Afganistango gerra krimenak ikertzeko bidea ireki dute

Talibanek, Afganistango Armadak, AEBetako tropek nahiz CIAk egindako krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Preso afganiar bat, espetxetik irteten, Jalalabaden. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Bastida Alzuru
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuek eta talibanek bake akordioa sinatu eta gutxira heldu da erabakia: Afganistango Armadak, talibanek eta AEBetako tropek nahiz CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Afganistanen egindako gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Iazko apirilean, auzitegiko areto batek atzera bota zuen gerra krimenak ikertzeko Fatou Bensouda fiskalburuak egindako eskaria, argudiatuz lege oinarria egon arren ez zukeela emaitzarik ekarriko aldeek kolaboratzeari uko egingo lioketelako. Bensoudak, ordea, ez zuen amore eman, eta helegitea aurkeztu zuen; fiskalaren esanetan, ikerketaren ezezkoak epaiketak egiteko aukerak murriztuko lituzke.

Orain, ia urtebete geroago, aurrera egitea erabaki du auzitegiak. Piotr Hofmanski apelazio aretoko presidenteak zorrotz kritikatu du orduan hartutako erabakia: «Ikerketarekin segitzeko oinarri nahikoa ote zegoen baino ez zuten aztertu behar, eta ea Nazioarteko Zigor Auzitegiak krimenen gaineko eskumenik zuen». Kasu honetan, bi baldintzak betetzen dira.

Zigor Auzitegiak 2006an egin zuen ordura arte salatutako krimenen atariko ikerketa. Baina bigarren prozesu honen helburua litzateke horietan sakontzea eta, aukerarik balego, egileak auzipetzea. 2003tik 2014ra gerran egindako krimenak ikertzea da Bensoudaren asmoa.

Fiskaltzaren sumarioaren arabera, zantzu sendoak daude sinisteko 2013tik AEBetako Armadak «krudelkeria eta tortura jasotzen dituen gerra krimenak egin zituztela; baita duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, sexu indarkeria eta bortxaketak ere». Txosten berean, Inteligentzia Agentzia Zentraleko kideei leporatzen diete terrorismoagatik akusatutako atxilotuen aurka delitu berak egitea Afganistanen eta beste hiru estatutan: Polonian,Errumanian eta Lituanian, hain zuzen. Talibanei, berriz, 2009tik 17.000 zibil hiltzea egozten diete, eta Afganistango segurtasun indarrei, atxilotuak torturatzea.

Egiaren aitortza

«Lehen aldiz, AEBek azalpenak eman beharko dituzte gatazka batean egindakoengatik, nahiz eta eurek esan ikerketa oztopatuko dutela. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du amore eman behar: biktimei zor die egia aitortzea», adierazi zuen atzo giza eskubideen aldeko Reprieve erakundeko kide Preetha Gopalanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.