Haurdunaldi subrogatuak kudeatzen dituzten agentziak ikergai

Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatuko du, Espainiako Gobernuak eskatuta. Delgadok esan du ez diela eragingo gurasoei eta haurrei.

Erredakzioa
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak kasu egingo dio Dolores Delgado jarduneko Justizia ministroari, eta Espainian haurdunaldi subrogatuak kudeatzen dituzten agentziak ikertuko ditu. Delgadok gogora ekarri du Espainiako legediak debekatuta dauzkala haurdunaldi subrogatuak —Frantziako legediak ere galarazia du jardun hori—, eta salatu du agentzia batzuek dirua irabazten dutela «legez kanpoko jarduera horiek beste herrialde batzuetan eginez». Halere, ministroak esan du ikerketak ez duela eraginik izango umeak horrela izan dituzten gurasoentzat, ezta haur horientzat ere.

Espainiako Justizia Ministerioak astelehenean eskatu zion Fiskaltza Nagusiari ikertzen hasteko, agentzia batzuen jardunean «delitu zantzuak» antzeman dituelakoan. Espainiako debekuaz gain, gobernuak argudiotzat hartu du haurdunaldi subrogatuak egiten diren herrialdeetako jarduna ere: besteak beste, prozesuan emakumeen eskubideak urra ditzaketela, edo seme-alaba genetikotzat iragan ditzaketela halako loturarik ez duten haurrak. «Oso-oso gai larria da», berretsi du Delgadok. Adingabeen trafikoan aritzea, talde kriminal baten parte izatea, dirua zuritzea edo dokumentuak faltsutzea aipatu ditu delitu posibleen artean.

Agentzia horiek bitartekaritzan aritzen dira: haurdun geratuko den emakumearen eta umea jasoko duten gurasoen arteko kontratua kudeatzen dute. Jardun hori debekatuta duten estatuetako herritarrek batez ere Ukrainiara, Amerikako Estatu Batuetara eta Indiara jotzen dute. Delgadok argitu du ez duela eskatu agentzia guztiak ikertzeko, baizik eta «batzuk», baina ez du zehaztu zeintzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.