KRITIKA. Artea

Haiek subjektu eta gu objektu?

Elvira Palazuelosen obra bat, CTRL+C / CTRL+V erakusketan. J MANTEROLA / FOKU.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun

'CTRL+C / CTRL+V'.

Artista: Elvira Palazuelos.Non: Iruñean, Nafarroako Unibertsitateko Publikoko Sarioan. Noiz arte: Martxoaren 10era arte.

Irudiak nonahi daude; egunero, edonon, edonola inguratzen gaituzte. Hain presente daude, ezen batzuetan ahaztu egiten dugu hor daudela, azken finean, geu ere irudi baikara. Eta ahanztura horretan barneratzen da irudiok gugan eta geure iruditeria propioaren eratzean duten eragina. Egia ia absolutua dela esan genezake, esaterako, ikus-entzunezkoen kasuan: telesailek, zinemak, kaleko/etxeko/sareetako iragarkiek igortzen dituzten irudi eta jarrerek ikusleongan eragin pisutsua dute. Alegia, horien bitartez iruditeria zehatz bat eraikitzen dugu.

Bada, izan, gehienok konpartitzen dugun iruditeria horien iturriak ikus-entzunezkoetatik eratorritako hegemonia baten parte dira. Hain zuen, emakumeak irudi eta gizonezko zuri-heterosexualak subjektu bihurtzen dituen hegemonia patriarkala da hori, non pertsonaia femeninoak feminitate patriarkalaren arketipo huts bihurtzen diren. Zer esanik ez atzerantz begira eta zinema klasikoaren maisulantzat hartzen direnak berrikusten baditugu: Metropolis (Fritz Lang, 1926), Haizearekin joana (Victor Fleming, 1936) eta Atzealdeko leihoa (Hitchcock, 1954), besteak beste.

Hari horretatik tiratzen du Elvira Palazuelok NUPeko Sarioan egituratu duen erakusketan, CTRL+C / CTRL+V izenburupean. Halatan, betidanik askoren iruditeria kolektiboaren parte izan diren filmetako emakumeen fotogramak kopiatu, moztu eta bestelako begirada bat eskaintzen diguten istorioetan itsasten ditu Palazuelok. Ordenagailu bidez eginiko collageak egiteak suposatzen duen klikatzearekin, pertsonaia femeninoei bestelako gidoi bat eskaintzen die.

Esan bezala, erakusketa NUPeko erakusketa gunean egituratzen da; beraz, ez dago ohiko espazio museistiko batean. Alabaina, zirkuitu kanonikoetatik kanpo sorpresak izan ditzakegun seinale argia da CTRL+C / CTRL+V, espazioan barneratzean kolore biziz egituratutako 61 collagek hartzen baitute geure ikus-eremua. Eta, hauetara gerturatu bezain pronto, irudiok hausnarketa estetikoak zein kontzeptualak garatzeko bulkadak egiten dizkigutela sumatzen da. Kolore erakargarri eta dirdiratsuz eginiko konposizioetako irudietan, hormak hornitzen dituzten konposizio bidimentsionalek zinemaren historian aurkeztu zaizkigun emakumetasun kanonak urratzen dituzte.

Ingerada arrosak, moreak, laranjak, berdeak, urdinak... Hain zuzen, kolorezko ingeraden atzean azaleratzen diren fotograma txuri-beltz askotan femme fatale-ak, etxeko aingeruak, emakume histerikoak ditugu. Horiekin batera, txiki-txikitatik irakurri, entzun edo ikusi ditugun alegiazko ipuinetako printzesen marrazki bizidunak fotograma klasikoekin uztartzen dira. Hasierako erakargarritasun gozo hura gazi bihurtzen da orduan. Izan ere, nork eraikitzen ditu emakumetasun eredu horiek? Begirada patriarkalak. Begira horrek eraikitako eredu estereotipatuak ez dira kasu isolatua; film, iragarki edo istorio askok erabiltzen dituzten arketipo hutsak baizik. Halaber, kultura bisual kolektibo baten muntatzean eragiten duten irudiak dira horiek.

Era berean, erakusketak okupatzen duen espazio bakar eta irekian aurrera egin ahala, iruditeria klasikoak eta garaikideak konposizio batean batzen direla ikus dezakegu. Baina... irudiak xehe-xehe aztertzen ditugunean, argi geratzen da kontakizunek ez dutela betiko gidoia jarraitzen. Film, istorio edo inguru ezberdinetatik ateratako irudiak puzzle baten piezak bihurtzen direlako. Gainera, deigarria da irudien eta hitzen artean ematen den uztartzeak mezu kritiko eta ironikoak sortzen dituela, non jatorrizko filmen narratibak desagertu arte disolbatzen diren.

Hein handi batean, film garaikideen fotogramen kutsu feministak edo kritikoak fikziozko pertsonaia femeninoen eraikuntza patriarkala urratzen dute. Zenbaitetan haiek baitira zuzen-zuzen begiratzen gaituztenak, irmotasunez galdetu edota erantzuten digutenak: «Femeninoa naiz? / Gizonentzat onegia naiz / Emazte on bat izateko?».

Hari horretatik tiraka, irudi eta hitzen arteko uztartze horrek igortzen duen mezua fikziozko testuingurutik atera eta inguruan nabaritzen dut. Irudiak nonahi dauden era berean, feminitateari lotutako eredu arketipikoak sortzera bideratzen gaituzten erremintak ere badaude, zineman, artean, musikan... Konposizio orekatu eta finez egindako collageek errealitatea fikzio edo fikzioa errealitate bilakatu daitekeela igortzen digute. Eta, era berean, errealitate bihurtu diren fikzioak deseraiki eta berregiteko gai garela bermatzen du CTRL+C / CTRL+V erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.