Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Geltokiko auzoko txikiena

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gomez Cruzado upategi historikoa da, eta, azken urteotan lokartuta bezala egon bada ere, azkenaldian berpiztu, eta izugarri aldatu dira kaleratu dituzten ardoak; hoberako, noski. Haroko (Errioxa, Espainia) geltokiko auzo mitikoan dago, eta han dauden upategi guztien artean txikiena da.

Upategiaren jatorria ezagutzeko, XIX. mende amaierara jo beharko genuke, 1886ra hain zuzen ere. Urte horretan, Angel Gomez de Artechek, Moctezuma de Tulengoko duketzarekin erlazionatuta zegoen nobleak, Errioxako Haron ardoak egin eta botilatzea erabaki zuen. Gero, 1916an, Agustin eta Jesus Gomez Cruzadok upategia erosi zuten, eta haiengandik datorkio upategiari gaur egun duen izena.

Gerora, hainbat inbertitzaileren esku egon ondoren, XXI. mendearen hasieran Baños familiaren esku geratu zen; Mexikon bizi dira orain, baina Errioxako Badaranekoak dira jatorriz.

Upategi horretara halako iraultza eta aldaketa nabarmena iritsi izanaren errudunak David Gonzalez eta Juan Antonio Leza enologoak dira, mahasti zaharrak eta beste hainbat mahasti —hain zaharrak ez direnak— etorkizunera begira jarri eta lantzen dituztenak.

Upategiko ekoizpena txikia dela esan daiteke, 200.000 botila baino ez dituztelako egiten. Ardo on bat egiteko, hainbat gauzari erreparatu behar zaio, baina oinarria eta funtsa mahastian dago, mahats bakoitzaren nortasuna eta mahasti bakoitzaren izaera islatzeko helburua izanik. Mahatsaren ezaugarriaren arabera, upategira heltzen direnean zer ardotarako erabilia izango den erabakita egoten da.

Hiru lursail desberdinetako mahastietako mahatsak erabiltzen dira: Najerilla garaiko mahastiak, Najerilla beherekoak eta Toloño mendilerrokoak. Hiru mikroklima, hiru lur motatako izaera desberdin, bakoitza bere ñabardurekin, eta ardoei izaera ematen dietenak. «Zer lortu nahi dugu? Aroma gardenak, garbiak eta zapore purua dituzten ardoak, Errioxako aniztasuna eskaintzeko».

Ardoak bi multzotan sailka daitezke: eskualdearekin lotutakoak (Toloño mendilerroa, Najerilla garaia eta Najerilla beherea) eta herri ardoak.

Azken hiru horiek ekarriko ditut hona: Pancrudo, Cerro Las Cuevas eta Montes Obarenes. Badaran, Leza eta Harorekin lotutakoak dira, hurrenez hurren.

Badaranen, altuerako mahastiak daude; klima kontinentalaren eragina dute, eta ardo freskoak dira.

Lezan, klima atlantikoaren eragina dute, eta ardo freskoak eta konplexuak dira; eta Haron, mahats zuriak ezin hobeto hazteko baldintzekin, Obarene mendien babespean, dotorezia eta garbitasuna dute, freskotasuna nabarmenduz.

Ondo pasa uda, eta itzuli arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.