Osasunaren Mundu Erakundeak malariaren aurkako txertoa onartu du

OMEko zuzendariak egun historikotzat jo du. Urtean 400.000 bat pertsona hiltzen ditu malariak, ia denak Saharaz hegoaldeko Afrikan

Anopheles gambiae eltxoak, Nairobin. STEPHEN MORRISON / EFE.
Nagore Arin Iosu Alberdi
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Urte asko eta asko igaro dira zientzialariak eta epidemiologoak malariaren aurkako txertoa ikertzen hasi zirela. Milioika euro inbertitu dituzte horretan, eta milioika lan ordu eman, eta azkenean iritsi da eguna: malariaren aurkako txerto bat onartu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Asteazkenean eman zuten hainbeste urtez itxarondako eta nahi izandako albistearen berri, eta Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak egun historikotzat jo du: «Malariaren ikertzaile gisa hasi nuen ibilbide profesionala, eta gaixotasun zahar eta beldurgarri horren aurkako txerto eraginkor bat izango genuen egunarekin egiten nuen amets. Gaur, egun historikoa da». Historikotzat ez ezik, aurrerapen gisa ere izendatu du aurkikuntza: «Izugarrizko aurrerapena da zientziarentzat, haurren osasunarentzat eta gaixotasun horren kontrolarentzat».

RTS,S/AS01 izena du txertoak, eta Glaxo Smith Kline farmazia enpresarena da, komertzialki Mosquirix bezala ezagunagoa den enpresarena. Orain arte, Afrikako hiru herrialdetan baino ez zen erabiltzen, proiektu pilotu baten barruan. Ghanan, Malawin eta Kenyan «onarpen handia» izan du, eta 2,3 milioi dosi jarri dituzte 2019tik; 800.000 haur inguruk hartu dute gutxienez horietako bat. Horien eragina ikertuta, ondorioztatu dute heriotza eragin dezaketen kasu gogorrenak %30 murrizten dituela, eta ez duela inolako eragin negatiborik utzi, hala nola gainerako prebentzio neurrien murrizketarik edo bestelako txertoak hartzeko arazorik.

Osasunaren Mundu Erakundeak eskala handian banatzeko onarpena eman du, eta gehitu du lau dosi hartu behar direla hura eraginkorra izateko. Beraz, txertoa segurutzat jo du erakundeak. Halere, aurreratu du ez dela malariaren aurkako bestelako neurrien «ordezko» izango, «osagarri» baizik. «Txerto hori erabiliz, jada indarrean dauden eta erabiltzen diren prebentzio neurriekin batera, dozenaka mila bizitza salbatu ahal izango dira urtero», azaldu du OMEk. Hau da, beharrezkotzat jo du ere arte intsektizidadun eltxo sareak, medikamentu profilaktikoak, diagnostikoak eta egungo tratamenduak erabiltzea.

Erakundeko Malariaren aurkako Mundu Programako zuzendari Pedro Alonsoren esanetan, erabakiak txertoaren hedapena bermatzen lagunduko du, eta, ondorioz, bizitzak salbatuko: «Osasun publikoan egin den inbertsiorik onena da».

Gisa horretako lehena

Plasmodium falciparum deituriko parasito baten aurka lan egiten du txertoak, eta Anopheles izeneko eltxo baten bitartez iristen da gizakiengana munduko eltxorik hilgarriena da, eta Saharaz hegoaldeko Afrikan gehien dagoena. Gaixotasunaren nolakotasunagatik, berezia izan da txertoaren sorkuntza prozesua ere. Izan ere, gizakietan ageri den parasito baten aurka ekiten duen lehen txertoa da. Alonsoren esanetan, baina, RTS,S/AS01 txertoaren onarpenak malariaren aurkako txerto berriak sortzeko balioko du: «Lehen belaunaldiko txerto bat dugu, baina ez litzateke azkena izan behar».

Malariak Saharaz hegoaldeko Afrikan eragin duen mina nabarmendu nahi izan dute txertoaren berri ematean, han zenbatu baitituzte parasito horrek eragindako heriotzen %94. Matshidiso Moeti OMEren Afrikako ordezkariak hitz egin du: «Mendez mende, malariak Saharaz hegoaldeko Afrika menderatu du, eta sufrimendu asko eragin». Halaber, gaineratu du txertoak «argi izpi bat» ekarriko duela herrialdera: «Gaurko albisteak itxaropen izpi bat eskaintzen dio kontinenteari, bertan ematen baitira malariaren kasu asko».

Izan ere, gaur-gaurkoz bildutako datuen arabera, urtean 400.000 heriotza inguru eragiten ditu malariak; 260.000 bost urtetik beherako haurrak dira. Gaixotasun horrekin kutsatutako pertsona kopuruei begiratuz gero, berriz, are handiagoa da batezbestekoa; izan ere, urtean 200 milioi pertsona inguru kutsatzen dira. Malariarekin behin baino gehiagotan kutsa daiteke. Haurtzaroan eta nerabezaroan kutsatuz gero, gainera, garapenean eragiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.