KRITIKA. Erakusketa

Ahotik hostorako bilbe bideak

Claudia Rebeca Lorenzo artistaren margolanetako bat. REKALDE ARETOA.
Elena Olabe
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

'Subocaabierta'

Artista: Claudia Rebeca Lorenzo.Non: Rekalde aretoan, Bilbon.Noiz arte: Martxoaren 29ra arte.

Claudia Rebeca Lorenzoren erakusketa indibidual hau Rekalde aretoko kabinete abstraktua gelan dago, Barriek 2020 sorkuntza artistikorako programaren barruan gauzatua, Euskal Herriko artista garaikide gazteei ikusgarritasuna eskaintzeko helburuarekin. Aurretik Natalia Suarez Ortiz de Zarateren Ai puna erakusketa egin zen bertan, Maite Mugerza Ronseren testuak margolanak ikusteko bidelagun zirelarik. Subocaabierta-ren kasuan ere testu poetiko bat eskaintzen zaigu, Elena Aitzkoarena, areto zuri txiki horretatik ibilbidea egiteko orduan, bilbaturikoak identifikatzeko.

Alabaina, oraindik testu literariorik eskuan hartu gabe, sartu bezain pronto ezkerraldeko beiratetik sartzen den argiak eskumaldean dauden tamaina ezberdinetako margolanei arreta jartzera bideratzen gaitu. Margolan bi izan ezik, beste guztiak paretan bertan modu zatikatuan kokatzen dira, markorik eta beirarik gabe. Disposizio horrek gogora ekartzen ditu zuk zeuk egizu kulturaren eraginez egindako erakusketa muntatzeak, besteak beste profesionaltasunaren eta autoritate artistikoaren kategoriak zalantzan jarri zituztenak.

Dimentsio eta euskarri diferenteak dituzten lan horiek pareta zuriaren azalera osoan sakabanaturik daude, goialdetik lurretik zentimetro gutxiraino. Horrek, nolabait, behartu egiten du ikuslearen gorputza espazioa era ezberdinetan okupatzera, hots, ikuspegi eta kokapen ugariak baliatuz begiratzera. Espazioa zeharkatu eta bertan ikusmena maneiatzeko modua erdigunean dauden eskulturek ere baldintzatzen dute. Izan ere, igeltsuz eginiko eskultura horiek, inkontzienteki bada ere, erakusketa ikustean paretara gerturatzera garamatzate, margolanetara fisikoki hurbiltzera. Halaber, eskultura horiek ikuspuntu bakoitzetik desberdin landuta daudenez gero, osotasunean hautemateko toki ezberdinetatik behatu beharko lirateke, eta, ondorioz, margolanak ere kokapen askotatik interpretatu.

Margolan batzuek tamaina, forma eta koloreen bitartez ezartzen dituzte euren arteko loturak. Bereziki kolore urdinen eskala eta ohe berdeak ageri dira hondo marroixkekin uztartuta, eta hori eta larrosa koloreko pigmentuen presentzia bizia tarteka agertzen da. Landare edo forma naturalak gogora ekartzen dizkiguten irudi horiek forma luzangak dituzte, eta konposizioen bertikaltasunak lan paisajistikoek ohi duten horizontaltasunarekin hausten du.

Lehenengo bi paretetan landare formak dituzten pinturak ageri dira, errepikapenaren bidez landuak diruditenak. Errepikapenaren ideia presente dago artista horren lanetan; hori prozesu baten adierazle izan daiteke, eginahalak emango balio bezala aurrez egindakoari adiera. Olioa eta argizaria hainbat euskarriren gainean erabiltzen dira. Belarra eta txikoria-belarra agertzen diren argazki gaineko bi artelanak dira beiraz eta markoz babesturik dauden bakarrak.

Eskumaldeko azken paretan, irudi antropomorfoak eta erretratu moduko bat agertzen dira; giza figurazioari dagokion pareta bakarra da. Erretratu hori ez da bakarra, ordea: aretora sartzean zuzenean ikusten ez dugun arren, atearen albo batera ere bi pertsona agertzen baitira erretratatuak. Ezkutaturik moduan topa daitekeen beste margolan bat leihoan kokaturiko zutabe batean dago, bakarturik. Beiratearen alboan, egunaren unearen araberako argiak horren antzemate ezberdinak sortzen ditu, artista kokapenak dakarren aldaerarekin jolastuko balitz bezala.

Lorenzok egunerokotasun xumetik bereganaturiko elementuak islatzen ditu margolan eta eskulturen bitartez, txikitasunak sor dezakeen sentsazio edo ideietan atentzioa jarriz. Esaterako, eskulturaren kasuan erabiltzen duen zelo papera prozesu artistikorako baliabide eta emaitza artistikoan agerian uztean, artearen esparruan nobletzat edo berez artistikotzat hartzen ez den material bat txertatzen du, kasu horretan busto tankerako pieza bat sortuz. Horrela, lehen aipaturiko materialak edo irudiak prozesu artistikoa aurrera eramateko erabiltzeaz aparte, emaitza artistikoan ikusgarri mantentzen dira. Materia, kolorea, trazadura bistara geratzen dira erakusketa honetan, babes eta beira barik, gorputzaren eta argiaren mugimenduen araberako distirak eta desirak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.