Koronabirusa

Neurriak arintzeko asmoa du Txibitek, «helmuga gertu dagoela» iritzita

Nafarroako Osasun Departamentuak berretsi du datu epidemiologikoak «oso positiboak» direla, baina ZIUen egoeraz ere ohartarazi du

Maria Txibite lehendakaria, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ez da bukatu, baina datuak itxaropentsuak dira. Mezu hori eman nahi izan zuten atzo Nafarroako Gobernuko arduradunek. Asteazkenean, Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Nafarroako Institutuak esan zuen bukatu zela «iazko udan hasitako aldi epidemikoa», eta adierazi zuen «beste garai batean» sartu dela herrialdea, birusaren transmisioa kontrolatuago dagoelako. Baieztapen horrek sortutako ikusminaz jabetuta, Nafarroako Gobernuko lehendakariak ez zuen «epidemiaren bukaeraz» hitz egin nahi izan, baina nabarmendu zuen «helmuga oso gertu» dagoela: «Esan dezakegu pandemia amaitu dela? Tira, esan dezakeguna da birusaren transmisio maila oso apala dela, apaltzen segitu behar dugula, eta, beheranzko joera hori egonkortzen bada, are gehiago arinduko ditugula neurri murriztaileak».

Nafarroako Osasun Departamentuko iturriek ere «itxaropentsu, baina zuhur» hitz egin zuten atzo BERRIArekin. Azaldu zuten egoera epidemiologikoa «oso positiboa» dela, baina, horrez gain, beste bi aldagai ere aztertzen dituztela izurriaren bilakaerari neurria hartzeko: txertatze maila eta ospitaleen okupazioa. «Osasun Publikoko Institutuaren txosten epidemiologikoa testuinguru zabalago horren barruan ulertu behar dugu. Egia da, egoera epidemiologikoari dagokionez, datuak positiboak direla: epidemiatzat jotzen denaren langaren azpitik gaude, baina beheranzko joera hori egonkortu beharra dago». Kutsatzeek beheranzkoari eusten badiote eta «ezusterik ezean», Osasun Departamentuko arduradunek uste dute izurria «kontrolatzeko bidean» egonen dela aurki.

Ospitaleratze kopuruari dagokionez, berriz, joera «positiboa» dela esan zuten departamentuko ordezkariek, «baina ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan egoera ez da hain ona, oraingoz, oheen erdiak okupatuta daudelako». Txertatzearen eraginkortasuna «agerikoa» dela gaineratu zuten, «dagoeneko dosia jaso baitute herritarren %87 inguruk». Hortaz, datuak onak direla nabarmendu dute departamentuko ordezkariek, baina datorren astean eginen dute «balorazio osoago bat, perspektiba apur batekin». «Orduan iragarriko dira Nafarroako Gobernuak hartuko dituen erabakiak». Hain zuzen, egoera epidemiologikoaren bilakaera positibo horren aurrean, neurri murriztaileen arintze are handiagoa iragarri zuen Txibitek atzo, «urriaren 1etik aurrera».

Patenteak kentzearen alde

Txertoaren eragina nabari da birusaren bilakaeran. Txertoa jende gehiagorengana iriste aldera, erabaki bat hartu zuen atzo Espainiako Kongresuak: Espainiako Gobernuari eskatu zioten COVID-19aren txertoaren patenteak aldi baterako kentzearen alde ager dadila. EH Bilduk aurkeztu zuen legez besteko proposamena, eta, PSOEren erdibideko zuzenketa batekin, PPren eta VOXen ez beste alderdi politiko guztien babesa jaso zuen. Covax programa indartzeko ere eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.