Itsasoratzeko baimena ukatu diote 'Aita Mari' itsasontziari

Mediterraneoan salbamendu lanak egiteko ondutako ontziak jarduna hasi ezinik jarraitzen du. Erabakiaren aurkako helegitea jarriko dute
Itsasontzia kaian, Pasaian.
Itsasontzia kaian, Pasaian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 19
Portuan jarraitu behar du Aita Mari itsasontziak, Pasaian (Gipuzkoa), bertako Itsas Kapitaintzak ukatu egin baitio itsasoratzeko baimena. Erakunde hori Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren ardurapean dago, eta, beraz, Madrildik dator erabakia. Ontziko arduradunek adierazi dute, ordea, ez dutela asmorik amore emateko: Mediterraneoa zeharkatzean bizia arriskuan jartzen duten migratzaileei arta emateko propio prestatutako ontzia da, behar gorri bati erantzuteko atondutakoa, eta erabakiaren aurkako helegitea jartzea aztertzen ari direla jakinarazi zuten atzo. Gaur, prentsaren aurreko agerraldi bat egingo dute, xehetasun gehiago emateko.

Azaldu dutenez, Open Arms itsasontziaren antzeko atakan daude orain; ontzi hori Bartzelonako portuan dago, baina hari ere ukatu egin dio itsasorako baimena hango kapitaintzak. Alde nabarmen bat bada bi ontzien artean: Open Arms jada ibilia da salbamendu lanetan; Aita Mari ontziak ez du oraindik jarduna hasterik ere izan. 32 metro luze da, eta, garai batean, arrantzontzia zen. Goitik behera moldatu dute salbamendu lanetarako; 150-200 pertsona inguru har ditzake. Kritikak eragin ditu itsasontzia portuan gerarazi duen erabakiak: besteak beste, EAJ alderdiarena. Jaurlaritzak egitasmoan parte hartu du, beste hainbaten artean.

Arazoak ez du etenik

Bitartean, Mediterraneoa zeharkatu nahian dabiltza pertsona asko, egoera larrian. Horra azken datuak: Alborango itsasoan 53 lagun desagertu dira; Sirten, Libian, 25 hilotz agertu dira; eta Greziara heldu nahian pertsona bat hil da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna