KRITIKA. Artea

Distantzien formula

Lorea Alfaroren artelana, Gasteizko Artium zentroan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun

'Do Mess With Me'

Artista: Lorea Alfaro. Non: Gasteizko Artium zentroan. Noiz arte: 2022ko urtarrilaren 16ra arte.

Irudien munduan bizi gara. Irudiak, formak, argazkiak, bideoak... egunerokotasunaren parte bihurtu dira. Halatan, zer puntutaraino datoz bat proiektatzen dugun irudia eta geure identitatea? Eta, gorpuztasunetik at, beste pertsona bat geure irudia kaptatzeaz arduratzen denean, zer da gertatzen dena? Momentu horretan, jarrera, aurpegiaren espresioa eta beste parametro zehatzetara egokitzen dira, eta, klak,argazki, bideo edo Tick tock hartan kristaltzen da hori. Zentzurik izan dezake edo ez, baina zerbait sortzen da hartatik.

Nolabait, egunerokotasuneko lengoaia horietatik abiatzen diren zentzu estetikoez baliatzen da Lorea Alfaro Artiumen aurkeztutako Do Mess With Me mostran, zeina Testuinguruak bilduma batetik abiatuta izeneko programaren parte baita. Programa horren helburua museoak erositako pieza berriak bistaratzea da, eta euskal testuinguruan egun ekoizten eta sortzen ari diren adierazpen artistikoei oihartzuna eskaintzea.

Erakusketa museoko A02 gelan dago kokatuta, espazio bakarreko areto txikian. Gerturatzen garen heinean, gelan barneratu aurretik artistaren lehenengo aztarna sumatzen da: LA (Lorea Alfaro). Halatan, bere siglak erakusketaren testua biltzen duen hormaren gainean bistaratuz, Alfarok bere presentzia aldarrikatzen du, nahiz eta bera espazioan ez egon. Nahiz eta ez ikusi, bertan egon badago. Nahiz eta espazio fisikorik ez okupatu, bere izenaren siglak haren presentziaren sintesi baten moduan ulertu baititzakegu.

Ildo berean, espazio txiki eta karratuan sartzen garenean, bisitaria da hura okupatzen duen bakarra. Bai, espazioaren fisionomia da mostran aurkezten zaigun lehenengo gauza, eta orduan bideo bat pizten da, gero beste bat, beste bat... eta, azkenik, horma zati bat biltzen duten bi argazki gainjarri. Ingurura egokitzen dira horiek, hormetan proiektatzen diren heinean. Halatan, bi hausnarketa sortzen zaizkit lehenengo talka horretan. Lehena: nola erlazionatzen gara hutsik dagoen espazio horrekin? Bigarrena: nola eragiten digute harreman horretan bertan proiektatzen diren bideoek?

Lehenengo bideora gerturatzen naiz, justu ondoko paretan beste bideo bat pizten den bitartean. Bietan irudi geldoak errepikatzen dira, behetik gora. Nolabaiteko eskaner bat izango balitz bezala, gorputzak eta haiek biltzen dituzten arropen tolesturak, ehundurak, markak... geldi-geldi aztertuko balitu bezala. Agertzen diren pertsonek besoak zabaltzen dituzte, eta estatikoak dira, eta irudikatzen duten eszenari nolabaiteko artifizialtasuna ematen diote. Izan ere, bideoan bertan agertzen diren pertsonen aztarnak arakatzen dira, geldo-geldo eta banan-banan. Ondorioz, pertsonaiek proiektatzen duten irudi bateratuen osotasuna desagertzen da.

Adierazkortasun murriztu horretan, nolabaiteko distantzia sortzen da. Egia da egunerokotasuneko eszenak aurkezten direla bertan, baina egunerokotasun haren aztarnak eszena konposatzen duten elementuetan aurkezten dira soilik. Hura filmatzeko era eta bertan agertzen diren figurak aztertzean, egunerokotasun hori desagertzen da. Besoak, arropak, ahoak, begiradak zein filmatzeko erak, euren testurak, mugimenduak, koloreak, aztarnak eta abarrekoak arakatzeko, ulertzeko eta aztertzeko eskaera egiten baitigu.

Haren parean, horma osoa hartzen duten argazki gainjarriak aurkezten dira. Hondoan, horma-paperaren funtzioa gogora ekar diezagukeen estanpatua sumatzen da, zeinak iruditxoen erritmoan bertan gainjartzen den beso bat urratzen baitu. Kontrastea areagotzen da, irudi haren gainean ezartzen den argazkiari so egiten diogun momentuan; hondoko estanpatuaren erritmoa berreskuratzen baita tatuajearen bidez, alde batetik, eta tatuajea haren mihisea den azalak guztiz urratzen duelako, bestetik.

Estanpatuari egindako erreferentziak ez dira amaitzen, kontrasteek eta erritmoek bizia hartzen baitute ondoan proiektatzen ari den bideoan. Bada, estanpatua zetazko alkandoran agertzen da, eta alkandorak Yung Beef trap abeslariaren gorputza biltzen du. Orain, estanpatuaren eta Beef-en tatuajea zein gorputz adierazpenen artean sortzen da elkarrizketa. Berriz ere, kamerak gertu-gertutik filmatzen du pertsonaia, eta, nahiz eta gertu egon, distantzia sortzen da.

Gertutasun, zehaztapen, aztertze horrek distantzia sortzen du, espazio huts eta ilun batean gaudelako kokaturik. Baina, mostran atzera egite hori intermitentea da, intimotasunaren eta publikotasunaren pautak zehazten dituzten ezaugarrien arteko nolabaiteko tentsioa sortzen baita. Halatan, formula berrietara egokitutako forma berriak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.