KRITIKA. Artea

Argitan

2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun

'A Whiter Shade of Pale'

Non: Donostiako Tabakaleran,Kutxa Fundazioaren Artegunean.Noiz arte: Ekainaren 2ra arte.

Agerikoa da argiak argazkigintzan duen garrantzia, haren manipulaziorik gabe ez bailitzateke irudiak sortzeko aukerarik izango. Argazkilaritzari buruzko erakusketa guztietan, argiztapena oinarrizko elkarrizketa eta eztabaida iturri izaten da, batez ere esparru teknikoan. Askotan, ordea, azaleko gogoeta horretan gelditzen da. Tabakaleraren azpiko aldean dagoen Kutxa Fundazioaren Arteguneak aurkezten digun azken erakusketa honetan, berriz, oinarrizko elementua izateaz gain, aurkezten diren hiru artisten lanaren lokarria da argia. Argazkilari bakoitzaren lana biltzeko eta bestelako gogoetak pizteko funtsezko baliabide bilakatzen da, eta artearen, historiaren eta sentimenduen bitartez eraikitzen den giro bat sortzen du.

Ramon Esparza arte komisarioaren eskutik, Hellen van Meenen, Carla van Puttelaarren eta Sanne de Wilderen lanak aurkezten zaizkigu. Herbeheretako argazkilaritza garaikidearen barruan erretratua lantzen duten hiru artista garrantzitsu dira. Haien lanaren bitartez, Europa iparraldeko argi-ilunek aukera bat ematen diote ikusleari bidaia bat egiteko Herbehereetako barrokoko pinturatik egungo argazkigintzara. Horretarako, Artegunea osatzen duten bi solairuak tinko zatitu dituzte: beheko solairua erditik zatitu dute, Van Puttelaarren eta Van Meeneren lanak aurkezteko; goiko solairuko espazioa, berriz, De Wilderen lanek betetzen dute osorik.

Aretoan sartu orduko, Van Puttelaarren lan erraldoi batek ematen digu ongietorria. Hala ere, aurkezpen moduan erabili den handitasun horrek ez die askorik gehitzen formatu egokiagoetan aurkezten diren gainontzeko lanei (31 guztira), berezko indar ikusgarri bat duten lan zoragarriak ikus baititzakegu. Van Puttelaarren lana zenbait serietan aurkezten da, eta bereziki aipagarria da 2016. urteko Rembrandt series. Han, 1967. urtean Zaandamen (Herbehereak) jaiotako argazkilariak Flandesko pinturaren eragin garbia erakusten duten konposaketa batzuk aurkezten dizkigu. Artistak berak aitortzen du Rubens, Rembrandt, Maerten de Vos eta Zurbaranen beraren eragina. Rembrandten seriea izan arren ikusgarriena, gainontzekoak ere bikainak dira, eta horien artean aipagarrienak Hortus Nocturumeta Tactile Light dira: lore edo beso eta eskuen inguruko argazki multzoak aurkezten dira, gorputzarekin, azalarekin eta ukimenarekin lotzen den kontakizun sentikor bat eraikiz.

Sentikortasun maila horretara iristen ez den arren, argi dago areto nagusiko beste alderdian ikus ditzakegun Van Meeneren (Alkmaar, Herbehereak, 1972) lanek gertutasuna dutela pinturarekin, batez ere eguneko argiaren argiztapenarekin egiten dituen barrualdeko konposizioetan. Tamaina txikiko lan multzo baten bitartez, artista horren azken hogei urteetako lana biltzen da. Hasieran nesken eta nerabeen erretratuak egiten zituen zakurren erretratuen multzoak barneratuz joan zen gero, eta bilakaera bat dago neska gazteak eta zakurrak nahasten dituzten konposizioetara. Van Meenek zenbakien bidez izendatzen ditu bere lanak, eta horien artean bereziki interesgarriak dira #442, #439, #392 eta# 390 izenekoak.

Azkenik, goiko solairuko espazioan, De Wilderen (Anberes, Belgika, 1987) tamaina handiko hamazazpi lan zabaltzen dira. Euskarririk gabe, paretan zuzenean itsatsita aurkezten dira. Han aurkezten zaizkigun pertsona albinoen erretratuak 2008-2015 urteen artean egindakoak dira. Euskarri falta hori erretratuek erakusten duten zuritasunarekin, gardentasunarekin eta sentikortasunarekin zuzenki lotzen da, objektuaren pisu falta argazkien izaera etereoarekin harremantzen baita. Kasu horretan, erakusketako antolaketari dagokionez, De Wilderen lanak altuera batean kokatzea erabaki egokia da.

Sentikortasuna eta hauskortasuna hiru artisten lanean ezinbesteko ezaugarriak direla argi dago. Alde batetik, sentipenak azalekoak dira van Puttelaarren lanetan. Fisikotasunetik abiatuta, gorputzean, haragian eta azalean biltzen den sentipen indartsu bat gordetzen dute. Van Meeneren kasuan, berriz, ezaugarri hori artistaren beraren sentipenetan gordetzen da, bere gaztaroan zakur batekin izan zuen gertaerak multzoaren alderdi bat markatzen baitu, eta agerian uzten. Azkenik, De Wilderen kasuan, ezaugarri horiek bereziki argiak direla esan daiteke, agian hiruretan argienak, bere erretratuetako pertsonaiek argiaren aurrean izan dezaketen muturreko sentikortasunak obra minaren sentipen fisikoarekin biltzen baitu. Guztiak dira proposamen benetan interesgarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.