KRITIKA. Artea

Freskotasuna

Gasteizko Artium museoko erakusketako irudi bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

'Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoakEuskal Herrian1977-2002 aldian'

Non: Gasteizeko Artium museoan. Noiz arte:Datarik gabe.

Ez da ez atzo, ez eta azken hilabetean inauguratutako erakusketa Artiumen ikusgai dagoen Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian proiektua. Otsailetik dago martxan, eta ez du epemugarik ixteko. Denborak gelditu eta moteldu diren honetan, izaera geldoagoko eta luzeagoko proiektuek are eta zentzu handiagoa hartu dute, astebeteko, pare bat asteko edo, gehienez, hilabeteko iraupen asmoarekin sortzen diren erakusketen aurrean, etengabeko ekoizpen, produkzio eta kontsumoari erresistentzia eginez.

Freskotasuna nabari da, haize berrien korronte irekia, espazioaren antolamendutik hasi eta haren edukiak ere zeharkatzerainoko aire ufada. Bilduman oinarritutako erakusketa honek aurreko garaietan erakusketa mota honek zapaltzen zuen espazio bera du oinetan: sotora jaitsi eta eskuinaldean gelditzen den hegala, Artium aurretik ere ezagutzen zuen edonorentzat jarraitutasun sentsazioa bermatuaz, era berean. Haize berriek ez dute instituzioa arroztu. Hala ere, aretoko hormen disposizioa ezberdina da; argia eta kanpoko errealitatearekiko lotura ere bai. Eta, beraz, aretoan zehar gorputzak mugitzeko moduak, hartzen diren norabideak eta bizitzen diren esperientziak ere ezberdinak dira, baita bertan instalatutako objektuekiko izan dezakegun harremana ere.

Baina, instalazioan eta espazialtasunean ez ezik, erakusketaren edukian ere aire freskoa nabari da; bildumaren erakusketa izanagatik, bilduma aitzakia hutsa bilakatu delako hemen. Instituzioetan, tradizionalki, badirudi bildumako lanei balioa emateko modu bakarra bertako ahalik eta lan gehien erakustea dela. Ezkutuko lehiaketa bat dirudi askotan: nork izan lan hobeak, egilerik ezagunenak, baliorik handiena dutenak; nork bisitari gehiago lortu haien aitzakian, eta, ondorioz, nork lortu izen edo ospe handiagoa. Miro bat bildumaren zati baldin bada, horrela, bekatu bilakatzen da hura bildumaren erakusketan ez ipintzea, bisitariak haren bila joan, eta horrek instituzioari prestigioa ematen dion ustean edo. Hala, ezin ulertuzkoa bilakatzen da, bildumaren zati diren lanez gain, beste iturrietako objektuak edo piezak erakusgai ipintzea; bilduma guztiak osoak, perfektuak eta gabeziarik gabeak balira bezala. Gabezia horiek azaleratzea lotsagarria izango balitz bezala.

Erakusketa honetan, berriz, badirudi ustezko gabezia edo bete beharreko premisa horiek alboratu, eta bildumaren erakusketan birplanteamendu bat egin dela. Hain zuzen ere, ez da bildumaren erakusketa huts eta sinple bat, baizik eta, hura aitzakiatzat hartuta, jatorri edo abiapuntu gisara erabiliz eta ikerketa oinarritzat hartuz eginiko proiektu diskurtsibo trinko bat. Anbizio handiko proiektua da; izan ere, Euskal Herriko artearen historiaren begirada bat plazaratu nahi izan da bertan; zehazkiago esanda 1977. eta 2002. urteen artean kokatua. Hala izanik, ezinbestean datozkigu burura azken urteetan helburu berarekin egindako beste hainbat proiektu ere; berriena Bilboko Arte Ederren Museoan 2018an inauguratutakoa izanik: 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018.

Izaera honetako proiektuek, ordea, beti beldur puntu bat eman izan didate, artearen historiografia lantzea ezinbesteko eta beharrezko ekintza den arren, historizazioa helburu duten erakusketek tradizionalki diskurtso totalizatzaile eta hegemonikoak sortzeko joera izan ohi dutelako. Historia bakar bat plazaratzeko eta justifikatzeko asmoarekin, bazterrekoak beti itzalpean utziz, beste inolako irakurketei lekua eman gabe, gertatutakoaren egia bat eta bakarra egongo balitz bezala. Kasu honetan, ordea, joera hori ekiditeko asmoa begi bistakoa da hasiera-hasieratik. Diziplinen arteko jolasarekin egituratzen da erakusketa, poesiaren presentzia ere izenburuen bidez aretora ekarriz. Feminismoaren posizionamendutik eraikitako begiradak ere antzematen dira, gorputzari eta mota ezberdinetako gorpuzteei presentzia emanaz eta, arte ekoizpenez gain, besteak beste, hain garrantzitsuak izan diren instituzionalizazio prozesu eta gizartearekiko elkar harremanak ere plazaratuz.

Irakurketan konplexua den erakusketa bat da, ibilbide huts bat eskaini ordez, historiografiara hurbiltzeko hamaika bide proposatzen dituena; bide berriak, ezohikoak, arriskatuak, agian, zenbaitentzat, bildumari lotutako erakusketa dela kontuan hartuz eta parametro tradizionalenei jarraitzen ez dielako, baina benetan eskertzen den freskotasuna dakarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.