ELAk iragarri du egoitzen hitzarmena inpugnatuko duela

ELAk adierazi du hitzarmena «diskriminatzailea eta antisindikala» dela. Sindikatuak dio helburua dela langileek «amore ematea» eta egindako greba «desaktibatzea»

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen mobiliazio bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
ELA sindikatuaren erranetan, Gipuzkoako zahar etxeen hitzarmenean agertzen diren materialek egoitzetako langile guztiei eragin behar diete. Baina dokumentua estatutuz kanpokoa den heinean, sinatu duten sindikatu edo elkarteetara afiliatuta daudenei soilik eragiten die. Beraz, hitzarmenaren eraginkortasunetik kanpo geldituko da egoitzetako langileen hein handi bat. Izan ere, UGTk, hitzarmena sinatu duen sindikatu bakarrak, %8ko ordezkaritza bertzerik ez du. Horregatik, ELAk hitzarmena inpugnatzea erabaki du.

Dokumentuaren hirugarren artikuluak, atxikitze araubideak, bi hilabeteko epea ematen die pertsona horiei hitzarmenera «indibidualki atxikitzeko». Hilaren 29an bukatuko da epea. ELA sindikatuak artikulu hori «diskriminatzailea eta antisindikala» dela erran zuen, «UGTren interesen alde egitea eta atxikipen epeekin langileei xantaia egitea bilatzen baitu», gehitu zuen Haimar Kortabarria ELAko abokatuak atzo Donostian egindako prentsaurrekoan.

Egoera ikusita, ELAk EAEko Auzitegi Nagusiari kautelazko neurria eskatu dio, atxikitze formula bertan behera uzteko. «Eskaera da atxikitzeko edozein epe geldiaraztea, demandaren ebazpen judiziala eman arte», nabarmendu zuen Kortabarriak. Horrekin batera, inpugnazioa onartuz gero, ELAk dokumentua sinatu dutenak auzitara eramanen ditu. Sindikatuak adierazi zuen egoera juridikoa aztertzean mobilizazioei ekinen diela.

Langileen egoera

Gipuzkoako egoitzetako langileek 260 eguneko greba egin zuten joan den urtean, lan baldintza hobeak lortzeko helburuarekin. Oraindik ere euren aldarrikapenen artean dago ratioak hobetzea, langile gutxiegi baitago zahar etxeetan. Gabezia horrek bi ondorio nagusi ditu: batetik, lanean dauden horiek ordu gehiegiz lan egin behar izaten dute, ordezkapenak betetzeko txanda bikoitzak eginez edo oporraldiak galduz; bertzetik, langile batek zaindu behar lituzkeenak baino pertsona gehiago zaintzen dituenez, adinekoek jasotzen duten artaren kalitatea ez da hoberena.

Egoitzetako langileen ibilbidea ikusita, ELAk adierazi zuen greba hori «desaktibatzea» eta langileek «amore ematea» dela hitzarmenaren xedea. Sindikatuak joan den uztailean azpimarratu zuen hitzarmen horrekin sektorearen egoerak okerrera eginen duela. Eta horren erakusle direla, adibidez, atsedenaldietan eta antzinatasunetan egonen diren aldaketak: 30 minutuko atsedenaldia eta 42 euroko antzinatasuna duten langileek bost minutuko atsedenaldia eta 26 euroko antzinatasuna izanen baitute.

Hitzarmenak, beraz, lanaldiei, egutegiei eta funtzioei buruzko gaiak ere arautuko ditu. ELAren erranetan, gai horiek jorratzen dituzten hitzarmeneko zenbait artikulu ere «legez kanpokoak» dira, eta «ezin dira inola ere eraginkortasun mugatuko hitzarmen batean arautu».

Errepikapena

Sindikatuak erran zuen 2011n UGTk eta CCOOk eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatu zutela. ELA ez zegoen ados, eta gaia auzitegietara eraman zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zioten, eta hitzarmena «ilegaltzat» jo zuten. ELAk nabarmendu zuen bi hitzarmenek atxikimendu testu «oso antzekoak» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.