidearentzat, gakoa da gaztea ez dagoela oraindik «sistema politiko-ekonomikoan hain integratuta». Palenzuela: «Horrek zaurgarritasun egoera bat sortzen du, baina, aldi berean, potentzialitate bat dauka errealitate hori eraldatzeko. Krisi kapitalistaren ondorioz, prekarizazio orokor bat dago gizartean, aldaketa batzuk gertatu dira integrazio prozesu horretan. Hori ikusita, eta espektatibak txikituta dauden honetan, uste dugu aukera dugula benetan bestelako bizi eredu bat garatzeko, bestelako eredu ekonomiko eta sozial batean. Guretzat, ardatza hori da».

Gazte mugimenduetan ari dira gogoetan, eta, Meñikak nabarmendu duenez, «interes eta arreta berezia» eduki behar luke eztabaida horrek, «dagokion zentraltasuna». Gazte boterearen logika hori, izan ere, herri boterearen ideiarekin dago lotuta, eta GITEkoaren hitzetan, herri mailan, gaiak interesa du «ikuspegi eraldatzaile edo iraultzaile batean kokatzen den ororentzat».

Gazte mugimenduek bezala, bestelako subjektu batzuek ere, «berezko ezaugarriengatik, protagonismo berezi bat» eduki behar luketela uste du Meñikak; esaterako, mugimendu feministak eta antidesarrollistak. Horiei ere tresna bat eman nahi diete, herri boteretzearen inguruko hausnarketak partekatzeko: «Garrantzitsua iruditzen zaigu zubigintza lana». Prozesua modu dinamiko eta iraunkorrean ulertzen dutela azaldu du GITEkoak, «eztabaida ez baita egun zoragarri batetik aurrera modu kategorikoan egiten den zerbait; egunero ezbaian jartzen diren gogoetekin egiten dira eztabaida garrantzitsuak».

Gogoetaren ildo nagusia heldu botereak gazteak «sisteman integratzeko» duen zeregina izan arren, gazte boterearen beste alderdi bat ere nabarmendu du Palenzuelak. «Batzuetan, botere harremanak badaude helduen eta gazteen artean, zapalkuntza oro gainditu nahi duten espazioen barruan ere. Horretan, feminismoak egin du ekarpen interesgarri bat azken urteetan, mugimendu eraldatzaileen barruan gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak aztertuz».

«Zertan dabiltza gazteak?»

«Beti daukagu pertzepzio hori», aipatu du Meñikak: «Zertan dabiltza gazteak?». Askotan, «distantziatik» begiratzen zaiela azaldu du: «Garrantzitsua da entzutea, elkarrizketa sozial hori garatzea. Horrela, agian, irakasgai sozial handi batzuk ateratzeko aukera emango digute». Sarri abiapuntua «gutxiespena» izaten dela salatu du Palenzuelak, eta gogorarazi du proposatzen ari direna ez dela zerbait «bakandua, minoritarioa, ghettizatua». «Guretzat, funtsezkoa da ulertzea parte hartze politikoa boteretze hori gauzatzeko prozesu bat dela, eta boteretzea, berriz, egitasmo alternatibo batzuk garatzeko bitartekoa, gaur egungo sistema politiko-ekonomikoak dituen botere egiturak gainditzeko».

Gazteak zertan dabiltzan, parte hartzen ote duten politikan... Ernaiko kideak dio sarri begirada oker bat egon daitekeela kezka horien atzean: «Gazteen parte hartze politikoari demokrazia liberal ordezkatzailearen ikuspegitik erreparatzen zaio: krisian dagoela parte hartzea, ez dutela bozkatzen, protesta forma bat-batekoagoetara jo dutela...».

Gazteen artean ez ezik gizartean ere parte hartze politikoari buruzko ikuspegiak «lehian» daudela uste du Meñikak: «Euskal Herrian, antolakuntza eta borroka ikuspegitik, parte hartze hori askoz ere garatuagoa, sustraituagoa egon da, eta askoz ere zabalagoa izan da. Ez da bakarrik ulertu botere instituzional batzuetan egon daitekeen zerbaiten gisan».

Gaur egun, «dena berrikuntza amaiezin» batean murgilduta dagoen garaian, GITEko kideak azaldu du garrantzitsua dela «iturrira» jotzea ere, «esperientziei dagokien garrantzia ematea». Meñika: «Euskal Herrian, gazteriak parte hartze politiko hori eduki du, du eta edukiko du». Hausnarketaren abiapuntuan horixe dagoela nabarmendu du Palenzuelak ere: «Euskal Herrian gazte borrokak frogatu du zein emankorra izan daitekeen».

Egoera aldatu arren, gaur dagoena ibilbide horretan ulertu behar dela dio Meñikak: «Praktikan adierazten digute gazteek indar hori. Ez genuke ulertuko, bestela, Errekaleor bat existitzea, ikasle mugimenduak mobilizatzeko daukan gorputza izatea, gazteen web telebista bat lantzea...».

Sortu zenetik, Ernairen lehentasunetako bat izan da proiektu horiek bultzatzea. «Gure filosofian sartzen da hori egitea, baina ez hainbeste Ernairen barruan, baizik eta indar horiek askatzea gazte mugimendu osoan, gazte mugimenduekin egitea». Abenduan Gazteraiki gazte mugimenduen autogestio topaketetan egindakoa izan liteke adibide bat. Feminismoa, euskara, komunikazioa, autodefentsa eta beste hainbat arlo hartuta, «gazteen arazoak bete-betean iraultzeko» proiektuak jarri dituzte martxan: emantzipazio bulegoak, etxebizitza sareak, langileen babes sareak, eskola kolektiboak, gazte udaleku feministak, web telebista bat... Azkenaldian, askotan esaten da ez dela ikusten dagoenaren alternatibarik. Topaketetan ateratako leloak erakusten du gazteen jarrera: Gu geu gara alternatiba.

Prozesu independentista da

Euskal Herrian prozesu independentista bat bultzatzeko eztabaidan ere badute zer esana gazte mugimenduek. Ernaiko kideek horrekin lotuta ikusten dituzte gazte boterearen inguruko gogoetak eta aipatutako proiektuak. «Askotan, prozesu politikoak elementu oso telebisibo moduan ikusten ditugu, baina uste dugu prozesu politiko baten indarra eremu lokalean ezaugarritzen dela, sare eta harreman eredu horietan. Egitasmo horiek Euskal Herria markatzen dute esparru politiko eta sozial gisa, eta horrek prozesu eratzaile batera garamatza: gure herria eratuz goaz komunitarioki, eremu ezberdinetatik. Prozesu independentistari sekulako ekarpena egitea da hori; egun zoragarri bati itxaron ordez, gaurtik ekiten diogulako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna