Zubiaurrek ukatu egin du langile gazteei gutxi ordaintzen dietela

Confebaskeko presidentearen arabera, soldatak ez dira arazo «talentua erakartzeko». Enpresen %70ek dituzte postuak betetzeko zailtasunak

Eduardo Zubiaurre, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE/FOKU.
Iker Aranburu - Irune Lasa
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk eztabaida sortu zen Orkestra Lehiakortasunerako Institutuaren txosten batek kritika egin zielako enpresa batzuei, kualifikazio handiko langileei ez zizkietelakoan behar besteko soldatak eskaintzen, eta horregatik egiten zutelakoan alde. «Baldintza onak eskainiz gero, zergatik joan nahiko dute beste nonbaitera? Beldur hori galdu beharra daukate enpresek», azaldu zuen Mikel Navarro Orkestrako ikerlariak.

Adierazpen horiek harriduraz hartu zituen Confebaskek, eta behin baino gehiagotan izan dute erantzuna, patronaleko buruek egindako agerraldietan. Atzo segida izan zuen gaiak, Confebaskek antolatutako Talentuaren erronka Euskadin ekitaldiaren hasieran. Parte hartzaileei harrera egiteko hitzaldian, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak ziurtatu zuen lanpostu batzuk betetzeko arazoak «gero eta nabariagoak» direla. «2016an, arazo bat zen Euskadiko enpresen erdientzat (%45), eta bi urte geroago, 2018an, jada %70ek zuten arazo hori erantsita. Ez dute denek, ez dute sektore guztietan, ezta indar berarekin ere... baina, eurek jakinarazi digutenez, hiru euskal enpresatik bik zailtasun handiak dituzte nahi dituzten langileak kontratatzeko», esan zuen.

Bi arrazoi ikusten ditu horretarako: demografia, eta langileek duten formakuntza eta esperientzia ez datozela beti bat enpresek behar dutenarekin. Enpresek eskaintzen dituzten soldatak, ordea, ez dira hainbesteko arazo, Zubiaurreren arabera. «Hautagaiek eskatzen duten soldata edo lanpostu bat onartzeko exijitzen dutena ez daude kontratatzeko zailtasunak azaltzen dituzten lehen hiru arrazoien artean».

Lanbidek EHUko, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan graduatutako gazteen artean egindako inkesta bat aipatu du patronaleko buruak azaltzekolangile gazteen soldatak ez direla hain txikiak. «Enpresa batera sartu berri den langile baten soldata garbia 1.500 euro da hilean, eta hamalau ordainketarekin. Eta ikasketa teknikoetan eta ingeniaritzan, ia 1.700 eurora igotzen da soldata: berriro esango dut, soldata garbiak dira, eta ibilbide profesionala hasi berri dutenentzat».

Adibide horrek erakusten du, Zubiaurreren ustez, arazoa zein den: «Gure ekonomiaren sektore estrategikoetan pertsonak falta direla; eta hasierako soldatak eta baldintzak garrantzitsuak badira ere, ez direla erronka honetan pisua duten gauza bakarrak».

Hori bai, euskal enpresen talentu eskari errealean sakontzeko eta haiek eskaintzen dituzten baldintzak ezagutzeko inkesta berri bat abiatzen ari direla azaldu zuen Confebaskeko presidenteak. «Datorren urtearen hasieran aurkeztea espero dugu».

Hezkuntza duala

Talentua erakarri eta eusteko erronka, dena den, «guztiena da», Zubiaurreren aburuz, «ez soilik enpresena». Hezkuntza sektoreak eskaintza formatiboaren eta «egiaz fabrikan behar denaren artean zenbaitetan sortzen den desoreka» zuzendu behar duela uste du.

Bide horretan, lanbide hezkuntzako formakuntza duala goraipatu zuen Zubiaurrek. Eredu hori unibertsitatera ere zabaltzea nahi luke Confebaskek, ikasleari lan kontratu ordaindu bat eskainiz. «Urteak daramatzagu Espainiako Gobernuarekin bilerak egiten, unibertsitate dualerako kontratu hori sar dezan kontratuen katalogo ofizialean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.