KRITIKA. Artea

Kontatu ez diguten istorioa

Nerea Lekuonaren erakusketako piezetako bat. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'Desataduras'



Artista: Nerea Lekuona. Lekua: Gasteizko Montehermoso Kulturunea. Noiz arte: Azaroaren 15era arte.

Memoria eta historia ez dira gauza bera, lotura zuzena duten kontzeptuak badira ere. Memoriak oroitzapen kolektibo bati erreferentzia egiten dio, eta historia, berriz, iraganaren antzezpena da; horren eszenifikazioa, alegia. Esaterako, Espainiako trantsizioko testuinguruari so egiten badiogu, agerikoa da memoria eta historia ofizialaren arteko arrakala. Zulo iluna da hura, batez ere garai hartan jazotako gertakarien testigu izan ez ginenontzat, kontakizun ofizialetatik at kontakizunak bestelakoak baitira.

Hain zuzen, trantsizio garaiko kontakizun ofizialak eusten duen soka askatzeko pistak uzten dizkigu Nerea Lekuonak Gasteizko Montehermoso Kulturunean aurkeztutako Desataduras erakusketan. Eraikinaren lehenengo solairuan dago, eta hainbat espaziotan egituratzen da Lekuonak proposatzen duen gogoeta bisual eta grafikoa. Ofizialtasunetik aldendurik, norberak testuinguru hartaz izan lezakeen interpretazio askea aktibatzea bultzatzen du artistak. Horretarako, espazioan aurrera egin ahala, garai harekin lotura zuzena duten hitzak eta iruditeriak ematen ditu aditzera. Oroitzapenek, hitzek eta irudiek historiaren soka estutzen dute, eta estutzeak horren pitzadurak bistaratzen ditu.

Lekukotasunak ere paper zehatza jorratzen du erakusketan, trantsizio garaiko Gasteizko testuinguruarekiko erreferentziak baitaude. Erakusketaren lehenengo espazioarekin kontaktua izan bezain pronto ohartuko gara faktore horretaz. Mapak, mapak eta mapak aurkezten zaizkigu nonahi: Iberiar penintsularen ingerada mantentzen duten hamarnaka mapa. Alabaina, penintsularen barnean sumatzen diren irudiak bestelakoak dira, mapak berriz ere, baina beste eremu batzuetakoak: Gasteizkoak, Euskal Herrikoak, Europakoak, Madrilgoak, munduko mapak... Badira eduki bera errepresentazio eredu ezberdinekin irudikatzen du tenak ere, mapen egitura bera ere perspektiba kontua baita. Segun eta nork egituratu, horren edukiak gauza bat edo beste adierazten duela helarazten dute tamaina anitzetako irudiok.

Mapen ilustrazioa partziala den era berean, historiaren kontaketa ez dela absolutua, perspektiba kontua dela jakinarazten digute hurrengo geletako piezek. Horren adierazle da, esaterako, hurrengo espazioko horman esekitako kartel gorri handia. Zerbait dago idatzita letra beltz, handi, larri eta estuez, aurreko ispiluan begiratu arte argituko ez dugun mezua. Horren pare-parean kokaturik, nire islaren atzean agertzen den hitzak nolabaiteko ezinegona sortzen dit: «DIKTADURA». Prozesu baten abiapuntu izango balitz bezala, irakurketa irekia eta anbiguoa da. Espazio berean garai hartako iruditeriak oraingoekin integratzen dira, objektu bakarrean, bi aroen arteko jarraitutasunari dei eginez.

Hurrengo espazioetan topatuko ditugun elementuek anbiguotasuna zein ironia mantentzen dute. Irudiak desagertu, eta hitzek hartuko dute gure ikus-eremua. Aurreko espazioan igarri den eran, hitzak edota esaldiak irudikatzeko eretan egonen dira artistak argitu nahi dizkigun koskak: tipografian, hitzen tamainan, euskarrietan...

Esaterako, behin eta berriz irakurri dezakegu, hirugarren gela zeharkatzen duen paperezko biribilki luzean, honako esaldi hau: «Hitzeman dezaket eta hitzematen dut». Hitzen tipografia gotikoa, tartekatzen diren kolore beltz eta gorriak... Kutsu espektrala igartzen da. Hitzaren eta akzioaren arteko amildegia handitzen du artistak. Izan ere, zenbatetan entzun ditugu inoiz gauzatu ez diren promesak? Ez al dira ba botereak erabilitako manipulazio sistema eraginkorrak? «Hitzeman dezaket eta hitzematen dut», baina ez dut egingo.

Era berean, aurretik esan bezala, lekukotasunarekiko erreferentziek ezinbesteko papera dute erakusketan, eta 70eko hamarkadako bigarren erdialdera garamatzate. Bada, 1976. urteko martxoaren 3an kokatzen gara lurrean esekitako paper zati handi batean idatzitako hitz luzeak deszifratzen ditugunean: «Kalea nirea da». Hitzak esperientzien testigantzak dira, eta testigantzak, idatzita ez dagoenaren froga. Boterearekiko talkak eta tirabirak sumatzen dira erakusketan aurrera egin ahala, memoria eta kontakizun historiko ofizialen arteko tentsioak. Hain ondo lotuta dagoen soka urratzen hasiak direnak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.