KRITIKA. Artea

Artea eta literatura

Inoiz ez erreala / beti egiazkoa erakusketa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

'Inoiz ez erreala / beti egiazkoa'

Non: Bilboko Azkuna zentroan.Noiz arte: Irailaren 22ra arte.

Hibridazioak beti izan ohi dira ekintza interesgarriak. Normalean, emaitzak ezohikoak eta ustekabekoak izan daitezkeelako, eta prozesua elementu kontrolaezinez betea egon daitekeelako. Hitz batez esanda, hibridazioak beti dira aberasgarriak, beti ekarpen berriak egiten baitituzte; beharrezkoak.

Arte plastikoek edo ikus-arteek historikoki beste adierazpen lengoaiekin izan duten erlazioa nahiko istilutsua izan da, edo behintzat lehiakortasunez beterikoa. Lengoaien artean norgehiagokak nagusitu izan dira: pintura ala eskultura, zein den egokiagoa edo garrantzitsuagoa, baina, bereziki, pinturaren edo literaturaren arteko lehia, bietan nork lortu gorengo mailaren domina. Hierarkia kontua hein batean; zeinek zein zapaldu, piramidearen muturra ukitze aldera. Jokabide ezaguna, inondik inora ere. Hala ere, eta gaur egun oraindik zenbait esparrutan hizkuntza adierazpen ezberdinen arteko hierarkiek indarrean badiraute ere, lehiakortasun mailak behera egin duela esan genezake, nahiz eta benetako hibridazioak egiten dituzten proiektuak oraindik ere mainstream-eko praktikak ez izan. Honetan garbi izan behar dugu, adibidez, literaturako zenbait elementu hartu eta arte praktikan txertatzeak ez duela inondik inora ere hibridazioa sortzen; nolabaiteko petatxua litzateke, edo artistak bere proiektua sortzeko egiten duen tresna jakin baten erabilera, baina inondik inora ere ez benetako fusioa, benetako fusioak errotik egiten direnak baitira.

Artearen eta literaturaren adibidearekin jarraituta, beraz, eta bien arteko benetako hibridazio kasuak historikoki oso puntualak izan diren arren, tradizionalki bi diziplinen artean egondako lehiakortasuna dela eta, argi dago elementu komunez beteriko hizkuntza adierazpenak direla; izan ere, biak erabili izan dira ideia, burutapen, ideologia, hausnarketa eta narrazio ezberdinak helarazteko eta gizarteari komunikatzeko baliabide gisara. Bi diziplinen arteko lotura hau aitzakiatzat hartuta ondu du Ivan de la Nuez komisarioak Inoiz ez erreala / beti egiazkoa izenburu peko erakusketa, Azkuna Zentroan. Artearen eta literaturaren artean sor litezkeen hibridazioak proposatuta.

Komisarioak hamahiru artelanen bidez idatzi du bere narrazioa aretoan. Batetik, artea literatur lengoaia gisara aurkezten duten lanak dira; eta, bestetik, alderantziz, literatura bera erakusketaren lengoaiara hurbiltzen dituzten proiektuak daude; guztiak elkarren arteko elkarrizketak proposatzen dituztela. Proposamen interesgarria da printzipioz, kontzeptu bezala, aurkakotasun historikoaren ideiarekin erabat apurtzen duena, eta artearen kontzeptu inklusiboago eta zabalago bat aurkezten duena, dudarik gabe. Guztia lau azpigaitan planteatuta dago: Liburua marraztu, Politika itzuli, Paisaia idatzi eta Istorioak lekualdatu. Eremu bakoitzean arte lengoaiaren barnean ere topa daitezkeen hizkuntza ezberdinen erabilera gauzatzen duten lanekin, tartean proiektu interesgarriak izanik: Gonzalo Elviraren Lo imborrable, Cristina de Middelen Party eta Valerie Mrejenen Quatrième/octavo grado, batzuk aipatzearren. Erakusketaren diseinua ere artista baten esku uzteak (Xabier Salaberriak egina kasu honetan) interesa gehitzen dio erakusketaren proposamenari, eta tamainaz ere tamainakoa da Azkuna Zentroan aurretik egindako erakusketekin alderatuta, megalomanoa izan gabe.

Baina abiapuntua interesgarria izanda ere, erakusketaren azken emaitza nahiko laua gelditu izanaren sentsazioarekin irten nintzen, hibridazioaren saiakera azaleko planoan gelditu izanaren ustearekin; hari atera ahal izan ziezaiokeen zuku guztia atera gabe geratu balitz bezala. Agian, planteatutako azpigaiak literarioegiak izan dira haietan aurkeztutako artelanekiko, eta proposamenak berak artean eta literaturan dagoen harremanaz —gainera, gehienetan harreman formalaz— harago beste planteamendu sakonagorik ez argitzearen sentsazioa izan dut.

Artearen eta literaturaren arteko hibridazioa erakusketako gai gisara planteatu beharrean, lan egiteko metodologia bezala planteatu izan balitz, joko gehiago eman zezakeen susmoarekin gelditu naiz erakusketa ikusita. Hala eta guztiz ere, eskertzekoa da modu honetako saiakerekin topatzea, eta pena litzateke gertakizun anekdotiko hutsa izatea honako hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.