KRITIKA. Artea

Paseoaren beste ikuspuntuak

40 argazki bildu dituzte erakusketan. ISABEL DUBLANG / ALTXERRI GALERIA.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

'El arte de pasear'

Non: Donostiako Altxerri galeria. Noiz arte: Urtarrilaren 31ra arte.

Joan den urtea amaitu eta orain hasitakoari sarrera emateko, erakusketa bitxi bat antolatu du Donostiako Altxerri galeriak, Javier Mina idazle eta artistaren inguruan. Bitxitasuna, alde batetik, erakusketaren iraupenean dago, abenduaren erdialdetik urtarrilaren amaierara arte izango delako (sei aste); eta, bestalde, aurkezten den proposamenean bertan, argazki erakusketa bat izan arren, horiek biltzen dituen irakurketa filosofiko eta kontzeptualak obra materikoak baino indar handiagoa hartzen duelako.

Oinarri horrekin, Donostiako galeriak, El arte de pasear izenburupean, idazle nafarraren 40 argazki bildu ditu, eta erakusketa paseoaren eta paseatzailearen esperientzietan biltzen diren ideia eta kontzeptuen inguruan eraikitzen da, horrek historian zehar artearekin eduki duen harremana ere landuz. Horrela, Juan Ignacio Velillak zuzentzen duen espazioko paretetan, hiriarekin eta paseo fisikoarekin lotutako hainbat irudi tartekatzen dira, bakarka edo multzoak osatuz; horien artean, Virginia Wolf, Guy Debord edo dadaistei dagozkien idatziak nahasten dira, argazkiak kontzeptualki lagunduz. Irudiek begirada ezberdinak erakusten dituzte, eta arkitekturak, kartelak, itzalak, grafitiak edo islak nahastuz doaz. Hala, paseatzaileak paseoaren bitartez jasotako dokumentuek, ibilaldi fisikoaz gain, pentsamenduen ibilaldi bat ere planteatzen dute, oinezko mugimenduan oinarrituta sortzen den bidaia berri bat, agian memoria eta ustekabekoaren artean eraikitzen den joanaldi subjektibo bat.

Paisaia, beraz, gogoeta filosofikorako objektu bilakatzen da, lurraldearekin harremanetan jarri eta horren paisaiekin lotura bat sortuz, landa paisaia edo hiri paisaia. Paseoaren eta paisaiaren harreman hori ere aldatuz joan da historian zehar, eta tradizio piktorikoak eskaintzen zuen paisaia eta ikuspuntu konkretu baten momentuko irudia, paisaiaren ideia jakin bat eraikitzen laguntzen zuena, esperientzia bilakatuz joan zen, euskarri eta medio berrien laguntzarekin. Horrela, modernitateko artista eta intelektualen artean, ibilaldia edo paseoa esperientzia estetiko bilakatu zen, eta horietako askorentzat kritika eta salaketa sozialerako esperientzia. Besteak beste, horien artean aipa daitezke XX. mende hasieran dadaistek hiri paisaia hutsaletara eginiko paseoak, tartean 1921. urtean Saint Julien-le-Pauvreko eremura egindakoa, Parisko kanpoaldean, surrealistek utzitako espazio hutsetara eginiko noraezeko ibilaldiak, 50eko hamarkadan Guy Debordek zuzenduta eginiko «deriba situazionistak», psikogeografiaren metodoan oinarriturik gauzatutako ekintzak, edo urte batzuk geroago Fluxus taldeak eginiko Free Flux-tours, Sohoko tren geltoki, komun edo orokorrean bazterreko tokietaraeginiko paseo eta bisitak.

Guztiek daukate zentzu kritiko bat, eta dagokigun kasu honetan ere, Javier Minak, bere erara, gizarte garaikidearen kritika bat planteatzen duela dirudi. Gogoeta asko piztu dira hiriaren aldaketaren inguruan, hiriak, noizbait espazio egonkor bat izan badira behintzat, gaur egun mugimendurako eta zirkulaziorako espazio bilakatu direlako. Arazoa, berez, mugimendu horren ezaugarrietan dago, eta egungo beharrek gure inguruaz gozatzeko ezartzen dituzten oztopoetan. Gaur egungo hirien diseinua alde batera utzi, eta oinez, paseoan, norbaitek aurretik pentsatutako ibilbide bat ez jarraitze hutsak egungo kontsumo gizartearen konformismo eta bizimodu sedentarioaren aurrean jarrera subertsibo bat aurkezten du. Hiriak alderdi ezberdinak gordetzen ditu, bai espazio gisa, bai memoria edo oroitzapenerako eremu gisa, eta hori hainbat artista edo talde artistikok erabili izan dute historian zehar. Ibilbide fisikoa, ibilaldiarena, bidaia poetiko eta oroitarazlearekin nahasten da, artelanak edo arte proiektuak gauzatzeko, ibilaldia, gogoeta eta teknika ezberdinak fusionatuz.

Zeresana ematen du, gainera, gaur egun Gipuzkoako hiriburuak bizi duen turismo eta kontsumorako eraldaketa horren inguruan mota honetako proiektu bat ikusteak, zeren paseatzaileak, nire kasuan behintzat, gogoetarako geldialdi eta eremu gutxi aurkituko ditu gaur egungo Donostian, jada asko azpimarratu eta salatzen doazen hiriaren perfila aldatuz baitoa, eta kontsumora bideratutako espazio bat ari baita gailentzen. Baina hori ere, Javier Minaren kasuan bezala, inguruarekiko begirada subjektibo bat plazaratzea da, kultura eta paisaia inoiz baino gehiago kontrajartzen diren honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.