KRITIKA. Artea

Koreografia kolektiboak

Iruñeko Ziudadelan ikus daitekeen erakusketako lan bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
'Mugimendu batek eragiten duen mugimendua'

Non: Iruñeko Ziudadelan. Noiz arte: Urriaren 24ra arte.

Gorputzarekin, eskuekin, ezpainekin, begiekin... egindako keinuak eta ekintzak gure emozioen islak dira. Emozio indibidual eta kolektiboen arrastoak izan daitezke, baita behin nonbait barneratutako mugimendu kodifikatuen errepikapenak ere, edota bat-batekotasunaren bulkadaz gure gorputzek, eskuek, ezpainek eta begiek gauzatzen dituzten koreografia inprobisatuen emaitzak. Bada, emozioek gidatzen dituzten mugimendu horiek, buruan hasi, gorputza zeharkatu eta espazioak blaitzen dituzte.

Hain zuzen, testuinguru, auzi edota hausnarketa horren magalean kokatzen gaitu, Mapamundistas programaren barruan eta Mugimendu batek eragiten duen mugimendua titulupean, Iruñeko Ziudadelan kokatutako erakusketa sareak. Alegia, mugimenduarekin lotutako kontzepzioak dira Itsaso Iribarrenen eta German de la Rivaren, Lee Shulmanen, Marianne Mispelaereren eta Maria Kourkoutaren lanak ehuntzen dituzten hariak.

Lee Shulmanen lanarekin talka egiten dugunean hasten da hausnarketa prozesua; eta mistoen eraikinera mugitzen garen momentuan Iribarrenen eta De la Rivaren, Leeren, Mispelaeren eta Kourkoutaren lanek emango diote prozesuari jarraikitasuna.

Nahiz eta espazio batean baino gehiagotan egon, eta instalazio bakoitzaren espezifikotasuna aldean utzi gabe, nolabaiteko bateratasuna sumatzen da erakusketen artean. Euskarriak askotarikoak dira: eskulturak, ikus-entzunezkoak, argazkiak... Heterogeneotasun horrek erritmo ezberdinak sortzen ditu espazioak hornitzen dituzten artelanak aztertzeko denboretan.

Labean barneratzen garen momentuan guztiz hartzen gaitu eraikinaren egitura propioan integratzen den instalazioak. Eraikinaren erdialdean, behin eta berriz uretara salto egiten duen gorputza dago. Hura inguratzen duten argazkietan ekintza, mugimendu, koreografia... berberak errepikatzen dira. Pertsona anonimoak daude hainbat garaitan eta agertokitan egindako argazkietan. Baina mugimendua berbera da kasu guztietan. Haren bitartez, beste espazio batera egiten dute salto, beste ur baten hezetasunak azalak bil diezazkien.

Mistoen aretoko bigarren solairurantzako eskailerak igotzen ditugun momentuan guztiz desagertzen da mugimendu azkar eta dinamikoa. Gorputz zatikatuak gogora ekartzen dituzten eskultura multzoak daude bertan. Zoruan, hormaren kontra sostengatuak... baina, gorputzak gogora ekarri arren, ez dute bizitza ematen dieten haragirik; arropak baitira. Egunerokotasunean gorputzak mugitzen dituen horiek gorputzik gabeko gorputz zurrunak dira.

Bat-batean, mugimendua hasten da berriz ere. Kaleak, poemak, kaleak, testuak, kaleak, aurpegiak. Kaleen isiltasuna goratzen duten horien aurka, espazio publikoen bizitza eta nortasuna goraipatzen duen ikus-entzuneko bat aurkitzen dugu. Alboko espazioan barneratzen gara. Maria Kourkoutaren filmak harrapatzen gaitu. Eta, filmaren dinamikotasunaren aurrean erakusketaren erritmoa azkartzen da. Alabaina, begiratzen dugun hura azkartzen bada ere, oraingoan gelditzen dena gure gorputza da.

Irmotasun hura berriz ere atzean utziko dugu espazioan aurrera egin ahala; hain zuzen, Marianne Mispelaeren lana aurkezten zaigunean. Ehunka pertsonak eskuekin egindako keinu mutuen zaratak hartzen gaitu. Indibidualtasunetik kolektibotasunera eramaten gaituzte eskuekin sortzen diren forma kodifikatuek.

Eta, era berean, keinu zehatz bat egitera bultzatzen gaituzte, keinu isilen mezuak ulertzeko eskuak ere behar ditugulako. Argazkien azpian testuak daude, eta testuek keinuen zergatia eta jatorria azaltzen dituzte. Ondorioz, espazioa soinuz betetzen dituzten argazki isilak eskuekin altxatu behar ditugu. Koreografia bateratua sortzen da orduan, erakusketa espazioetan ukimena berriz ere berreskuratzen ari garela goraipatuz.

Halaber, bateratasuna arnasten da Mugimendu batek eragiten duen mugimendua erakusketa proiektuetan murgiltzean. Proiektuak askotarikoak dira, eta bakoitzak bere nortasun propioa du. Alabaina, nahiz eta instalazio bakoitzak hausnarketa zehatz bat bideratu, ondokoekin ere ehuntzen da. Halatan, erakusketaren amaierak, nolabait, ehuntze prozesu hura ekartzen digu gogora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.