KRITIKA. Artea

Itzaletik argitara

Lydia Anozek erakusgai jarri dituen argazkietako bat. NAFARROAKO MUSEOA.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

'Argira bidean eta bizitzara bidean

(1970-1980)'.

Artista: Lydia Anoz.Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. Noiz arte: Urriaren 11ra arte.

Arte garaikidearen sustatzea helburu izanik, Nafarroako Museoaren Arte oro garaikidea da proiektuak eraldatze erakargarrian murgildu ditu eraikinak jasotzen dituen bilduma eta behin-behineko erakusketen proiekzioa. Transformazio horren adierazle da museoaren azkeneko solairuan dagoen 4.2 aretoa, Argazkilaritza aretoa izena duena, alegia. Iraupen luzeko argazkilaritza erakusketak biltzeko xedearekin sortutako espazio horrek, oraingoan, Lydia Anoz argazkilari nafarraren berri eman digu; Celia Martin Larunbe komisarioaren gidaritzapean, Argira bidean eta bizitzara bidean (1970-1980) aurkezten baitigu. Bada, ez da museoak artista iruindarrari eskainitako erakusketa bakarra, aurreko urtean Anozen sortze prozesuaren lehenengo etapan barneratzeko aukera eman baitzuen Lydia Anoz. Urrezko urteak (1947-1956) lanak.

XX. mendeko argazkilaritzaren historiaren irakurketa hegemonikotik at, historiografiak ezkutatutako artista dugu Lydia Anoz (1925-2017). Artistaren lanek munduko hamaika argazki saloitan hartu zuten parte mendearen erdialdean: New York, Lisboa, Madril, Brusela, Bilbo, Donostia... Alabaina, argazkilari garaikideen aitorpena izanik ere, hainbat eta hainbat emakume artistaren eran, denborak ahaztu duen sortzailea da Anoz. Horrela bada, haren familiak museoari egindako dohaintzek, komisariotzak bideratutako lanarekin bat eginez, fokuaren itzalpetik atera dituzte Anozen argazkiak. Espazio bakarrera egokitua, Argira bidean eta bizitzara bidean (1970-1980) erakusketak artistaren bigarren aldian kokatuko gaitu. Etenaldi luze baten ondoren, argazkilaritzari berrekin zion garaia, hain zuzen.

Lehenengo aldian ez bezala, 1970eko hamarkadaz geroztik natura hilak atzean utzi eta, erakusketan antzematen den moduan, pertsonen figuren presentzia sustatuz, estudioko lanketatik irteten dira Anozen zenbait produkzio. Argazkien artean nagusi diren erretratuei so egitean, deigarria da irudikatutako figuren psikologia biltzeko orduan artistak aurkezten duen abilezia: zuri-beltzean igarritako jarrerak, begiradak eta keinuak ez daude hutsik. Koldo Chamorroren begirada zuzena, lore artean ezkutatzen den emakumearen begirada, keinu pentsakorrak...

Paretan eskegitako argazkien erakusketari hasiera emanez, argazki bakartu bat aurkezten zaigu. Edukia argitzeko helburua izatekotan, pare-parean kokatzera bultzatzen gaitu argazkiak. Baina, zer da bertan agertzen dena? Bizikleta baten txirrinean islatzen den emakume baten burua, Lydia Anoz bera, alegia. Zaila da argazkiak Vivian Maier argazkilari estatubatuarraren autorretratuekin duen antzekotasuna ukatzea: islen jolasa, urruntasunean igartzen den figura, teknikaren bitartez eraldatutako ingurua... Alabaina, ezinezkoa da batak bestearen eragina izatea, Anozen zein Maierren argazkiak ez baitira azkeneko hamarkadara arte jendaurrean aurkeztu.

«Errealitatea ez da existitzen» irakur dezakegu erakusketaren sailetako batean; hala bada, bertan kokatuak dauden irudiek Anozen iaiotasun teknikoaren berri emanen digute, errealitatetik aldentzen diren atmosfera femeninoak sortzen baititu. Irudien konposizioak xumeak izan arren, argiaren kontrolaz baliatuz mundu onirikoak eraikitzen ditu argazkilariak. Alegiazko atmosfera horietan, argi efektuekin lotzen dira argazkiak betetzen dituzten materialak: oihalak, paperak eta landareak, esaterako. Argiak objektu eta gorputzen azalean sortutako efektuek ikusmenaren bidez goza ditzakegun testurak gauzatzen dituzte. Halaber, biluztasun femeninoaren bitartekari diren egiturak biltzen dituzten zuri-beltzeko konposizioek, eta nolabaiteko gozotasuna, intimitatea, helarazten dute.

Hein handi batean, bost sailetan txukundutako erretratu eta paisaiek bideratzen dituzten esperientzia estetikoek erakusketaren izaera diskurtsiboa gainditzen dute. Izan ere, argazkilaritzaren nortasun mimetikotik aldentzen diren irudiok, kamerak ahalbidetzen dituen efektuen bitartez, errealitatearekiko ikuskera eraldatzen baitute. Modu horretan, moldatzen dituzten perspektiben eta argi jokoen arteko uztartzeak, talkak, sentsazioak zein emozioak sorrarazten dizkigute argazkiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.