KRITIKA. Artea

Elkarguneak

Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak erakusketa. A. CANELLADA / FOKU.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun

'Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak'

Non: Donostiako San Telmo museoan.Noiz arte: Otsailaren 17ra arte.

Zientziaren eta artearen arteko harremanak azken hamarkadetako gertaera bat dirudien arren, teknologiaren eta biologiaren eremuak artearen munduarekin guztiz nahastu diren honetan, eta bizi dugun garai xurgatzailetik burua altxatu eta beste norabide eta garai batzuetara begiratzen badugu, konturatuko gara lotura horiek duela mende batzuetatik datozela, eta bilakatuz joan direla. San Telmo museoak aurkezten duen Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak erakusketaren bitartez, ariketa hori egin dezakegu, Errenazimentuaren eta Ilustrazioaren garaian gorputzaren inguruan artearen eta zientziaren artean gertatu zen gurutzaketaren berri ematen baitigu.

Erakusketak XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako ia ehun lan biltzen ditu: pinturak, erliebeak, marrazkiak, eskulturak nahiz artikulatutako figuren antzeko bitxikeriak ere ikus ditzakegu. Donostiako San Telmo museoaren eta Valladolideko Eskultura museoaren arteko elkarlanetik sortutako proiektu bat da erakusketa, eta Donostiara etorri aurretik, Valladoliden aurkeztu zuten. Hango zuzendari Maria Bolaño izan da, besteak beste, Duerer, Jose de Ribera, Pedro de Mena, Alessandro Allori, Tomasso Pillori, Artemisia Gentileschi, Tintoretto eta Charles Le Brunen lanak erakusketa honetarako bildu dituen arte komisarioa. Lan horiek guztiak hainbat museok utzitakoak dira: horien artean, Madrilgo Pradok, Parisko Louvrek, Erromako Borghese galeriak, Madrilgo Thyssen-Bornemisak, Le Manseko Tesse museoak eta Orleanseko Arte Ederren Museoak.

Erakusketa ideia jakin baten inguruan eraikitzen da: gorputza ulertu eta irudikatzeko prozesuen aldaketa. Errenazimentutik aurrera, gorputzarekiko begirada aldatu egiten da, eta hori munduaren begirada moderno eta humanista baten barruan finkatzen da, Erdi Aroko irudikapenak alde batera utzi, eta artistek, beste jakintzez baliatuz, gorputzaren benetako ulermen fisikoa eskuratzen dutenean, honen estruktura eta osaketaren inguruko informazioa artelanetara gehituz.Ideia horri forma emateko, erakusketa sei ataletan zatitzen da: Gorputzak artistaren tailerrean; Gizakiak akzioan, makina-gorputzak; Anatomia eta haren itzala; Emozioen ikuskizun handia; Zauritutako gorputzen liluragarritasuna; eta Carnosità: figurak osotasunean.

Sei atal horien barruan, artelan ikusgarri eta bitxi bezain interesgarriak nahasten dira, diziplina multzo zabal batean sortuak. Juan Antxietaren San Onofre alabastrozko eskultura, Crisostomo Martinezen Anatomia eta proportzioa akuaforte grabatu zoragarria, Jean-Galbert Salvageren ingurukoen Gladiatore borrokalarien anatomia marrazkia, Benito Silveirak eginiko San Antonio abadea eskultura artikulatua, Richier Ligierren Rene de Chalonen transia-ren igeltsuzko molde lan ikusgarria (Arturo Arisek 1929an berregina), Jacques-Fabien Gautier d'Agortyren Feme vue de dos, disséquée de la nuque au sacrum lan zoragarria, Govert Bidlooren eskolako Eskuko muskuluak urkolore-pintura, Tomasso Pilloriren Hilotzaren apunte anatomiko zuzena paper gaineko marrazkia... Erakusketan ikus daitekeen artelan multzo zabalaren adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek.

Zientziak erantzuna eta egiaztapen bat behar du; artelana, berriz, begiratu eta gozatzeko sorkuntza bat da. Hala ere, zientzialariak ere ondo diseinatutako esperimentu edo teoria jakin baten estetikarekin goza dezake, eta, aldiz, artistak jakin badaki gogoeta eta egiaztapena ere arte proiektu baten parte garrantzitsuak izan daitezkeela. Bai zientzia eta bai artea ezezaguna den horren bilaketan murgiltzen dira. Bizi dugun ingurunea begiratzen dute biek, nahiz eta begiratze horren emaitzak irudikatu eta azaltzeko metodoak ezberdinak diren: lehenak teknika zehatzak erabiltzen ditu; besteak, berriz, pertzepzio prozesuak edo prozesu emozionalak erabiltzen ditu. Azken finean, biek munduaren irudikapen bat bilatzen dute, arteak objektu artistikoaren bitartez, irudikapenaren espresio modura, eta zientziak, modelo, teoria eta asmamenen bitartez, irudikapenaren adierazgarri moduan.

Estereotipo sakon eta okerrenek artearen —sorkuntzan oinarritzen den ekintza adierazezin bat bezala ikusia, idiosinkrasia pertsonal batean oinarritua eta interpretaziora lotua— eta zientziaren —ekintza unibertsal eta arrazional bezala ikusia, benetako adierazpenean eta koherentzian oinarritua— arteko tarte zabal eta sakon bat sortzen dute, eta orokorrean gizartean muturrekoak diren pentsamendu okerrak sortzen dira. San Telmoko erakusketa honek pentsamenduaren erpin gogor horiek leuntzen laguntzen du, historiako garai zabal batean bi diziplina horien artean egon zen elkargunea eta elkarlana azaleratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.