Osasun ziurtagiria erabiltzeko epea luzatzen ahalko du Frantziako Gobernuak. Agorrilean jarri zuten martxan neurria, eta azaroaren 15era arte irautekoa zen. Frantziako Gobernuak, ordea, epea luzatzeko baliabide juridikoak nahi zituen, eta zaintza sanitariorako legea proposatu zuen Frantziako Asanblean. Lege horrek ziurtagiriaren erabilera 2022ko uztailaren 31 arte luzatzeko eskubidea ematen dio Frantziako Gobernuari. Senatuak ez zuen onetsi neurria, eta tarte hori otsailera arte bakarrik luzatzea proposatu zuen, baina Frantziako Asanbleak izan du azken hitza: atzo, gobernuari ahala eman zion osasun ziurtagiria datorren udara arte derrigor bilakatzeko. Halere, horrek ez du erran nahi epe horretan guztian beharrezkoa izanen denik. 118 diputatuk legearen alde egin zuten, eta 89k, kontra.
Iragan agorriletik, hainbat lekutan sartzeko derrigorrezkoa da osasun ziurtagiria aurkeztea. PCR edo antigeno proba negatibo bat, COVID-19aren kutsatze froga bat edo txertoaren pauta osoaren ziurtagiria behar dute herritarrek leku horietara sartzeko. Ostatuetan, merkataritza guneetan eta kultur eta kirol guneetan behar da, besteak beste.
Jarraibide berriak azoketan
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu egin ditu aire zabalean egiten diren azoka eta merkatu tradizionalak antolatzeko osasun jarraibideak.
Batetik, postuetara bideratutako azalera handituko dute; horretarako, udalek gune berriak atondu beharko dituzte. Azoketako postuek bananduta egon beharko dute, jende pilaketak murrizteko; hortaz, postuen kopurua %25 eta %30 artean murriztu beharko da. Igarobide korridoreak ere ezarri beharko dira, eta elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren tokiak edo txosnak korridore horietatik kanpo jarri beharko dira. Edariak ezin izango dira «edukiera handiko ontzietan» saldu edo zerbitzatu, adibidez, katxietan; neurri horrekin, edalontziak partekatzea eragotzi nahi du Osasun Sailak. Halaber, azokaren eremuan, horretarako baimendutako postuetan eta txosnen eremuan baino ezin izango da kontsumitu, eta derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea.
Koronabirusa
Osasun ziurtagiria uztailaren 31ra arte eskatu ahalko dute Ipar Euskal Herrian
Ziurtagiria derrigor bihurtzeko ahala eman dio Frantziako Asanbleak gobernuari. Jaurlaritzak azokak antolatzeko jarraibideak berritu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu