Argindarraren prezioak iazko ilbeltzeko errekorra hautsi dezake irailean

Irache elkarteak salatu du konpainiek ez dutela aurten «eguraldiaren aitzakia», eta kontsumitzaileei kalte egiteko «sistema ilun bat» dagoela

Argindarraren salneurriak gora egin du berriro. BERRIA.
xabier martin
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Argindarraren prezioa erasoan da berriro. Azken asteetan garestitze azkarra izan du, eta abuztuan %12,4 igo da batez besteko faktura familientzat. Okerrena, hala ere, irailean da iristekoa, Irache kontsumitzaileen elkarteak salatu duenez. Nafarroako elkarteak ohartarazi du oso litekeena dela kontsumitzaileak salneurri garestiena ordaintzea 2017ko urtarriletik. Handizkako merkatuak 74,58 euro MWatt orduko finkatu berri du 2018. urtean, eta tarifa arautuko bezeroek laster sumatuko dute egoera hori. Azken finean, iazko epe berean baino %20 gehiago pagatzen ari dira kontsumitzaileek argindarra. «Familia batek 730 euro inguru pagatuko ditu batez beste argindarraren truke aurten», esan du Irachek.

Argindarraren salneurriaren auzia déjà vu desatsegin bat bihurtzen ari da. Iaz ere ekaitz handia eragin zuen kontsumitzaileen artean, eta konpainiek eguraldiari bota zioten errua, euri eta haize faltari hain zuzen. Horrek energia hidraulikoan eta eolikoan eragiten du, mix-ean energia merkeagoak baitira beste batzuk baino. «Aurten ez dago lehortearen aitzakia. Urtarriletik abuztura %51koa izan da ekoizpen hidraulikoa, iazkoa baino askoz gehiago».

Eta zer gertatzen ari da orduan? Kontsumitzaileen elkarteak argi dauka: «Enkanteak espekulazioa errazten du; sistema ilun bat dago kontsumitzaileei kalte egiteko». Irachek gogoratu du argindar garestienen artean Espainiak Europako seigarrena duela, Alemania, Danimarka, Belgika, Irlanda eta Portugalen atzetik. «Administrazioen azalpen kontrajarriak nahasmena eragiten dute kontsumitzaileen artean, ez delako ulertzen zergatik igotzen den etengabe prezioa erabilera aldatzen ez denean».

«CO2ak dauka errua»

Iaz lehortea izan zen konpainien aitzakia, eta aurten CO2 da. «Abusurik ez dago inolaz ere», esan zuen Jose Bogas Endesako kontseilari ordezkariak, atzo. «Gertatzen ari dena CO2aren prezioaren eragina da». Iazko isurketen eskubideen salneurria eta lehengaiena merkeagoa izan zela azaldu zuen. «Gustura asko egongo lirateke konpainiak CO2 merkeago batekin».

Alabaina, argindarraren sektorearen helburua ezbaian jarri du Irachek. «Helburu horrek izan beharko luke herritarrei oinarrizko zerbitzu bat ahalik eta prezio txikienean eskaintzea, baina sektoreko konpainiei mesede egiteko eraiki dute sarea». Irachek ezinbestekotzat jo du salneurri «egoki» batzuen truke argindarra jasotzea eta, horretarako, berehalako erreforma eskatu du, «oinarrizkoa». Sistema horrek «gardenagoa» izatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.