KRITIKA. Artea

Adarbakarra eta bestelako errealitateak

2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun

'Pero lo que tú ves no es lo que veo yo'

Non: Zumaiako (Gipuzkoa) Oxford aretoan. Noiz arte: Urriaren 19ra arte.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak guztiontzat ezberdinak dira. Eta muga horren baldintzak eta intentsitatea ere gure beharren baitan mugitzera ohituta gaude. Arau sozial orokorrak errealitatea eta fikzioa erabat bereizitako esparruak direla adierazi nahi izan badigu ere, gizarteak berak maiz jo izan du fikzioaren esparrura errealitateko zenbait fenomeno eta gertaera ulertzeko, hausnartzeko, baina baita etorkizunari begira errealitate berriak proposatzeko ere. Ez garen hori proiektatzeko ere balio dezake fikzioak, errealitatetik askatzeko, eta askatze horretan errealitatea bera beste perspektiba batetik ikusteko. Baina fikzioa jolas hutsa ere izan daiteke, dibertimendua. Hala ere, fikzioa beti izango da gure errealitatearen zati, eta ez honi bereiziriko esparrua. Hain zuzen ere, Harriak programaren barruan, Zumaiako Oxford aretoan Ismael Iglesiasek komisariotutako erakusketa honetan horixe bera ikus daiteke: errealitatearen eta fikzioaren arteko topaguneak.

Erakusketaren beraren izenburua: Pero lo que tú ves no es lo que veo yo, 2017an estreinatu eta John Carroll Lynchek zuzendutako Lucky filmeko elkarrizketa zati bat da: «—Lo que ves es lo que hay; —Pero lo que tú ves no es lo que veo yo». Argi dago errealitateari buruzko hausnarketa ia existentzial bat dela filmeko protagonistek garatzen dutena, eta Iglesiasek aitzakiatzat hartu du hausnarketa bera erakustaretora ekartzeko. Raisa Alaba, Alberto Albor eta Ane Rodriguezen lanen bidez, errealitatea ulertzeko subjektibotasunez mintzo dela dio berak; hain zuzen ere, artista bakoitzak errealitatea ulertzeko bere modu partikular eta berezia baitu, ondoren —orokorrean— bi dimentsiotan plasmatzen duten berau. Hala eta guztiz ere, hasieran aipatu bezala, pauso bat gehiago ematera ausartuko nintzateke; izan ere, nahiz eta hiru errealitate pertsonal eta subjektibo izan erakustaretoan topa daitezkeenak, hiru errealitateak nola edo hala fikzioarekin erabateko harremanetan agertzen baitira. Horrela, errealitate hutsaren inguruko hausnarketa baino gehiago, errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanaren inguruko gogoeta pertsonalak dira bertakoak.

Bakoitzaren teknikaren hautaketak berak ere, nola ez, erabateko zerikusia du aipatutakoarekin; alegia norberaren errealitatearekin eta hura irudikatzearekin. Hiru errealitate, hiru teknika. Raisa Alabaren grabatuek komikigintzara garamatzate, errealitatea bera plasmatuagatik ere, hura fikzioa bilakatzen duen euskarrira, egia dena edo gerta daitekeena, litekeena eta ezinezkotasun errealaren arteko balantzan. Alberto Alborrek, berriz, guztiz alderantzizko prozesua aurkezten du olio pinturetan, Rene Magrittek egin ohi zuen moduan, errealitatean fikziozkoa den hori uztartuaz, ametsezko mundua, gure egunerokoa eta begiradaren ziurtasuna kolokan jarriz. Eta Ane Rodriguezek, berriz, errealitatearen materialtasunetik, espraiaren erabileraren bidez, fikzioaren forma konbentzionalen inguruan hausnarketa interesgarria garatzen du, eta errealitatean existitzen ez diren horietan, alegia, forma figuratibo errealik ez duten horietan, irudiek forma zehatzak jarraitu beharra kolokan jartzen du, adarbakarraren kasua hartuz aitzakiatzat.

Horrela, aretoan sartuta, begirada altxatzearekin batera erabat bereizten dira hiru artisten lanak; haien lanen arteko mugak erabat begi bistakoak dira. Begi bistakoegiak agian. Izan ere, eta nahiz eta erakusketako gaia dela-eta hiru errealitateak islaturik agertu behar izan, interesgarria litzateke hiru errealitate horien arteko elkarrizketa sortzea, esanahiak, sentsazioak eta hausnarketak gehituz. Esan bezala, ordea, artelanak erabat zatikatuta agertzen dira, mugatuta, eta Raisa Alabaren eta Ane Rodriguezen kasuan, berriz, bata bestearekiko urrunegi kokaturik daude, eta haien arteko loturak aretoaren erdigunean galtzen dira.

Hiru artista hauen lanaren bidez planteatzen den gaia eta gogoeta interesgarria da, besteak beste, eta era berean gainera, artista gazteen egungo ekoizpenak eta joerak ezagutzeko aukera bermatzen duelako erakusketak. Kasu honetan, ordea, instalazioak ez dio askorik laguntzen planteamenduari zukua behar bezala ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.