KRITIKA. Artea

Erakusketaren mahaikide

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

'Uholdeak: mahaira'

Artistak: Amaia Molinet, Maia Villot, Fermin Jimenez Land, Greta Alfaro, Leire Urbeltz eta Fermin Diez de Ultzurrun. Non: Altsasuko Iortia Kultur gunean. Noiz arte: Otsailaren 2ra arte.

Mahaiaren inguruan gauzatzen diren ekintzak eta hari lotu diezazkiokegun ideiak asko dira. Esaterako, mahaiaren inguruan egin ditugu Gabonetan afariak, bazkariak, solasaldiak... Goxotasunez eta afektuz oroitzen dituzuen momentuak dira, seguruena. Alabaina, ezin dugu ukatu ikuskera nahiko estereotipatua dela hori, zenbaitetan goxotasun hori arrotz bilakatzen baita. Goxotasun horretatik aldenduta, esparru formal edota informaletako mahai inguruetan, esaterako, norberaren ikuspuntua mahai gainean jartzeak solasaldiko partaideen arteko ideien, zalantzen, auzien hartu emana bideratzen du. Mahaia eztabaidarako gune bihurtzen da.

Ildo honetan, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak Nafarroan arte garaikideak jasaten duen hutsunea asetzeko asmoarekin planteatu du Uholdeak: mahaira proiektua, Maria Ozkoidi komisarioak josita. Periferia arte garaikidearen zertzeladaz bustitzeko helburuarekin sortutako erakusketa bidaiaria da, espazio bakarrera mugatu beharrean, hainbat herri baititu geltoki: Agoitz, Tutera, Altsasu eta Tafalla. Herri bakoitzak eskaintzen duen erakusketa-espaziora moldatuz, publikoa hausnartzera, pentsatzera, eztabaidatzera eta parte hartzera gonbidatzen du. Altsasuko Iortia Kultur Gunean dago erakusketa orain, eta piezen arteko saretzeak eta loturak bultzatzen ditu espazio bakar eta irekia eskaintzen duen bertako erakusketa gelak. Otsailaren 7an Tafallako Kulturgunean irekiko dute.

Begiratu bakarrean, mahaiaren ideiak helarazi ziezagukeen goxotasuna zeharkatzen du erakusketak, eztabaidarako gune bilakatzen baita. Sei artista nafarren lanak ehuntzen dira elkarren artean bertan, mostrak arte garaikideak Nafarroan pairatzen duen egoeraren inguruko hausnarketa bultzatzea baitu helburu. Izan ere, zein da arte garaikidearen eta honi lotutako agenteen egoera Nafarroan? Zer aukera dituzte? Eta zein lotura dute haiek beren lurraldearekin? Komisarioak azaltzen duenez, urteak eman zituen atzerrian, eta bueltatzean suertatu zitzaizkion koskak islatu ditu erakusketan. Beraz, ezinbestekoa da honen irakurketa pertsonala egitea.

Inguruan barneratzean, aipatutako goxotasuna adierazten duten objektu eta irudiekin elkartzen gara: natura hil barroko bat oroitarazten digun bideoa, ospakizun argazkiak, argazkien estetika retroarekin bat egiten duten mahaiak, lagun arteko jolasa biltzen duen bideoa, familiarteko bazkariei erreferentzia egiten dion nolabaiteko aldare bat, txorizo ogitarteko bat, Islandiako glaziarrak eta Saharako desertua irudikatzen dituzten argazki ederrak.

Orduan, gelak eskaintzen duen lehen argazki serieari arretaz so egiten diogu. Irudiotan erretratatutako alaitasunak zerbait ezkutatzen du, eta ondorioz, halako galderak planteatzen dizkigu: Zer da familia argazki edota lagun arteko bideo ororen atzean dagoena? Ez al dira ba estandarizazio baten seinale? Denboraren poderioz gure kulturan finkatutako kodifikazio baten ikur dira, hain zuzen. Greta Alfaroren bideo eta argazkiok adierazitako alaitasuna arrotz bilakatzen da zuzenean, ospakizunarekiko izan ohi dugun azaleko ikuskera kolokan jarriz eta, argazkietan azaldu ohi ez diren estutasunak azaleratuz. Honela, mahaiari kolpe emanez, hausnartzera gonbidatzen gaitu.

Eta bat-batean, espazioak sortzen duen atmosfera horretan, egunerokotasuneko elementuak eta irudiak transformatzen dira, eraldatzen dira: natura hila zelaiko putreek jango dute; ospakizun argazkien zoriontasun faltsuaz jabetuko gara; puxtarri gainean ezarritako mahai retroek zailtasunez eutsiko diote orekari, ukitu ñimiñoenarekin bulkatu baitaitezke; lagunak ez dira denbora luzean elkartuko; familia ez da igandeetan berriz ere bilduko; ogitartekoa etengabeko lanaldiak ahalbidetzen duen hamabost minutuko deskantsuan jango du Fermin Diez de Ulzurrunek; eta, Islandiako glaziar bertikalak desertu horizontal bihurtuko dira.

Erakusketaren bitartez bideratu ditzakegun irakurketak askotarikoak dira, ikuslea partaide aktibo izatera gonbidatzen baitu Maria Ozkoidik. Aurkeztutako piezetan murgiltzen garen heinean, erakusketaren erroetan, identitatea, lurraldetasuna eta familiari lotutako kontzeptu unibertsaletatik abiatzen diren gogoetak plazaratzen direla igarriko dugu. Beraz, inguruan murgiltzean, geure buruari planteatzen dizkiogun hausnarketak mahai gainean jartzen baditugu, eztabaida-gune bihurtu den mahai-inguruaren mahaikide izango gara. Paradaz parada,Agoitzen, Tuteran, Altsasun edo Tafallan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.