KRITIKA. Artea

Ni, zuek, haiek

Euskarri ugari erabili ditu artistak erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun

'Impossible Translations'

Artista: Alberto Lomas. Non: Gasteizko Montehermoso zentroan. Noiz arte: Maiatzaren 9ra arte.

Globalizazioak dakarren gain-informazioarekin bat, beste herrialdeekiko mugen lausotzea eman dela entzun dugu askotan, eta, besteak beste, kulturaren eskuragarritasuna horren ondorio argia da. Baina, beste gizarteak batzuk ezagutzea dakarren kutsu exotiko estereotipatutik haratago, nola ulertzen ditugu edo erlazionatzen gara gureak ez diren testuinguruetatik datozen identitate pluralekin? Eta haien hizkuntzekin? Edota haiek hona etortzera bultzatu dituzten arrazoiekin?

Testuinguru horretan kokatuko gaitu Alberto Lomasen Impossible Translations mostrak. Alegia, barne aztertze sakonean murgiltzen du ikuslea Montehermosoko Ur Biltegian egituratzen den proiektu artistikoak. Honela, erantzun zehatz eta egituraturik gabe, zuzen-zuzenean nork bere hausnarketa propioa garatu, konpartitu edota eztabaida dezan.

Harlanduz egituratutako erakusketa espazioan ikus-entzunezkoak, collageak, ur jarioak, soinuak... ehuntzen dira. Ondorioz, mostran aurkeztuko diren euskarriak askotarikoak direla argi dago. Bada, bateratasun argi bat sortzen da elementu guztien artean, eta horrek bete-betean espazioan murgiltzen gaitu.

Ildo horri jarraikiz, erakusketaren izenak osotasun horri men egiten diola antzematen da bertan barneratzen garen momentuen ere. Translation hitzak mugimendu esan nahi duen heinean, bisitariok espazioan egin beharreko trantsizioei egiten baitie erreferentzia. Halaber, aldi berean, pertsona batek herrialde batetik bestera egin beharreko mugimenduekiko lotura zuzena du hitzak.

Erakusketa espazioan barneratzen naizen momentuan, espazioaren erdialdea guztiz zeharkatzen duen alfonbra gorri batek ematen dit ongietorria. Hura zapaldu eta haren gainetik ibiltzeari ekiten diot. Alboetan dauden burdinazko hari arantzadunek bidea zehazten didaten bitartean, burura datorkit Rosa Luxemburgek esandakoa: «Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentituko». Harekiko nolabaiteko lotura sumatzen baitut mostraren foku den alfonbra gorri dotorean zein hura zeharkatzea eragozten diguten burdinazko hari arantzadunetan.

Izan ere, erakusketaren ibilbideak bideratutako zirkuitu eroso hura mantentzekotan, inguruko piezek bidaltzen dituzten mezuak eta sorrarazi al dizkiguten hausnarketak atzean utziko genituzke. Bestalde, kontrara eginez, erosotasun hura baztertu eta Lomak ezarritako muga/kate sinbolikoak apurtzekotan, istorioa bestelakoa izanen da.

Ezarritako bidea baztertzen dugunean esan genezake ezjakintasun atmosfera batek biltzen gaituela. Zoruan gorriz tindatutako kartoi handiak sumatzen dira, eta hamarnaka hitzez zulatuak daude. Horrela, hitz berdinak espazioaren erdialdea zeharkatzen duten paneletan ere agertzen dira.

Oraingoan, argi foku dotoreek ez dituzte alboetan aurkezten zaizkigun panel handiak argitzen. Ahots jario zurrunbilotsuarekin egiten al dute bat bertako paneletan agertzen diren hitzek?

…Eadar. Skirtumas. Njirimara. Erro. Identitas. Prabedam. Identidad. Tapatype. Identitat. Rereke. Perbedaan. Nasname. Oko'a. Idanimo. Ike. Diffarantza. Rozdí. Rülönbseg. Idanimo. Diferença. Ënnerscheed. Aldea…

Batzuk mantentzen dira, baina badira sabaitik behera isurtzen diren ur tantek erdi ezabatutakoak ere. Honela bada, urak instalazioan duen kutsu sinbolikoa agerikoa da, eta itsasoa egungo migrazio krisiarekin ehuntzeko bulkada sumatzen da. Hark ere bizitzak, hitzak eta istorioak ezabatzen baititu. Baina, paneletan ere urak ezabatzen ez dituen proiekzioak aurkezten zaizkigu. Siluetak agertzen dira, leku batetik bestera mugitzen diren itzal ilunak, alegia. Pixkanaka, bertara gerturatzen naizenean, uraren hezetasuna azalean nabaritzen dudalarik, nire itzalak besteekin egiten du bat.

Istoriodun mamu itzaldunak gara geure gorputza erakusketan integratzen den heinean. Ezjakintasun horretan gabiltza, noraezean besteekin bat egiten dugulako eta hizkuntza, ahots eta hitzen jario hartan gu ere besteak garelako. Mugak desagertzen dira orduan, eta ulergarritasunik ezak nolabaiteko ezinegona ere sorrarazten du, ez delako inolako hausturarik ematen, nire, zure eta haien esperientzien arteko lotura baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.