KRITIKA. Artea

Gorputzarekin birkonektatzen

Bisitari bat Olafur Eliasson: Bizitza errealean erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

'Olafur Eliasson: bizitza errealean'

Non: Bilboko Guggenheim museoan.Noiz arte: Ekainaren 21era arte..

Sentitzeko, adierazteko, ukitzeko, ikusteko, mugitzeko eta ulertzeko erak baldintzatuta, ingurua hautemateko orduan, ezinbesteko rola jokatzen dute argiaren, espazioaren eta gorputzaren artean sortzen diren harremanek. Aitzitik, birtualtasunaren eta teknologiaren garroak luze hedatzen ari diren gizartean, geroz eta zailagoa zaigu hiru elementuok gugan duten eraginaz ohartzea. Garro horien eraginek esperientzien bizipen lanbrotua izateko arriskua baitakarte beraiekin. Erakusketa sentitzeko, ezinbesteko erreminta da norbanakoaren pertzepzioen inplikazioa, eta egunerokotasun lanbrotu horretatik ateratzen gaitu Olafur Eliassonen Bizitza errealean erakusketak. Modu honetan, kutsu sentsorial batek estaltzen ditu Guggenheimeko erakusketa aretoak, eta publikoa harrapatzen dute guztiz. Londresko Tate Modern museoak Bilboko Guggenheimen lankidetzarekin garatutako superprodukzioaren emaitza da Olafur Eliassonen atzera begirako erakusketa.

Eliassonen sortze prozesuan murgiltzen gaituzten hainbat keinu aurkezten zaizkigu erakusketan aurrera egin ahala. Lehenengo gelak, esaterako, ehunka maketa eta prototipo biltzen ditu, denak nahastuta. Kristalezko bitrina batek banatzen gaitu haietatik; alegia,kiribilduak, bere gain uzkurtuak, lauak, borobilak, geometrikoak diren ikerketa eskultorikoetatik.

Sortze prozesuarekiko bigarren keinua Estudio hedatua izenekoak adierazten du: museoko horma zabalean eskegitako nolabaiteko artxiboa da hau, eta testuak, gogoetak eta irudiak gaika antolatzen dira. Eliassonen estudioan sortzen diren eztabaidak eta hausnartze prozesuak zeintzuk diren azaleratzen da modu honetan. Eta, aldi berean, estudioan bideratzen den talde-lanaren garrantzia argitzen da; izan ere, artista kanonikoen izenak askotan horren atzean dagoen talde sendoaren ikusgarritasuna lausotzen baitu.

Fisikaren, naturaren eta teknologiaren arteko sinbiosia gertatzen da aretoetan, eta horren testigu izanen gara erakusketa bisitatzean. Materialak askotarikoak dira: baporez, urez, landarez edo lainoz konposatutako piezekin batera, hegemonikoagoak izan daitezkeen materialek ere hornitzen dituzte museoko gelak. Alabaina, nahiz eta eskulturen, pinturen, instalazioen eta argazkien materialtasuna guztiz heterogeneoa izan, igartzen da helburu komunak jarraitzen dituztela. Helburuok ikusgarritasunak eta espazioaren birmoldatzeak publikoaren pertzepzioengan sortzen duten bat-bateko talkari egiten diote dei, sublime erromantikoarekin lot genezakeen talka sentsorialari, hain zuzen.

Alegiazko mundu anbiguo batean egongo bagina bezala, instalazioetan erabilitako efektuek geure gorputzaren sentsazioak eraldatzen eta, zenbaitetan, engainatzen dituzte. Ondorioz, inguratzen gaituen munduarekiko loturak eta pertzepzioak kolokan jartzera bideratzen gaitu Eliassonek. Zure kolore atlas atmosferikoa izeneko gelako kolorezko keak ikusmena murrizten digu, eta honela, gorputzarekin konektatzera bideratzen gaitu. Izan ere, hamaika koloreko atmosfera lainotsuan murgiltzean, noraezean gaudelarik, geure gorputzaren presentzia da espazio hartan berma dezakegun bakarra.

Ezjakintasun horrekin kontrastean, Kolore batentzako gela izeneko instalazioak inguratzen gaituen jendearekin konektatzera bideratzen gaitu. Hori koloreko argia da espazioa hornitzen duen elementu bakarra. Lanparek gure azala blaitzen duten momentuan gris bihurtzen da, eta inguruan dugun jendeari so egitean, film klasiko batean egongo bagina bezala, zuri-beltzean ikusten ditugu. Bada, birtualtasunaren aroan gorputzarekin birkonektatzeko onura eskaintzen digute instalaziook.

Inguru sentsorial horretan badira naturarekiko harreman zuzena sortzen duten piezak ere. Nolabait, krisi klimatikoaren ondorioak salatzen dituzte, bai eta publikoa arazoaren aurrean aktibatu ere.

Erakusketako azkeneko gelara ailegatzean, binaka antolatutako glaziarren argazki serie bat aurkeztuko zaigu. Konparazioa da: alde batean, 1999. urtean egindako argazkiak, eta, bestean, paisaia berean, 2019. urtean eginikoak. Batean, izotz zuri mardulez estalitako mendiak agertzen dira; bestean, izotza grisa da, eta aurretik estaltzen zuen ingurua laku bihurtu da. Argazkien gainean, sabaian zintzilik, gelan biraka dabilen haizagailua alferrik saiatzen da glaziarren urtze hori saihesten. Aktibo izan beharrean, zeharkako ekintza dela argi geratzen da. Krisi klimatikoaren aurrean instituzio askok hartutako itxura hutsezko jarrera ekar diezaioke gogora publikoari.

Eta, ildo berean, zein zilegitasun dute artistak eta museoak krisi klimatikoa salatzeko? Sabaiko haizagailu birakariaren moduan, beren ekintzak eta lanak garatzen dituztenean onurak ekartzen ez badituzte, kutsatzen jarraitzen badute, zilegi al da horrelako salaketak egitea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.