Lau preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste bat hurbilduko dute

Foro Sozialaren ustez, iragarpenek erakusten dute «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari bete-betean» ekin zaiola

Presoen aldeko mobilizazio bat, uztailaren 3an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dute beste lau preso Euskal Herriratuko dituztela, eta beste bat Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera lekualdatuko dutela.

Miren Itxaso Zaldua Iriberri Asturiasetik (Espainia) Martuteneko espetxera (Donostia) ekarriko dute; Jesus Maria Altable Etxarte, Soriatik (Espainia) Iruñeko kartzelara; Egoitz Coto Etxeandia, Duesotik (Espainia) Basaurira (Bizkaia), eta Aitor Olaizola Baseta, Logroñotik (Espainia) Zaballara (Araba). Altablek eta Cotok beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta Olaizolak bi urte barru beteko ditu.

Horrez gain, Espetxe Erakundeek erabaki dute Iurgi Garitagoitia Salegi Madrildik Logroñoko espetxera lekualdatzea.

Foro Sozial Iraunkorraren ustez, iragarpen horiek eta joan den uztailaren 1ean egindakoek erakusten dute «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari» ekin zaiola, bete-betean.

Zenbait eragilek eta bereziki Espainiako Auzitegi Nazionalak «zailtasunak» jarri arren, Foro Sozialak uste du «adostasun transbertsal instituzional, politiko, sindikal eta sozial nahikoak» daudela bigarren fase horri arrakastaz heltzeko eta konponbide integral eta behin betiko bat erdiesteko. Gainera, uste dute bigarren faserako ezarritako zazpi xedeak lorgarriak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.