KRITIKA. Artea

Desengainua

Dennis Adams artistaren zenbait artelan, Donostiako Altxerri galeriako Remake erakusketan. ALTXERRI GALERIA.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun

'Remake'

Non: Altxerri galeria, Donostia.Noiz arte: Urriaren 31ra bitarte.

Udazkenean gaudela sumatzen da. Haizeak gogor astintzen ditu Kristinaeneko zuhaitzetako hostoak, dantzan dabiltza haietatik igarotzen den korrontearen txistuaren erritmoan. Euri tantak tarteka, eta nik xirako txanoa jantzia dut, ia begiak estali arte, esku batekin oratzen dudalarik atzera ez erortzeko. Bakar-bakarrik nago. Nire pauso hotsak eta haizearen txistu hotsak bat egiten dutela iruditzen zait. Askotan igaroa naiz parketik, Donostiara joaten naizen bakoitzean ia, baina gaurko paseoa berezia izan da.

Dagoeneko bat baino gehiago pentsatzen hasia izango da: baina zer du ikustekorik zuhaitz arteko paseo batek arte kritikarekin? Ba ezer ere ez, eta dena, era berean; bereziki, dena. Izan ere, erakusketa baten bisita oro bakarra da. Bakarra, ez soilik aretoan egon daitezkeen aldaketengatik, baizik eta baita bisitariak —zuk edo nik— aurretik bizitako bizipenengatik, izandako sentsazioengatik, gertaerengatik edo buruan bueltaka daramatzagun pentsamenduengatik. Horiek egunero ezberdinak baitira, eta erakusketan izango dugun esperientzia ere erabat baldintzatzen baitute. Ni egun hartan pozik nintzen, lasai, erakusketa ikusteko gogoz.

Ez dira galeria asko Donostian daudenak, esku bateko hatzekin konta daitezke erraz, eta ia erdiak ere sobran izango nituzke hala ere, seguruenik, tamalez. Argi dago egun euskal testuinguruan artearen hegemonia Bilbon biltzen dela, baina horrek ez du esan nahi inondik ere besteak atzean utzi behar direnik. Gipuzkoako gotorlekuan eusten diotenetariko bat Altxerri da.

Orain martxan dagoen erakusketaren izenburua irakurria nuen bertara joan aurretik galeriaren web orrialdean: Remake. Aurretik egindako erakusketaren bati eginiko keinua izango zelakoan nengoen, beste proiekturen baten birbegiratzea, adibidez. Baina imajinazioak pasada txarrak ematen dizkit batzuetan. Ahaztua nuen udazkena Donostian Zinemaldiaren garaia dela, eta nahiz eta festibala irailean gauzatzen den, haren hegoak zabalago hedatzen direla, urtaro honetan hiriburuko eskaintza kultural ia guztia haren baitan dantzan ibiliz, gainontzeko ideia guztiak izoztu balira bezala. Badirudi Donostian urrian eta irailean zinemarekin zerikusia duen zerbait programatzea obligaziozkoa dela, nahiz eta aretoetan nahikoa pelikula baditugun hilabete hauetan zinema gosea asetzeko. Eta, jakina denez, gehiegi jateak enpatxua dakar; gauza onik ez.

Eta erakusketak, tamalez, gehiegikeria horri erantzuten dio. Ez dio inolako ekarpen berezirik egiten testuinguruari, eta Zinemaldiaren inertziak eta korronteak arrastatuta eginikoa dela antzematen da. Galeriako orrazietan bilaketa bat egin, eta zinemarekin zerikusia izan dezaketen lanen hautaketa bat egin osteko proposamena dela dirudi horma zurietan eseki dutena, tamainaren arabera-edo ordenatuta, eta lanik gehienak oharkabean igarotzen direla. Ez dute distira berezirik sortzen. Egileen artean nazioarteko izen ezagunak ageri dira bertako batzuekin nahasturik, baina euren artean emakume artista bat bera ere ez. Azaroan eta bereziki martxoan ez bagaude, maiz emakume artistak egon badaudela ere ahaztu egiten da, nonbait, oraindik ere. Eta hau are esanguratsuago bilakatzen da Zinemaldiaren garaian kokatzen garela kontuan hartuta —Donostia bisitari berriz betetzen baita—. Izan ere, ez da ahaztu behar, azken finean, galeria baten lana, besteak beste, babesten dituen artisten lanak saltzean datzala, bitartekari lanak egitean, haien proiektuak ikusgai ipintzean. Eta horretarako, galeristak lan egiteko duen erakusleihoetariko bat galeriako hormak dira, eta haietan guztia kabitzen ez denez, zer jarri eta zer ez, hautaketa bat egin beharra dago: batzuk agerian gelditzen dira, begien bistan, eta besteak, berriz, almazeneko iluntasunean. Argi dago nork duen saldua izateko aukera eta abantaila handiagoa, ezta?

Erakusketatik ateratakoan zeruak goibel jarraitzen zuen. Haize ufadek itsasoko olatuak harrotzen zituzten Kursaaleko harrien kontra, eta euria hasi zuen, gogor. Xirako txanoa jantzi nuen berriz, baina tantak aurpegiaren kontra lehertzen zitzaizkidan berdin-berdin. Erakusketan ikusitakoari bueltaka ari nintzaion; poza desengainu bilakatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.