KRITIKA. Artea

Baita gaur egun ere

Andy Warholen Marilyn bat dago ikusgai erakusketan. GORKA ESTRADA / FOKU.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun

'POP POP POP american Pop Art'



Artistak: Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg.Lekua: Kubo Kutxa Aretoa.Noiz arte: Irailaren 30era arte.

Azken urteetan ohitura den bezala, aurten ere Kutxa Fundazioak udarako erakusketa erakargarri bat antolatu du Kubo Kutxa Aretoan. Irail amaierara arte, Pop Art mugimenduaren artista adierazgarrienetako batzuen lanak zuzenean gozatzeko aukera izango da. Dolores Duran arte komisarioak Andy Warholen, Robert Indianaren, Robert Rauschenbergen, Roy Lichtensteinen eta Keith Haringenen ehun bat lan bildu ditu, joan den mendeko 50eko hamarkadan Estatu Batuetako espresionismo abstraktuaren aurka Ingalaterran sortutako mugimenduaren oinarrizko ezaugarriak aurkeztuz.

Pop Art izena Lawrence Halloway kritiko britainiarrak erabili zuen lehen aldiz, 1962an, hainbat gazte irudi popularrak erabiliz sortzen ari ziren artelanak izendatzeko. 60ko hamarkadan, Hollywoodeko izarrak miresten zituen gizarte kontsumistari lotuak, arte bilakatu zituzten eguneroko objektu, irudi eta pertsonaiak, eta goi mailako artearen eta behe mailako artearen arteko mailaketa apurtu. Mugimendu honetan sailkatzen diren artistek bere egin zituzten publizitatea eta komunikabideak eskainitako baliabideak eta ezaugarriak, gizarteak gertukoak zituen adierazpen teknikak erabiliz. Esaterako, collagea edo argazki muntaketak, publizitaterako kartelgintza, kolore planoak eta bidimentsionalitatea, akrilikoa, eta, nola ez, serigrafien bidez sortutako errepikapenak.

Guztiak oso ezagunak diren arren, erakusketako artista aipagarriena Warhol da, artearen mugak gainditu eta miresten zituen izarretako bat bihurtu baitzen. Artistaren lanaren pieza mitikoak zuzenean ikusteko aukera dugu, 1967ko Marilyn bat edo Campbell tomate zoparen irudia erabiliz poltsa baten gainean eginiko serigrafia, esaterako. Horietaz gain, benetan interesgarria da Piero de la Francescaren Santa Apolonia artelanaren bertsioa, mugimenduan errepikatzen den gaia azpimarratuz.

Interpretazioekin jarraituz, Roy Litchensteinek Picasso omentzeko sortutako natura hil batez ere goza dezakegu, artistak berak sortutako beste artelan aipagarri batzuekin batera. Horien artean, 1985ean sortutako American Flag, eta, nola ez, artista hark komikiaren teknika erabiliz garatu zituen Crying girl (1963) edo Crack! (1964). Alde esperimentalago bat garatuz Rauschenbergen lana ere biltzen da, 1973ko Early Egyptian artelana, adibidez.

Erakusketako artista multzoa osatzen duten azken bi artistek profil berezia dute. Robert Indiana 1966ko Love artelan tipografikoagatik da ezaguna. Erakusketan, artelan hau artistaren poesia lanekin nahasten da, 2008an Barack Obamaren kanpainarako sortutako Hope bertsioarekin. Keith Haringen berezko marrazkiez ere goza dezakegu Apocalipsis lanarekin. 1989an hil zen, 31 urte zituela, hiesak jota.

Arte mugimendu hutsal batek eragiten duen ageriko gertutasunak azalekoa dirudien arren, barrura eginda, XX. mendeko bigarren erdialdean garatutako mugimendu honen berezitasuna eta indarra hauteman daitezke. Objektu arruntez sortutako arte fribolo bat dirudi, baina kritikarako ahalmen berezia du, garai hartako (eta egungo) kontsumo gizartearen irakurketa zorrotz bat.

Izan ere, artelan hauek bizitzeko modu baten irudikapena bilakatu dira: kontsumoan, modan eta aisian oinarritzen den kultura baten emaitza plastikoa dira. Bizitzeko modu berrietara egokitu ziren garai bateko lekukoak, eta gaur egunera arte zabalduz joan da, gure kultura ere azalekoa baita, behin eta berriro errepikatzen dena, eta, askotan, aspergarria.

Askotan aipatu izan den bezala, kontsumoaren garai hau erlijioarekin pareka daiteke, bere ikono (marken logotipoak), santu (pertsona ospetsuak) eta liturgiekin (kontsumoa). Dena ondo bilduta eta saltzeko prest. Eta artea, kontsumo gizartearen emaitza berri gisa, saltzeko produktu bat da, seriean produzitzen dena. Baita gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.