Arbonako lurren auzian «bitartekari» izatea proposatu du Etxegaraik

Aitortu du Euskal Elkargoak ez duela gaitasunik halako salmenta bat oztopatzeko. Gaur Arbonara joatera deitu dute ELBk eta Lurzaindiak

Laborariak Arbonan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Arbona
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Laborantza lur baten «salmenta espekulatiboa» salatzeko Arbonako (Lapurdi) lur bat okupatzen ari dira ELB sindikatua eta Lurzaindia asteazkenetik. SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturak erosteko lehentasun partziala lortzeko urratsak egin ditu, laborantza lurren parte bat berreskuratzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak onartu du instituzioak ez duela salmenta blokeatzeko gaitasun juridikorik, baina bere burua proposatu du eroslearekin bitartekaritza lanak egiteko.

Kasu «adierazgarria» da Arbonakoa, ELB eta Lurzaindiaren iritziz. «Hamabi hektareko lurra da, aukera agronomiko handiak ditu, Baionako ateetan», esplikatu du Maryse Cachenault ELBko kideak, ohartarazita 3,2 milioi euroan ezinezkoa dela laborari batek erostea.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak egindako ikerketa ere oroitarazi du: «Gure lurraldearen elikadura autonomia gaitasuna ikertu zuten; gaur egun ez dugu aski lurrik». SAFERek lehentasunez erostea da salmenta oztopatzeko manera bakarra, eta horregatik galdetu diote Etxegarairi bitartekari gisa aritzea. «Lehenbailehen» eginen duela erran du.

Baina Etxegarairen eta Euskal Elkargoaren jarrera kritikatu zuenik ere izan zen. Ttotte Elizondo laborariak lehendakariari leporatu dio elkargoak baieztatutako hirigintza planetan laborantzako lur andana desagertzea onartu izana.

Okupazioarekin segituko dute oraingoz Lurzaindiak eta ELBk. Gaur, Arbonara joateko deia egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.