KRITIKA. Artea

Objektuen memoria

Jorge Satorrek Carreras Mugica galerian jarritako erakusketa. CARRERAS MUGICA.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
'Chamarra negra, sudadera gris'

Artista: Jorge Satorre.Non: Carreras Mugica galerian, Bilbon.

Ahoz aho hedatutako kondairek, elezaharrek, istorioek, ipuinek... inguruarekin erlazionatzeko eretan eragin zuzena izan dute, askoren irudimenean murgilduak. Alabaina, kultura ezberdinetan errotutako kontakizunak ez dira egia absolutuaren aldarri kategorikoak, ezta ezerezetik sortutako fikzioak ere. Lekukotasunetik eratorriak, inguruaren nolabaiteko interpretazio gisa uler baititzakegu. Halaber, belaunaldiz belaunaldi zabaltzen doazela, memoria kolektiboan hondoratu diren interpretazioak dira, behin norbaitek egindako interpretazio baten oroitzapenak, alegia. Chamarra negra, sudadera gris titulupean, ahozkotasunaren bidez hedatutako kontakizunetatik abiatu, eta oroitzapenak objektu bihurtzen ditu Jorge Satorrek, Bilboko Carreras Mugica galerian landutako erakusketan.

Mostra espazio bakarrera mugatzen da; dena den, deigarria da artistak espazioa eraldatzeko sortu duen instalazioa. Izan ere, galeriara sartzerakoan zeharkatu beharreko korridorea luzatzen baitu, hasieran mostrarekiko izan genezakeen perspektiba eragotziz. Eta, orduan, erakusketaren nolabaiteko aurkezpena eginez, korridore luze haren amaierara ailegatzean, paretan eskegitako ilustrazio batekin egiten dugu topo. Ilustrazioak zehaztasun osoz marraztutako maketa bat irudikatzen du, ikustear gauden mostraren maketa, alegia. Honela bada, ikusmena oztopatzen digun egurrezko murrua zeharkatu eta burdinazko erremintek, lurrean ezarritako harritxoek, paretan kokatutako ilustrazioek eta erramu adarrez egindako siluetek hartuko dute gure ikus-eremua.

Ildo honetan, erakusketaren ardatz nagusia paretan ezarritako ilustrazio serieak markatzen du, mostraren izena partekatzen duena, Chamarra negra, sudadera gris, hain zuzen. Altzairuzko zatitxoek horman sostengatzen dituzten hogeita bi laminetan, Mexikoko Chapultepec basoa agertzen da, behin eta berriz. Marrazkiak ez dira berdinak guztiz, artistak basoari egindako deskribapen idatzia, oroitzapenekin batera, izan baitzen irudiak egiteko erabili zuen gida bakarra. Irudiotan, Satorreren oroitzapen indibidualen eta XVII. mendeko iruditeriaren arteko uztartzea garatzen da. Lope de Vegaren El acero de Madrid komedian oinarriturik, garai hartan basora burdin ura hartzera joateak izan zezakeen irakurketa erotizatuari erreferentzia egiten baitio ilustrazioetan agertzen den bikoteak, modu espektralean.

Irudi serieak erakusketa gelan aurkezten zaizkigun objektuekiko lotura zuzena bideratzen du, zeharkako eran, errementaritzari eta artisautza tradizionalari egiten baitio erreferentzia. Egurrezko panelean ezarritako objektuei so egiterakoan lantegietan erremintak uzteko erabiltzen den panela etorriko zaigu gogora. Baina bertan aurkezten zaizkigun objektuak ez dira lanabesak, aurreko mendeko 1980. hamarkadara arte erabili ohi zen forjaketa-gabi baten profilak erreplikatzen dituzten erramu adarrak baizik. Artisautza tradizionalak industriari leku utzi dion antzera, burdina desagertu egiten da, naturatik zuzenean hartutako elementu bihurturik.

Haatik, Satorrek jarduera haren inguruan mantentzen diren oroitzapenak bereganatu eta eraldatzen ditu. Ricardo Mediavilla erremintari legazpiarrarekin elkarlanean hurbileko zein arrotz diren burdinazko piezak sortu baitituzte. Piezak inguruan sakabanatzen dira, erakusketa espazioa artisauaren lantegi bihurtu izan balitz bezala. Mostran aurkezten zaizkigun objektuak ez dira errementaritzan zentratzen soilik, Tomebamba (Ekuador) ibaiko harrien erreplikak lurrean hedatzen baitira, bertako harginek egindakoak, alegia.

Hein handi batean, mostran landutako adierazpen artistikoen arteko lotura memoriaren gauzatzeak adierazten du, artelanek memoria, oroitzapenak, proiektatzen baitituzte. Bertan barneratzen garenean igarriko dugun moduan, Satorrek landutako adierazpen artistikoak bi multzotan banatzen dira: ilustrazioa eta eskultura. Artistaren oroitzapen indibidualak objektuen jatorrizko kulturaren memoria kolektiboarekin uztartuz, Carreras Mugica galeriako areto nagusian barneratzean, orainalditik interpretatutako iraganeko objektu eta irudiak aurkezten zaizkigu. Objektuok lotura zuzena dute artisautza tradizionalak sortutako iruditeriarekin, Satorrek artisauekin elkarlanean burutu baititu. Honela, artisautza, lekukotasuna eta memoriaren objektua interpretazio inpartzialean gauzatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.