Koronabirusa

Tuterako San Juan de Dios erietxea itxi dute, agerraldi batengatik

Otsailaren 1era arte egongo da itxita, 27 lagunek positibo eman dutelako. Aizarnako eta Laukizko eskoletan zenbait gela itxi dituzte

Jendea PCRak egiteko zain, Tuterako San Juan de Dios erietxean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren beste agerraldi batek Tuterako (Nafarroa) San Juan de Dios ospitalea ixtera behartu du zentroko zuzendaritza. Jakinarazi du 27 lagunek eman dutela positibo: 11 gaixok eta 16 langilek. Langileen erdiak baino gehiago kutsatu dira, guztira 26 lagunek egiten baitute lan zentroan. Otsailaren 1era arte edukiko ditu ateak itxita ospitaleak, kutsatze katea mozteko asmoz. Berriz ireki bitartean, beste osasun zentro batzuetara lekualdatu dituzte gaixoak: Iruñeko San Juan de Dios ospitalera eta Tuterako Sofia Erregina erietxera.

Baina Tuterakoa ez da izan agerraldi berri bakarra. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi du Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) eta Laukizko (Bizkaia) eskoletako zenbait gelatan aurrez aurreko jarduera etetea erabaki duela. Lehenengoaren kasuan, bi ikasgela itxi dituzte, baina ez dute zehaztu noiz bueltatuko diren aurrez aurreko eskoletara. Laukizen, berriz, bost izan dira itxi dituztenak. Dena den, gela horiek «antolaketa kontuengatik» itxi dituztela esan du Hezkuntza Sailak, eta astelehenean hasiko dira berriz aurrez aurreko eskolak Laukizko eskolan.

Bi ikastetxe horietan ez ezik, beste hainbatetan ere ari da eragiten koronabirusa. Gaur-gaurkoz, 88 ikastetxetako 140 gela daude itxita; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasgelen %0,8.

Irura,eremu gorritik kanpo

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du, ostegunean horrela ebatzi bazuen ere, Irura (Gipuzkoa) ez dagoela eremu gorrian. Herenegungo bilakaera epidemiologikoaren txostenean «akats» bat izan zela azaldu du Osasun Sailak: Iruraeremu gorrian kokatu zuen, azken 14 egunetan COVID-19ak eragindako kasu positiboen intzidentzia tasa metatua 507, 39 kasukoa zela argudiatuz. Datua txikiagoa da, ordea, eta akatsa zuzendu du Osasun Sailak, intzidentzia tasa 463,54koa dela azalduz eta, beraz, eremu gorritik irteten dela gehituz.

Hori horrela, herriaren itxiera perimetrala bertan behera geldituko da astelehenera arte. Orduan jarriko baita martxan Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri ororentzat agindutako itxiera perimetrala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.