Novoazovsk kontrolpean, beste fronte bat ireki dute matxinoek Ukrainan

Kievek salatu du Errusiako armadak hartu duela Azov itsasoko kostaldeko herria.

Beste fronteetatik tropak erretiratu ditu Ukrainak, Mariupoleko defentsak indartzeko

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 29
Novoazovsk matxinoen eskutan dago. Ukrainako Gobernuaren arabera, Errusiako armadaren menpe. Edonola ere, Kievek Donetsk eskualdeko herriaren kontrola galdu du, eta beste borroka fronte batetaz arduratu behar du. Petro Poroxenko presidenteak salatu du Errusiako bi ilara auto blindatu sartu direla herrian, «arma astunekin». Lehenago, Errusiatik jaurti dituzte misilak, armadaren arabera. Herria babesten zuten tropak Mariupol herrira erretiratu dira, haien «bizitzak salbatzeko». NSDC Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsarako Batzordeak esan du Veselo-Voznesensk eta Maksimov Errusiako herrietatik sartu direla militarrak. Moskuk ukatu egin du Ukrainako muga «ezein puntutan» gurutzatu izana.

Asteartean elkarri eskua eman zioten bi herrialdeetako presidenteek Minskeko bileran, baina Ukraina eta Errusiaren arteko harremana are gehiago gaiztotu da egun gutxitan. Fronte berri bat ireki dute matxinoek Novoazovsk hartuta. Azov itsasoaren kostaldean dago herria. 12.700 biztanle ditu, eta Errusiako mugatik oso gertu dago. Mariupol kostaldeko hiriari erasotzeko kokagune estrategikoa da. Soilik 45 kilometrotara dago. Eskualdeko bigarren hiria da Mariupol, matxinoen hurrengo helburua. Lehenago Xirokino herria hartu beharko dute. Azken asteetan aurrera egin du Ukrainako armadak, eta matxinoak Donetsk eta Luhansk eskualdeetako hiriburuetan bakartzea lortu du. Mariupol defendatzeko, baina, beste fronteetatik soldaduak erretiratu behar ditu.

Turkiara joatekoa zen atzo Poroxenko, baina bertan behera utzi du bisita ofiziala. «Presidenteak Kieven behar du gaur. Errusiako tropak Ukrainan sartu dira, eta egoerak okerrera egin du Donetsk eskualdean».

Ukrainak salatu du Starobexeve eta Novoazovsk arteko eremua hartu dutela Errusiako armadak eta matxinoek, mugatik gertu. 100 kilometro luzerako eta 50 zabalerako esparrua litzateke, eta bertako herriak ere haien kontrolpean leudeke, Amvrosiivka eta Starobexebe tartean.

Armadako goi agintriek diote Errusiako soldaduak fronte guztietan daudela: «Luhasnk, Krasnodon eta Antratsit [Luhansk eskualdean] hirietan matxinoen tropak ordezkatu dituzte Errusiako militarrek». Kievek uste du Ilovaisk eta Xakhtiorsk zonaldean erasoaldia hasiko dutela matxinoek. Hiri horietan borroka gogorrak izan dira azken egunetan. Halaber, gaitzetsi egin dute Krasnodoneko ospitalera Errusiako medikuak eta materiala iritsi izana. «Terroristek kontrolatutako eremuetan medikuak egoteak frogatzen du militar profesionalen presentzia».

Ukrinform albiste agentziari eginiko adierazpenetan, Poroxenkok onartu du Donetsk eskualdeko egoera «oso zaila» dela. Halere, esan du «kontrolatzeko» gai direla. «Izuak hartuta ez egoteko adina kontrolagarria da».

Bestetik, armadak Donetsk hiriburuko bonbardaketei eutsi die, eta, matxinoek jakinarazi dutenez, hamabost zibil hil dituzte. Armadak onartu du Donetsk hiritik ekialdera errusiazaleek Savur-Mogila gailur estrategikoa berreskuratu dutela. 280 metroko garaiera du, eta Donetsk eta Luhansk hiriburuak lotzen dituen errepidearen zati handi bat kontrolatzeko aukera ematen du.

Segurtasun Kontseiua

NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera egin dute, Ukrainak hala eskatuta. «Inbasio zuzena» salatu du Kievek kontseiluan, eta exijitu du tropak herrialdetik ateratzeko. Nazioarteari laguntza eskatu diote «Errusiaren erasoari» aurre egiteko.

EB Europako Batasunera ere jo du Kievek babes bila, eta eskatu du biharko gailurrean Ukrainako gatazkari buruzko ezohiko saioa egitea. «Errusiak mozorrorik gabeko inbasio militarra hasi du Ukrainan. Krimean ikusi genituen markarik gabeko gizon berdeak dira», esan du Ukrainak EBn duen enbaxadore Konstantin Yeliseevek.

AEBek Kieven duten enbaxadoreak bere egin du Kieven salaketa. «Tankeak, auto blindatuak, artilleria eta misil jaurtigailuak eman dizkie Errusiak matxinoei, baina ez da nahikoa izan Ukrainako militarrei gailentzeko. Beraz, gero eta Errusiako soldadu gehiago ari dira esku hartzen gatazkan», azaldu du Geoffrey Pyattek. AEBetako inteligentzia zerbitzuek ere baieztatu dute Errusiako tropen presentzia Ukrainan.

NATOren arabera, Errusiako 1.000 soldadu baino gehiago daude Ukrainan, «matxinoen alde borrokan». Aliantza Atlantikoaren hitzetan, Errusiak matxinoei emandako armen «kopuruak eta kalitateak» gora egin du. Satelite bidezko irudiak erakutsi ditu erakundeak froga moduan. «Erakusten dute Errusiako borrokarako indarrak Ukrainan operazio militarretan parte hartzen». Niko Tak Herbehereetako jeneralaren arabera, argazki horiek abuztuaren amaieran atera zituzten. «Izozmendiaren punta besterik ez dira». Gaur bilduko dira NATOko enbaxadoreak, Ukrainako egoera aztertzeko, besteak beste.

Salaketa guztiak ukatu ditu Errusiako Defentsa Ministerioak. «Informazioak ez du zer ikusirik errealitatearekin», azaldu du militarren bozeramaile Igor Konaxenkov jeneralak. Militarrak onartu du Errusiako soldaduek praktikak egiten dituztela baseetatik urrun, «armada guztiek bezala».

Errusiak EBn duen enbaxadore Vladimir Txizhov ez da fio NATOren frogez. Enbaxadoreak dio Ukrainan dauden soldadu bakarrak astelehenean armadak gatibu hartutako hamar soldaduak direla. Moskuren arabera, ustekabean gabe gurutzatu zuten muga.

Bide beretik jo du Donetsk eskualdeko matxinoen buruzagi Alexandr Zakhartxenkok, eta gezurtatu egin du Errusiako armadaren laguntza jaso izana. Reuters albiste agentziak argitaratutako elkarrizketan esan du 3.000 errusiar boluntario batu zaizkiela. Euren borondatez borroka egitera joan diren soldaduak dira. «Militar askok nahiago dute askatasunarengatik borrokan dauden anaiei lagundu hondartzara oporretara joatea baino». Zakhartxenkoren iritziz, Kievek eta Mendebaldeak «inbasio» hitza aipatzen dute «Ukrainako armadaren porrotak justifikatzeko». Bestetik, Evgeni Serebrenninkov Errusiako Senatuko Defentsa eta Segurtasun Batzordeko presidenteordeak uste du Ukrainak nazioarteko iritzi publikoa engainatu nahi duela.

Mendebaldearen kritikak

Mendebaldeko mandatariek hitz gogorrak izan dituzte Moskuren aurka, eta eskatu diote Ukrainaren aurkako erasoak eteteko. «Moskuri dei egiten diogu mugako liskarrekin amaitzeko, eta armak, ekipamendua eta militarrak bidaltzeari uzteko», azaldu du EBko Atzerri ministerioko ordezkari Maja Kocijancicek. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak zigor gehiago ezartzearen aukera zabaldu du, «azken gertakarien harira». David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Moskuri ohartarazi dio «ondorioak» izan ditzaketela bere ekintzek. «Ez da nahikoa negoziatzea Errusiako tankeek muga gurutzatzen duten bitartean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna