Asier Garitano. Realeko entrenatzailea

«Hiruzpalau fitxaketa egin behar ditugu»

Estiloetan ez du sinesten txuri-urdinen entrenatzaile berriak. Halere, bere taldeak ondorengo ezaugarriak edukitzea nahiko luke Garitanok: «Orekatua eta partida bakoitzean ondo lehiatzeko gai dena». (Bideoa elkarrizketaren bukaeran).
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko ekainak 20
Gertuko pertsona dela nabari zaio Asier Garitano Realeko entrenatzaile berriari (Bergara, Gipuzkoa, 1969). Elkarrizketa egiteko lekurainoko bidea klubeko jendea agurtuz egin du. Gertutasun hori talde txuri-urdinaren egunerokora ekarri nahi du, Leganesen egiten zuen moduan. Nahiz eta jakitun den bi klubak desberdinak direla.

Lehen egunetako zurrunbiloaren ostean, nola zaude?

Oso pozik, eta pixkanaka egokitzen. Lehen asteak zoro xamarrak izan ziren, baina orain lasaiago nago. Klubeko jendea ezagutzen ari naiz, baita denboraldi-aurrea prestatzen ere.

Zerk harritu zaitu gehien?

Ziurrenik, klubaren inguruan gertatzen den guztiak duen oihartzunak. Ikusten da zaleek oso presente dutela Reala.

Hitz egin duzu jokalariekin? Zein ondorio atera duzu?

Hemen egon nintzen lehen egunetan topo egin nuen jokalari batzuekin, eta hitz gutxi batzuk egin genituen. Baina, gainontzean, ez. Orain gehienak oporretan daude, eta gutxi batzuk Munduko Kopan. Nahiago izan dut lasai utzi. Uztailaren 5etik aurrera izango dugu elkar ondo ezagutu eta asko hitz egiteko aukera.

Zein izango da jokalariei emango diezun lehen mezua?

Egunerokoari begira egin behar dugula lan, aurrerago begiratu gabe. Hortik aurrera joango naiz beste mezu batzuk ematen. Gustuko dut jokalariekin hitz egin eta gertukoa izatea.

Zergatik egingo duzue denboraldi-aurre osoa Zubietan?

Kanpoan ez dut aurkitu leku hobeagorik. Zelaiak apartekoak dira, eta goiza eta arratsaldea bertan pasatzeko baliabide guztiak ditugu: entrenatzeko, atseden hartzeko, otorduak egiteko... Ez diot zentzurik ikusten hor zehar joan, eta kilometro mordoa egin behar izateari sasoia prestatzeko.

Pozik zaude lotuak dituzuen denboraldi-aurreko partidekin?

Bai. Nik partida horiek goi mailako eta kalitatezko entrenamendu bat bezala hartzen ditut; beraz, ez diet askorik erreparatzen aurkariei. Prestakuntzan ditugun helburuak betetzen joatea da gakoa.

Denboraldi-aurrerako fitxaketaren bat Zubietan izango da?

Ez dakit. Argi dugu ez ditugula fitxaketa asko egingo. Leganesen sasoiro 10-12 fitxaketa egin behar izaten genituen, eta gauzak bizkorrago egin behar genituen. Hemen hiruzpalau egingo ditugu, taldearen oinarria eginda dagoelako. Horrek lasaiago egoteko aukera ematen digu.

Badakizue zein postutan indartuko duzuen taldea?

Argi dago zelai erdian hutsunea utzi dutela Prietok eta Canalesek, eta hegaletan jokalariren bat behar dugula. Ikusi beharko dugu ere jokalariren bat joaten den, eta, horren arabera, beste fitxaketaren bat egin beharko dugun. Beti dago arrisku hori, eta prest egon behar dugu.

Nola kudeatu Rulli, Moya eta halako goi mailako atezain bat aulkian egotea?

Goi mailako hiru atezain ditut, Andoni Zubiaurre ere hala baita. Hirurek talentu handia dute, eta hutsetik hasiko dira.Eguneroko lanak erabakiko du nork jokatuko duen.

Elustondo non ikusten duzu, atzealdearen erdian edo eskuin hegalean? Zalduaren etorrerak zertan baldintzatuko du hori?

Ezertan ez. Reala B-ra bitarte eskuin hegalean jokatu zuen, eta lehen taldera igo zenean hasi zen erdiko atzelari postuan jokatzen. Bi postuetara ondo moldatzen da, eta hori zorte handia da. Bederatzi atzelari ditut, eta guztiekin kontatzen dut. Atzealdean taldea oso orekatua dago, eta baten batek jarraituko ez balu ere, ondo gaude.

Bautista, Gorosabel, Guridi... Taldean jarraituko dute edo utzita joango dira?

Bai, bai, taldean jarraituko dute. Gorosabel aipatutako bederatzi atzelari horien barruan sartu dut. Guridik min hartuta amaitu zuen sasoia, eta ikusi beharko da nola osatzen den. Bautista, berriz, lehen taldeko jokalaria da, eta bertan segituko du.

Zer pasatuko da Imanol Agirretxerekin?

Ikusi egin beharko dugu. Kasu berezia da. Urte asko daramatza taldean, kapitainetako bat da.... Baina urte eta erdi darama arazoekin. Denbora asko da hori. Maila handiko jokalaria da, baina harekin hitz egin beharko dugu.

Nola beteko dituzue Prietoren eta Canalesen lekuak?

Fitxaketaren bat egin beharko dugu. Baina ez dut baztertzen egungo taldean dagoen jokalariren bat postu horretara egokitzea. Ikusi nahi dut ere harrobiko jokalariren batek leku hori bete dezakeen: Sangalik edo Merquelanzek, adibidez.

Zer espero duzu harrobiko jokalariengandik?

Lasai utzi behar ditugu lanean. Aukerak izango dituzte, eta ikusiko dugu egunerokoan nola baliatzen dituzten.

Ligako lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatu beharko dituzue Anoetako lanak direla eta. Horrek kezkatzen al zaitu?

Argi dago ez dela erraza izango. Izan ere, talde gehienak ohituta gaude gehienez bi partida jokatzera erreskadan etxetik kanpo. Baina egoera horrela da, eta heldu egin beharko diogu. Horrek ez du gure prestakuntza ezertan aldatuko. Ziur esperientzia horretatik ere ikasi egingo dugula. Atletico Madrili aurreko sasoian gertatu zitzaion hori, eta hitz egin dut Simeonerekin horretaz. Berak erabili zuen hitza «kostatu» egiten dela izan zen.

Beldurrik ba al duzu emaitza txarrak izan eta zaleen artean ezinegona sortzeko?

Ez dut horretan pentsatzen.

Onenekin egotetik harago, onenekin lehiatu nahi zenuela zenion aurkezpenean. Zenbat dira on horiek? Zein izan behar du Realaren helburuak sailkapenean?

Ez nuke kopuru bat esango. Horiekiko puntu aldea murriztea nahi dut. Izan ere, aurreko ligan Reala laugarren postutik 30 puntura egotera iritsi zen, eta seigarren-zazpigarrenarengandik hamabost puntura. Distantzia handiegia da.

Zer behar du Realak horretarako?

Realak urte onak izan ditu, denboraldi oso onak. Baina ezin izan ditu bi sasoi on kateatu. Denboraldi berean ere gorabeherak izan ditu. Hori aldatu egin behar da, eta lortu behar dugu erregulartasuna edukitzea.

Nola nahiko zenuke definitzea Garitanoren Reala?

Partida bakoitza ondo lehiatzeko gai den talde baten moduan. Ez dut estilo batean sinesten, baizik eta aurkari bakoitzari behar bezala aurre egiteko gai diren taldeetan. Ezin duzu partida guztietan gauza bera egin.

Baina ez ditu ezaugarri jakin batzuk izango? Eta, edukiz gero, zeintzuk lirateke?

Oreka bat nahi dut: atzean gol gutxiago jaso, eta erasoan bizi jokatu. Aurreko sasoiko azken bi hilabeteetako Reala asko gustatu zitzaidan.

Leganesen jokalariei minutu asko jokatzeko aukera ematen zenien. Hemen ere hala izango da?

Ez dakit. Han hala egiten nuen, egokia iruditzen zitzaidalako eta horretan sinesten nuelako. Jokalari batetik bestera ez zegoen hainbesteko aldea, eta bigarren itzulian fresko eduki nahi nuelako taldea. Behar genuen jokalariak fresko egotea. Nik ere hemen hala egin nahiko nuke, baina beste talde bat da, eta ikusiko dugu egunerokoak zer ematen duen.

Zer ikasi duzu Leganesen? Zer ekarri nahi duzu handik?

Egunerokoari garrantzi handia ematen diot nik, eta horretan kalitatea, intentsitatea, lehiakortasuna, gertutasuna eta lasaitasuna izateari. Hori ikasi dut Leganesen. Horrek eramango gaitu gero helburuak lortzera. Horregatik ekarri nahi dut hona.

Entrenamenduak irekiak izaten ziren Leganesen, eta bazen adineko kuadrilla bat egunero joaten zena haiek ikustera. Hemen ere irekiak izango dira?

Han baziren ere entrenamenduak ateak itxita. Baina egunero-egunero etortzen zirenei sartzen uzten genien. Ni Leganesen egon nintzen bost urteetan adineko horiek ez zuten egun bakar batean ere huts egin. Nola ez nien, bada, sartzen utziko? Hemen ere nolabait asmo hori dut, baina ez da erraza izango. Helburua da taldea zaleengandik gertu egotea, eta alderantziz. Ikusiko dugu hori nola gauzatu eta kudeatu.

Entrenatzaile normala zarela esaten dute. Zer esan nahi du horrek?

Askotan esaten didate. Baina neronek ere ez dakit zer esan nahi duen. Esaten didatenei beti galdetzen diet hori ona edo txarra den. Ona dela esaten didate, eta, beraz, lasai nago. Saiatzen naiz jokalariekin, nire lantaldearekin eta zaleekin gertukoa izaten, eta bizimodu arrunta egiten. Besterik ez. Hori normala izatea bada, halaxe izango naiz. Hori ez dut aldatuko.

Egungo zein entrenatzailerekin identifikatzen zara?

Entrenatzaile on asko daude, eta denetatik ikasten saiatzen naiz. Baina beti esan izan dut Valverde, Mendilibar, Simeone eta Quique Setien asko gustatzen zaizkidala. Haiek zuzentzen dituzten taldeak jokatzen ikusten ditudanean, gustuko dut ikusten dudana.

Unai Emery, Javi Gracia, zu... Presidentearen eta Olaberen lehen aukera izan zinela uste duzu? Hala ez bazen, kezkatzen zaitu horrek?

Batere ez. Zazpi sasoi daramatzat entrenatzen, eta Leganesera joan nintzenean ez nintzen lehen aukera izan. Hasieran Athletic entrenatuko nuela esaten zen, eta zerrendan Berizzo eta Tuchelekin jarri ninduten; gero, Realean, eta hor Emery eta Graciarekin. Entrenatzaile handiak dira denak, goi mailakoak, eta zerrendan haiekin egotea gauza handia da.

Nolako elkarlana izango duzue Olabek eta zuk? Erabakietan nork izango du pisu handiagoa?

Ni ohituta nago kirol zuzendariekin lan egitera, eta hemen ere berdina izango da. Egunero hitz egiten dut bai Robertorekin bai Erizekin [Bretos idazkari teknikoa]. Nik nire iritzia ematen diet, eta haiek, berea. Futbol munduko jendea gara, eta uste dut erraz ulertuko dugula elkar. Argi dut nik esaten badiet jokalari bat ez dudala egoki ikusten, ez dutela ekarriko. Ni, gainera, beti egongo naiz irekita haien iritziak eta gomendioak entzuteko.

Leganesen zenuen lantaldetik pertsona bakarra ekarri duzu: Miguel Perez prestatzaile fisikoa. Zergatik?

Bost urte daramatzat harekin lanean, eta alor fisikoan Leganesen genuen lan egiteko moduari eutsi nahi nion, emaitzak oso onak izan zirelako. Gainontzean, lantalde berri bat osatu nahi nuen, uste bainuen hori zela gauza berriak egiteko modua, eta oso pozik nago osatu dugun lantaldearekin.

Ruben de la Barrera eta Iñaki Ulloak Olaberekin egin zuten lan. Nola ikusten duzu haiek etortzea?

Biak ezagutzen nituen lehenagotik. Iñakirekin, atezainen inguruan lan egiteko duen moduaz hitz egin genuen, eta bat zetorren nirearekin. Rubenekin, berriz, uste dut asko ikas dezakedala, eta asko eman diezaguke erasoko jokoan.

Leganesen lasaitasun eta erosotasun handia zenuela zenion. Realean ere hala izatea espero duzu?

Pentsatzen dut baietz. Horretarako egingo dut lan. Gero ikusiko dugu futbolak nora eramaten gaituen.

Gipuzkoarra izateagatik gehiago eskatuko dizutela uste duzu?

Ez dut uste. Futbolak beti eta denoi exijitzen digu. Emaitzek markatzen dute entrenatzaileon geroa.