KRITIKA. Artea

Aberatsa

Azken 50 urteetako errepasoa egiten du erakusketak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

'68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian.1968-2018'

Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Apirilaren 28ra arte.

Ehun eta hamar urte bete dira Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu zenetik, eta, era berean, Petronor enpresak 50 urte bete ditu. Azken horrek babesten du Bilboko Museoak azken urteetan aurkeztu dituen asmo handieneko proiektuetako bat: euskal artearen azken 50 urteetako ibilbide bat.

Erakusketa Miriam Alzuri, Miguel Zugaza eta Begoña Gonzalez arte komisarioek antolatu dute, eta Euskal Herrian azken 50 urteetan izan ditugun ehun bat artista, mugimendu eta talderen 150 lan biltzen ditu. Kronologikoki, bost hamarkadatan banatzen da ibilbidea, 70eko hamarkadatik bigarren milurtekoaren bigarren hamarkadaraino. Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman oinarritzen bada ere, bilduma horrek azken urteetako euskal sorkuntzan eduki ditzakeen gabeziak direla-eta, Reina Sofiako, Guggenheimeko, MACBAko, Artiumeko eta beste museo edo zentro batzuetako bildumek lagatako lanekin osatzen da. Horiekin batera, 33. aretoan, Xabier Erkiziak komisariatutako musikaren inguruko atal bat ere aurkezten zaigu, Euskal Herrian azken bost hamarkadetan eman diren soinuaren eta musikaren inguruko praktikak biltzen dituena.

Esan bezala, erakusketa Gaur taldea sortu eta handik bi urtera hasten da, eta handik, 70eko hamarkadan barneratzen gara. 68an hasi arren, ibilbide horren aitzindariak izan ziren artisten sarrera bat eskaintzen zaigu, eta, horretarako, Oteiza eta Txillidaren lan adierazgarri batzuk aurkezten dira, Paul Kleeri omenaldia (1955-1956) eta Abesti Gogorra IV (1964). Gogoratu lehenak, Oteizak, 1959an eskultura garatzeari utzi ziola, eta garai horretako bere kaxa metafisikoetako bat ere ikus dezakegu. 60ko hamarkada amaieran barneratuz, Balerdi eta Sistiagaren pinturak —bitxiak azken horrek 35 milimetroko filmaren gainean pintaturikoak—, Agustin Ibarrola eta Maria Dapenaren xilografiak —oso interesgarriak azken horrek emakume presoen inguruan eginiko linografiak ere— eta Esther Ferrerren Mallarmé Revise o Malarmado Revisado (1968) daude. 68koa dugu Juan Jose Akerreta eta Pedro Osesen 68ko Maiatza dimentsio handiko pintura, Euskal Herritik kanpo izan ziren mugimendu sozialekin lotura bat ezartzen duena.

Jada 70eko hamarkadan, eskulturaren bidetik, Basterretxea eta Mendibururen lanek garai hartako eskulturaren alderdi informalista azpimarratzen dute, eta aipagarria da lehenaren 1973ko Argizaiola lana. Pinturaren alorrean, bi bide ezberdin ikus ditzakegu: alde batetik, Zumeta eta Bonifacio pintoreek abstrakzioaren eremua jorratzen jarraitzen dute; bestetik, Akerretak eta Bakedanok informalismoa alde batera uzten duten eta errealismoa eta figurazioaren artean garatzen diren lanak aurkezten dituzte. Azken horren Autobus geltokia (1978) horren adibide garbia da. Era berean, figurazioaren bide horri jarraituz, Ameztoi eta Nagelen proposamenek surrealismo ukitu bat gehitzen diote hamarkadako lan multzoari. Benetan aipagarria Ameztoiren 1978. urteko Poxpolinak eta Nagelek 1975. urtean sortutako Konbinazio irabazlea zoragarria.

80ko hamarkada demokraziaren sarrerarekin eta 1978. urtean Bilbon zabaldu zen Arte Ederren Fakultateak eduki zuen eraginarekin lotzen da. Horrek guztiak zabalkunde bat eragin zuen, eta kontzeptualismoa eta minimal artea bezalako mugimendu artistikoak pisua hartzen joan ziren artista belaunaldi berrietan. Artista horien artean jada euskal artearen figura azpimarragarriak bilakatu direnak daude, besteak beste, Angel Bados, Maria Luisa Fernandez eta Txomin Badiola. Aipagarria da Fernandezen Amodioa eta gorrotoaren artean lana (1987). Azken horien praktiketatik alde batera, zabaltze prozesu horrek beste artista multzo bat ere bildu zuen, artea garatzeko ezaugarri propioekin, horien artean Roscubas anaiak.

80ko hamarkadan fakultatea ireki zen, eta 90eko hamarkadan Artelekuko tailerrek ezarri zituzten artista multzo berri eta arrakastatsu baten oinarriak. Belaunaldien arteko hartu-eman edo truke horretatik Itziar Okariz, Ibon Aranberri, Sergio Prego eta beste zenbait artista azaleratu ziren. 2000. urtetik aurrera, askotan aipatu izan den bezala, komunikabideek eta informazioaren garapenak haize berriak ekarri zituzten, orokorrean garatzen joan zen globalizazio mugimenduak informazio eta proposamen ezberdinen bat-bateko trukaketa eragin dute, gaur egun modu eztabaidaezin batean bizi duguna. Hala ere, Asier Mendizabalen eta Erlea Manerosen proposamenek euskal artearen erroa izaten jarraitzen dute.

Oso zaila da lerro gutxi hauetan gure lurraldeko azken urteetako arte praktikaren aberastasuna adieraztea, azken 50 urteetan izan duen garapena handia izan baita, eta benetan garrantzitsuak izan diren artista multzo zabal bat egon baita. Ezinezkoa da denak izendatzea. Erakusketa ezin hobea garapen hori guztia ezagutu eta horren garrantzia gogoratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.