KRITIKA. Artea

Ez dago beste inoren beharrik

Ikusle bat, Lee Krasnerren hainbat lani begira, Bilboko Guggenheim museoan dagoen erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

'Lee Krasner.Kolore bizia'

Non: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: 2021eko urtarrilaren 10.

Tarteka, Guggenheimeko sarreraren gaineko iragarki oihaletan emakumezko artisten izenak ageri dira gizonezkoenen alboan. Tarteka bada ere, museoaren zenbait aretotan emakumezko artisten banakako erakusketak egiten dituzten seinale da. Aurten, gainera, esango nuke emakumezko artisten lanari eskainitako banakako erakusketen presentzia ohi baino handixeagoa izan dela: udaberri partean Lygia Clark: pintura eremu esperimental gisa 1948-1958 erakusketak ateak ireki baitzituen; eta, ondoren, Lee Krasnerren lanek lekukoa hartu zioten oraindik ikusgai dagoen Lee Krasner. Kolore bizia proiektuaren bidez.

Erakusketa kronologikoki antolatuta dago, eta atzera begirako baten egiturari jarraitzen diola esan liteke: lehenengo aretoetan artearekin gazte-gaztetatik izandako harremanak eta orduko lanak topa daitezke, alegia Krasnerrek egindako lehen pausoak; eta azken aretoetan, berriz, bere karrera profesionalean eginiko azkenetariko lanak daude.

Orokorrean, aretoetan barrena ibiltzea, paseatzea, gozamena da. Lee Krasnerren lanek indar berezia dute, lehenengo garaietako pinturetatik hasi eta amaierakoetaraino zabaltzen dena. Lanen formatu handiek, gainera, kolorearen potentzia are gehiago indartzen eta azpimarratzen dute, eta ikuslearen begirada—eta zenbaitetan gorputza bera ere— mihiseak blaitzen dituzten lerrodura abstraktu eta organikoetan galtzen da; bihurduraz beteriko lerrodura zurrunbilotsuetan.

Erakusketan garai ezberdinak hautematen dira begirada hutsarekin, aretoetako lanetan ikusten diren aldaketen harira. Lehen urteetakoetan pintura trinkoagoa da, formatu txikiagoaren erabilera nagusitzen da eta beltzaren presentzia nabarmena zela ikusten da. AEBetan, abstrakzioaren ildoan pintatzeko beste modu bati ateak ireki zizkion artistak, zalantzarik gabe espresionismo abstraktuaren aurrekari garrantzitsuenetariko bat izan zen, eta horren erakusgai dira lan hauek.

1950eko hamarkadaren bueltan, haren ekoizpenak bira egin zuen, eta teknika berri bati ateak ireki zizkion: collageari. Horrekin batera, haren mihiseen formatua ere handitu egiten da, ia bikoizteraino zenbait kasutan, eta lehenengo garaietako zurrunbilo itxi eta oretsuek forma organikoagoei eta koloretako gainazal zabalagoei egiten diete sarrera. Lan ederrak dira benetan, gozatzekoak. Aurretik itxiak eta iragazgaitzak ziruditen zurrunbiloen handipenak dirudite, haietara sartzeko baimena emango baligu bezala, kolorea eta harmonia gailentzen direlarik begien aurrean. Ondorengo urteetan bere hatzekin egindako lanak ere liluragarriak dira. Finagoak, agian, baita gertuagokoak ere: gorputzetik gorputzera eginikoak dira, eta halaxe hautematen dira. Artelanak ikustea gozamena da.

Arazoa, ordea, begiak artelanetatik apartatu eta aretoetako hormetan itsatsirik dauden testuak irakurtzean hasten da: diskurtsoaz jabetzean, alegia. Izan ere, badirudi oraindik emakumezko artisten lanak erakutsi eta historiografiatzeko arazoak ditugula, haien bikaintasuna erreferente edo alboan izandako gizonezkoei lotuta azaltzen ez bada, behintzat. Argi geratu denean, batetik, pertsonen arteko elkarrekintzak beti bi noranzkoak izan ohi direla; eta, bestetik, gizonezkoen lana eta maila haien autonomian aztertu eta baloratzen den era berean egin daitekeela emakumezkoen lanen kasuan ere. Horrela, erakusketako testuetan Lee Krasnerren lanen azterketan eta bilakaeran zentratu behar zuten ideiak eta gakoak agertu beharrean, begietako mina eragiten du Jackson Pollocken izena behin eta berriz irakurtzeak, ia Krasnerren biziak eta lanak haren presentziarik gabe zentzua izango ez balute bezala.

Gustagarria da museoetan emakume artisten ikusgarritasuna handitzen ari dela ikustea, eta, gainera, azken garaian joera hau euskal testuinguruan gero eta gehiago errotzen ari dela ere esatera ausartuko nintzateke, zorionez. Baina, kontraz, ezin albora ditzakegu diskurtsoak, horiek baitira erakusketari zentzua ematen diotenak. Eta helburua historiografia tradizionala zalantzan jarri eta ertzetan gelditutako lanak eta egileak berreskuratzea baldin bada, itzalean gelditutako horiei ikusgarritasuna soilik bermatuz ez da lortuko errotiko aldaketa sakonik, zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.