Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Geranioak

<em>Uriel Orlow</em> erakusketa, Tabakaleran.
Uriel Orlow erakusketa, Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Ansa -

2019ko urriak 1

'Uriel Orlow'

Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urriak 6.

Ekainean Jumana Mannaren erakusketa ikustera etorri nintzenetik, ezberdin topatu dut Uriel Orlowren erakusketako sarrerako horma. Hor daude postalak, postal vintage-ak, eta aurrekoan ikusitako geranio gorri biziarena ez hartu izanaz damutzen naiz. Gaur ez dago. Falta da. Ederra zen. Amaitu egin omen ziren ale guztiak, eta, hari zegokion tokia hutsik utzi beharrean, beste lerro batean errepikatzen den postal batekin betetzea erabaki omen dute.

Berriz begiratu ditut postalak, eta bat hartu dut, uda oroitarazten didana, baina etxera ere banaramana era berean: amak balkoian ipintzen dituen geranioengana. Suitza inguruko etxe baten fatxada da, lorez apaindua. Buelta eman diot postalari: No. 1 Geraniums are never red. Postalaren titulua izan zitekeela pentsatu dut. Beste bat hartu dut ziurtatzeko: No. 5 Geraniums are never red. Oker nengoen. Badirudi instalazioaren titulua dela. Eta orduan konturatu naiz, postalek duten ezaugarri komun bakarra ez dela beraien izaera vintage-a, baizik eta guztiak Mendebaldekoak direla, hainbat Espainiakoak, eta guztietan agertzen direla geranioak, geranio gorriak.

Igarobidetik pasatu naiz erakusketa aretora joateko asmoz, eta bonbardaketa baten moduan sentitu ditut ahotsak, hitzak belarriak zeharkatuaz, albo banatatik. Ez ulertzeak, ez jakiteak eta ez ikusteak eragindako biolentzia izan da, eta, gehiago entzuten gelditu ordez, gorputzak alde egiteko beharra transmititu dit, parez pare, hormigoizko horma batez itxitako patio baten argazki hiperrealistarekin topo egin dudan arte. Badirudi eskuineko leihoetatik sartzen den argiak argiztatzen duela eszena, eta benetako espazioa dela bertakoa argazkia izan ordez. Hipnotikoa da. Klak-klak-klak. Diapositibak martxan doaz. Baratzea edo lorategi bat ikusten da alde batean. Nelson Mandelak eta ANCko kideek sortutako lorategia omen da, haren biografiaren eskuizkribua gordetzeko erabilitako lorategi frankoarena; 18 urtez zaindua. Alboan, idulki batean, Mandelaren urrea-ren hazia; eta ondoko horman hazitik sortutako landarearen argazkia. Eta zer pentsatua ematen du. Kolonialismoaren aurka eta eskubide berdintasunen alde egiteagatik hemezortzi urte gatibu pasatu, eta irtetean, askatasuna lortzean, haren izena, haren jatorrizko lurraldean, kolonialismoaren ondorioengatik, egun oraindik ere gatibu den landare bati ipini zioten. Bada oraindik ere borrokatzeko kausarik.

Orain ulertu dut sarrerako instalazioa ere. Geranioak, nahiz eta egun bertakotzat ditugun landareak izan, ez dira autoktonoak, ez dira izatez hemengoak. Patatarekin argi dugu, palmera zuhaitzekin ere bai. Baina geranioak ere kolonialismoaren bidez gureganatutakoak dira; are gehiago, kolonialismoa dela eta, izatez, geranioa ez den landare bat bilakatu dugu geranio. Eta hori jakinda ere, egun, oraindik ere lore horiek geranioak dira guretzat. Ze harropuzkeria eta handinahikeria. Umckaloaba deitzen zioten Afrikan, baina europarrek ezetz, geranio afrikarrak zirela haiek. Eta esportatu zituzten, eta hemen ditugu oraindik ere, gure etxeetako balkoiak dekoratzen, haiei ebatsitako landare guretzat exotiko eta ederrak, haientzat berriz sendagarriak zirenak.

Alderantzizko egoerak ere gertatu dira. Afrikan landare sendagarri exotikoak badirela ikusiz, bertako ezagutza kulturalaren eta landarediaren jabetzaren bidez inperio ekonomikoak sortu dituzten kasuak, adibidez, zeinaren erruz afrikarrak lurrik eta baliabiderik gabe utzi dituzten, ezagutzak guztion ondare direla berretsiz. Bertako medikuntza tradizionala eta sendalariak ere ez-zientifikotzat eta ez-eraginkortzat hartuz, haien presentzia eta eragina murrizteko ere hainbat bide jorratu zituzten. Hau, nolabait, hemen ere ezaguna dugun gertaera da.

Zinez interesgarriak dira aretoaren erdian kokatutako bideo lanak, hirurak. Kolonialismoaren eragin horien guztien inguruko gogoetetara daramate ikuslea, baita erakusketako azken instalazioak berak ere. Kasu horretan, Frantziarekin lotura zuzenagoa du. Baina aretotik ateratakoan, hor daude berriz ere geranioak, arazoa etxera ekarriz, arazoak zuzenean jotzen gaituela gogoraraziz. Askotan postkolonialismotik burututako lan, gogoeta eta aldarrikapenak interesgarriak eta beharrezkoak direla iruditzen zaizkigu, baina kanpoko zerbait balira bezala begiratzeko joera dugu, tamalez. Orain, ordea, geranioek hala ez dela gogoraraziko digute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

Ibai Aizpuruari beka emateko agerraldia. Ezker eskuin, Nerea Mujika, Ima Garrastatxu, Aizpurua eta Lorea Arakistain. ©Durangoko Azoka

‘Barraka’ euskarazko abentura bideo jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ainhoa Sarasola

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza, urtebeteko epean bere proiektua garatzeko. Heldu den urteko azokan aurkeztuko du emaitza.

 ©LARA MADINABEITIA / BERRIA

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Andoni Imaz

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.