KRITIKA. Artea

Disidenteen tripak

Formatu ezberdineko lanak bildu dituzte erakusketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
'Gu beti hemen, lehenengo lerroan!'

Lekua: Iruñeko Kondestablearen jauregia.Noiz arte: urrtarrilaren 30era arte.

Inguruak moldatzen gaitu, ezin dugu saihestu. Mendebaldeko gizarte heteropatriarkalak, modu batean edo bestean, haren esanetara eraikitako erreminta anitzen bitartez jarraitu beharreko pautak zehazten ditu. Bestelako moldeak baztertuz, alegia, bestelakoak bazterretara bidaliz. Baina, molde zurrunak bigundu eta birmolda daitezke, eta giltzarria ekintzetan dago. Ekintzek espazioetan barneratu eta bestelako ereduak badaudela argi uzten baitigute, eta hitz bihurtutako ideiak gorpuzten dituzte. Diskurtso hegemonikoek erosoak ez zaizkien hitzak ezabatzen dituzte denboraren poderioz; halatan, antzinako ekintzak ahanzturan murgiltzen dituzte pixkanaka-pixkanaka.

Ekintzek arrastoak uzten dituzte, eta horietaz baliatzen da Fefa Vila komisarioa Gu beti hemen, lehenengo lerroan! erakusketa egituratzerako orduan. Espainiako Estatuko disidentzia sexualek gauzatutako aldarrikapenak eta ekintzen artxiboak nahiz adierazpen plastikoak bistaratzen baititu Iruñeko Kondestablearen jauregiko azkenengo solairuan kokatua dagoen erakusketak. LGTBIQ+mugimenduaren agerraldiak bistaratzen ditu erakusketak, hainbat eta hainbat euskarriren bitartez: egunkarietatik hartutako eranskinak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, material grafikoak...

Erakusketak blaitzen duen espazioa irekia da, eta perspektiba osotu bat izateko aukera ematen digu. Alabaina, espazio arkitektonikoarekin integraturik, erakusketa espazioen neutraltasun zuri eta zurrunarekin hausten du guztiz. Izan ere, jauregiaren erdialdeak klaustroaren egitura mantentzen baitu. Beraz, pausoz pauso eskailerak igotzen ditugun heinean, hirugarren solairua bistaratzen dugu. Eta, distantzian barandetatik eskegitako pankarten letra zuzen eta zorrotzak irakurtzeko beharra sumatzen dute geure begiek: Ni sexo asignado, ni género demostrado (Ez egokitutako sexua, ez egiaztatutako generoa).

Orduan, azkeneko eskailerak igotzean, testuinguruak blaitzen gaitu, bertan zintzilikatuta dagoen oihalaren testua irakurtzean: «Lesbianen Arrisku eta Errehabilitazio Sozialari Buruzko Legea indargabetzearen alde». Erakusketaren abiapuntuak testuinguruan kokatzen gaitu, frankismoaren ondare nazionalkatolikoaren sustraietan errotzen den sisteman, zeinetan ereduak bakarrak eta bakunak diren.

Azkeneko espaziora ailegatzean estimuluak biderkatuko zaizkigu. Esan bezala, erakusketa espazio ireki batean egituratzen da, bazter guztietatik puntu guztiak distantziatik edota gertutasunetik aztertzeko aukera izanik. Alabaina, bost gune tematiko dira espazio ireki hori osatzen dutenak: Maitasuna ezagutzea ez da legea, Plazerari lotutako gorputz intsumisoak, Lehenbiziko iraultza bizirik irautea da, Zure luma ez bazaie gustatzen, iltzatuiezu!, eta azkenik, We are here, we are queer.

Halatan, koloreek, letrek eta formek hartuko gaituzte, adierazpen artistikoak artxiboko materialekin uztartzen baitira. Eta, era ezberdinetan diskurtso eta memoria osatu eta kritiko bat bideratzeko aukera ematen digute. Halaber, publikoaren parte hartze aktiboa bultzatzen da hein handi batean; alegia, ikusleak ikerlari bihurtzen gara. Disidentzia sexualei lotutako adierazpenak biltzen dituzten artxiboen tripak aztertzeko aukera ematen baitizkigute hainbat instalaziok.

Deigarriena, idulkietan goratutako ehunka paperez osatutako pieza izanik, zeinetan letra larriz «Eraman nazazu» esaten digun. Bertara gerturatuta, argi geratuko zaigu historia berridazteko baliagarriak diren memoria disidenteen zatitxo kristalduak direla.

Erakusketak oraindik borborka dirauen garai hurbil baten tripak aurkezten dizkigu, guztiz. Baina, zenbaitetan informazioak gainezka egiten du... Espazioa txikia da, eta, beraz, letren, testuen eta objektuen arteko nolabaiteko gainjartzea sumatzen da zenbait puntutan. Hori da, hain zuzen, artxiboak erakusketa espazioan aurkezteak dituen arriskuetako bat.

Dena dela, erakusketak sortzen digun ikusizko ziztada ukaezina da. Uholde bat sortzen da, zeinetan kaleak zipriztintzen zituzten objektuek eta ekintzek espazio itxiak irekitzen dituzten. Moldeak urratzen dira, eta eraikinaren barnealdea kale bihurtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.