KRITIKA. Artea

Denak ez du balio

<em>ABC</em> erakusketako <em>D</em> aretoa, <em>Desira</em>-rena.
ABC erakusketako D aretoa, Desira-rena. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Garazi Ansa -

2018ko azaroak 13

'ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa'

Non: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: 2019ko ekainaren 2ra arte.

Aspalditik entzunak ziren murmurioak. Miguel Zugazaren etorrerak Bilboko Arte Ederren Museoa aldatuko zuela esaten zuten. Lehen argazkiek, ordea, esandakoa zalantzan ipini zuten. Bilduma esanguratsu baten aurkezpena etorri zen jarraian, hori ere su artifizialez beteta: Alicia Koplowitzena. Benetan pieza ederrak dituen bilduma da, hori ezin da ukatu inolaz ere, baina su artifizialen ostean datorren keak estali zuen erakusketa: bertan inondik ere azaltzen ez zen ideia saldu nahi izan zuten: feminismoa. Hitza, bederen, modan omen dago, eta beraiek ere gurdira igo nahi izan zuten, nonbait.

Aspalditik entzunak ziren murmurioak. Aurten erakusketa bat inauguratuko zela, Arte Ederren Museoko bildumaren aurkezpen zaharkitu edo tradizionalarekin erabat apurtuko zuena eta bildumari begiratzeko ikuspuntu berri bat proposatuko zuena. Zugazaren eskaintzaren beste harribitxietako bat zirudien eta, hori ere, nola ez, hedabide guztietan saldu dute su artifizialak bezalaxe.

Museoko zuzendariak martxan jarri duen Star System-aren barruan —Alicia Koplowitz eta bere bilduma ezin baitira beste modu batera definitu, artearen munduko izar gisara ez bada—, modu honetako erakusketa bat komisariatzeko ere ezin atzean gelditu, eta euskal kulturako izarretako baten aldeko apustua egin zuten: Kirmen Uribe. Dudarik gabe, izenak behintzat jendea erakarriko zuen arrazoi batengatik edo besteagatik; eta erakarri du, nola ez. Eta ezin ukatuko dut: inaugurazio egun inguruan jazotako argi festa eta burrunba guztiak nire kuriositatea elikatu zuen.

Erakusketa ikustean, ordea, ezin esan iragartzen zen hura guztia topatu nuenik. Su artifizialak ke artean galdu dira berriz ere. Arte bildumen interpretazioak egitea benetan interesgarria da, halakoek museoaren bildumarekiko ikuspegi berriak eskaintzen dituztelako beti, erlazio berriak azaleratu, ideia berriak mahai gainean jarri. Eta, alde horretatik, Arte Ederren Museoan haize fresko pixka bat sartu dela badirudien arren, berrinterpretazio nahia nahi hutsean gelditu da, inongo oinarri sendorik gabe.

Instituzioak dituen errekurtso zabalak aprobetxatuz, erakusketaren instalazioan eta proposamenean bisitarientzat estetikoki erakargarria egiteko esfortzua antzematen da, baina esfortzu horrek gehiegizkoa dirudi erakusketak berak ondoren eskaintzen dituen edukiekiko. Hainbat eta hainbat gune xume badira Euskal Herrian, errekurtso oso urriekin, edukiz biziki interesgarriak diren erakusketak proposatzen dituztenak, prekaritatean; eta, horiek gogoan, erakusketa hau ikusteak min ematen du. Ez da inolako hausnarketarik, inolako gogoetarik bultzatzen ikusleengan. Bai, museoan orain arte elkarren alboan ikustea —genealogikoki une ezberdinetakoak direnez gero— ezinezkotzat jotzen ziren lanak elkarren alboan topa daitezke; estetikoki, agian, sentsazio berriak sor ditzake ikusleengan; baina, hortik haratago, erakusketak ez du beste ekarpen interesgarririk burutzen.

Abezedarioko letren hasierako hizki bakoitzarekin Uribek hitz bat aukeratu du, eta hitz horien arabera taxutu du museoko areto bakoitza. Baina, azken finean, hitz horien esanahiaren inguruko ekarpen berririk ere ez da egin; erakusketa planoa da erabat. B hizkiarekin, nola ez, Bilbo agertzen da. Baina aretoko artelanen bitartez ikusten dena Bilboren irudi tradizionala da. M letrarekin: ama. Eta bertan ere berdin, amatasunaren inguruko rol, paper eta iruditeria hegemonikoa: Ama Birjinaren iruditik hasi, eta emakume guztiok jarraitu beharreko patroia da irudikatzen dena. Bestelako amatasunik ezin ote daiteke irudikatu, akaso? Behartutako amatasuna, agian? Edo amatasun gogor edo latzik ere izango da tartean... D hizkiarekin, berriz, desira. Eta hara non Europaren bahiketa ikus daitekeen modu nabarmenean. Inongo bestelako irakurketa kritikorik eskaintzen ez duen areto batean, gutxien gutxienez, arriskutsua dela esango nuke. J-rekin, berriz, Japonia. Ikaragarrizko pieza ederrak ikus daitezke, aurrez bildumak erakutsi gabeak zituenak, baina berriz ere exotismoz betetako Mendebaldetik eraikia dugun irudikapena da bertakoa, ezer berririk ez, Orientalismoaren inguruko kritikak 1980ko hamarkadatik aurrera gutxienez gizarteratu diren honetan...

Ismael Manterolak egunkari honetako zutabean idatzi zuenez, profesional bakoitzak bere arloa du lanean aritzeko, ikasketa zehatzak zerbaitetarako egiten baitira. Kirmen Uribe idazlea da, eta ez komisarioa, eta hori erabat antzematen da erakusketan. Proposamen berriak museoetara ekartzea primerakoa da; are gehiago, esango nuke beharrezkoa dela, baina guztia ez da balekoa. Denak ez du balio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna