KRITIKA. Artea

Aritzetik ezagutzara

June Cresporen lanetako bat, Artiumeko Helmets erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Helmets'

Artista: June Crespo. Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: Maiatzaren 2ra arte.

Artiumek azken zuzendaritzarekin hartutako bide berria aurreko erakusketekin jada sumatzen bazen ere, denborak aurrera jo ahala eta erakusketa berriak irekitzearekin batera, ildo berria gero eta gehiago sendotzen eta finkatzen ari da, euskal testuinguruan faltan hartzen zen hutsune bat modu kontziente eta serioan betez. Orain arte, hurrenez hurren, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ekoizten hasitako artistak izan baditugu, azken proposamena belaunaldi bat gaztexeagoa den beste artista baten lanaren bueltan egituratuta dator: June Cresporen Helmets erakusketa da.

2015etik 2020ra bitartean egindako lanak bildu dituzte aretoetan, eta erakusketarako propio egindakoak ere badira tartean. Hala ere, azken berezitasun hori ez da inolaz ere antzematen lanak ikustean; are gehiago, erakusketari batasun sakonagoa eta koherentzia handiagoa emateko baliatuak izan direla esan liteke. Izan ere, nahiz eta bost urte luzetan egindako ekoizpena egon erakusgai bertan, lan zaharrenetik berrienera egon zitezkeen ezberdintasunak erabat hutsalak dira. Etengabeko ikerketarako irrika duen artista baten gisara, bere lanak burutzeko garaian Crespok egiten dituen aurrera atzerako etengabekoak dira horren arrazoia. Lehen aldiz erabilitako formak ondorengo urteetan behin eta berriz berreskuratzen ditu, haiekin lan eginez, ikuspuntu berriak atxikiz eta material ezberdinekin froga eta emaitza berriak lortuz; baina beti jatorrizkoarekiko harian erabateko etenik egin gabe. Bere lanaren ezaugarri horrek, bere ekoizpenaren osotasunari koherentzia emateaz gain, are sakonagoa bilakatzen du, metodologia jakin bat sortzeraino: ia haurtzarora garamatzan ezagutzarekiko harremana ipintzen du mahai gainean, aritzearen bidez, esperimentazioaren eta intuizioaren bidez lortzen den ezagutzara, hain zuzen; baina, era berean, oso prozesu eta ibilbide kontzientea da.

Ikuslea, gainera, esperimentazio jolas horietan ere erabat barneratzen da, intuiziozko hurbilketa horrek bisitan izan dezakeen esperientziarekin bat egiten duelako. Ikuslearekiko harreman hori erakusketaren tituluaren bidez ere bilatzen dela dirudi. Izan ere, Helmets, proiektuaren izenburua izateaz gainera, bertan dauden lan zehatz batzuena ere bada: baina zein dira lan horiek? Ezin jakin zehazki, erakusketan ez baitaude lanen izenak; ezagutzen denaren eta ez denaren arteko jolasa da berriz ere azaltzen dena, beraz, eta, ondorioz, bisitariak intuizioan, esperientzian eta esperimentazioan besterik ezin daitezke oinarritu bere ezagutza propioa garatzeko. Ondorioz, lanen irakurketak aniztu eta zabaldu egiten dira, eta artistaren lan egiteko modura ere hurbilketa lortzen da.

Gorputza ere oso presente dago Cresporen lanean, baina presentzia hori gure gorputzekiko erlazioan erabiltzen ditugun objektuen bitartez lortzen du plazaratzea. Azken finean, izaera ezberdinetako objektu batzuen eta besteen arteko jolasak eta uztarketak egiten ditu. Gorputzarekin izatez harremanik ez duten objektuei gorputzaren izaera atxikitzen die, hain zuzen ere, objektu horiek haragizko gorputzak izango balira bezala, bestelako oihalekin inguratzen eta biltzen baititu. Gehienetan, gainera, gorputzak babesteko erabiltzen direnak izaten dira: mantak, lo zakuak, arnesak... Nolabait, horiekin biltzen dituen objektuen izaera gogorra ezbaian ipiniz.

Aretoaren arkitekturarekin jolasteko nahia ere badago, espazioa bera eta haren ezaugarriak eskulturen instalazio, materia eta zuloekin bat egitekoa; elementu guztiekin osotasun bat lortzekoa. Helburu horrek, ordea, ez ditu kasu guztietan nahi bezalako emaitzak eman. Agerikoa izan denean, oso emaitza interesgarriak bermatu ditu, ikuslea bera ere espazioarekiko eta artelanekiko bestelako harremanetan murgilduz eta eskulturaren eta aretoaren arteko uztarketen erdian kokatuz, bere erosotasun espaziotik ateraz. Beste zenbaitetan, aldiz, No osso (occipital) lanaren kasuan bezala, objektuaren eta espazioaren arteko lotura, jolasa edo bateratzea sotilegia izan da; oharkabean pasatu da, haren bidez sor zitezkeen tentsio une eta zalantza edo hausnarketa momentuak galduz. Pena.

Erakusketaren azken emaitza on eta interesgarriaren gakoa, ordea, artistaren eta Beatriz Herraezen —proiektuaren komisarioetako bat— kolaborazioan egon daitekeela esatera ausartuko nintzateke. Aurreko proiektuetan ikusi denez, Herraezek espazioak ulertu eta haietan lan egiteko duen gaitasuna aparta baita, eta oraingoan ere ez du hutsik egin: oso instalazio fina gauzatu du, oso estetikoa, piezei hitz egiten utziz eta beren izaera propioa are eta gehiago azpimarratzeko aukera emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.