KRITIKA. Artea

Hatz erakuslearen gainean

Daniel eta Ainize Txopitea artisten lanak biltzen ditu Destinia erakusketak, Irunen. JUANTXO EGAÑA.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun

'Destinia'

Non: Mentxu Gal aretoan, Irunen (Gipuzkoa). Noiz arte: 2022ko azaroaren 21era arte.

Azkenaldian ezagutzaren inguruan zintzoa, benetan zintzoa izatearen beharrak duen garrantziaz ohartzen ari naiz; guztiaren jakinaren gainean egon, guztia ezagutu, ikusi eta irakurria izatea derrigorrezkoa dirudien artearen esparru honetan, ia posizionamendu kontziente gisara aldarrikatzearena ezezagutzaren espazioa. Hain zuzen ere, erabateko ustezko ezagutzak ez bezala, ezezagutzak hori baitu ona, oraindik ere deskubritzeke dituzun ate eta esparru horiez guztiez kontziente bilakatzen zaituela. Eta jardun honetan, aitortu beharra dut, azken aste honetara arte behin ere inguratu gabea nintzela Irungo Menchu Gal aretora, eta orain dela gutxira arte ez nuela ezagutu ere egiten.

Aretoko ordutegia nahikoa murritza da, eta horrek ez du errazten bertako erakusketen bisita, pena da. Hala ere, hau ez da inolako aitzakia ez bertaratzeko. Oraingo honetan topatu nuen erakusketa Destinia izenekoa zen, bereziki bi artisten bueltan egituratua: Daniel Txopitea eta Ainize Txopitea, aita-alabenean. Eta, hain zuzen ere, bi artista hauen arteko lotura familiar eta genealogiko hau da erakusketa eratzen duen hari nagusia ere: bakoitzak bere bidea jorratu arren, elkarren arteko ezinbesteko loturak izan dituztenak.

Haren egituraketa eta narrazioa, ordea, Ainizeren begiradatik eraikia izan da, eta hau erakusketako tituluak berak islatzen du; izan ere, artistak berak erakusketan aurkezten duen serie baten titulua hartzen baitu. Horrez gain, espazioan artelanek duten antolaketan ere begirada hau oso presente dago, aretoko espazio nagusi eta handienean bere aitaren lanak baitaude ikusgai. Atzera-aurreko bat planteatzen dela dirudi haren ibilbidea zeharkatzen duten lanen eta dokumentalaren bidez; aitari eginiko omenaldia dirudi.

Eta beste aretoan, areto askoz ere txikiagoan, Ainizeren azken bi urte hauetako lanak agertzen dira, Destinia seriea barne. Txopitea gazteenaren ohiko estilo eta teknikaz eginak, baina Aran Santamariaren lanetatik gertuago kokatzen direnak. Ohi baino poetikoagoak direla esan liteke agian. Bertan eskuak eta eskuekin egiten diren txoriak agertzen dira, eskuak astinduz, hegoak astinduz, arrautza apurtu eta hegan ateratzen dira; harik eta atzera, hegalak eskuetan pausatzen diren arte, esperoan gelditzen direlarik hatz erakuslearen gainean, geldo, mostrak iradokitzen duen moduan, patuaren zain baleude bezala.

Patuak hainbat kolore eta itxura izan ditzake, hainbat forma, ia egunaren eta momentuaren arabera ere aldatzen direnak beti: forma organikoak eta geometrikoak, odolaren kolore pasiodun latzekoak edo eskuetatik ateratzen diren hariak.

Hari metaforiko hauek dira dirudienez, Ainze eta Danielen arteko loturak uztartzen dituztenak, eta lotura horiek euren lanak bestearen espazioan tartekatuz irudikatzen dira mostran: Ainizek hondartzan duen autorretratua, Danielen Marina pinturatik ateratakoa izan daiteke; eta Ainizeren Empowerment lana berriz, bere aitari dagokion espazioan dago. Ez dago ordea edozein lekutan, ez dago familia argazkien alboan; Oteizaren lanaren ondoan dago. Oteizaren presentzia eta hari egiten zaizkion erreferentziak ordea ez dira lan honetara soilik mugatzen, Danielek harengandik jasotako eraginaren isla.

Dena den, areto handiko Oteizaren eta Ainizeren presentziak genealogien sorkuntza eta azpimarratze bat bilakatzen du omenaldi hutsa zirudiena. Eta aurretik aipatutako aita-alabaren ardatzera Oteizaren irudia eta lana gehituz, ondorioz sortzen den genealogiaren emaitza ondorengoa da: Oteiza - Daniel Txopitea - Ainize Txopitea. Honela, txopitearrak Oteizak markatzen eta zehazten duen euskal artearen historia ofizialaren lerro zuzen horren partaide gisara aurkezten zaizkigu erakusketan.

Baina areto nagusiko genealogiaren ordenatik atera, eta berriz ere Ainize Txopitearen azken urteetako lanetan murgilduz, destinuak beti markatzen duen etorkizuneko denbora horri beste modu bateko genealogia posibleez ere begiratzeko aukera ematen da. Erakusketan diren bi belaunaldien arteko ezberdintasunak are eta gehiago azpimarratzen dira, egiteko eta begiratzeko modu berriak ikusaraziz, beste iragan bati begiratuz. Eta honek behintzat, hatz erakuslearen puntan pausatzen den txoriaren hegoak astintzen jarraitzeko aukera eskaintzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.