Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Cristiano Van Zeller I

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Van Zeller abizena oso ezaguna da Portoko ardoen familian, ia betidanik baitaude ardoaren ekoizpenarekin lotuta; hasiera batean, 1780 geroztik, Porto ardoak esportatzen, eta, geroago, Quinta de Noval upategi ospetsuari lotuta.

Cristiano Van Zeller oso gaztetatik egon zen jabego horren arduradun moduan.

XX. mendeko 80ko hamarkadan, zorigaiztoko sute baten ondoren, familiak upategia saldu zuen, eta zertxobait geroago, marka merkaturatzeari utzi zioten.

Cristiano, ordea, tinko mantendu zen Douron, eta 1996an Quinta Vale Dona Maria lursaila erosi zuen. Momentu hartan, 11 hektareako mahastia zuten lursail hartan.

Proiektu horrekin, Cristianok erakutsi nahi zuen Douron mahaiko ardo bikainak egin zitezkeela, Portoen maila berekoak.

2006an, Cristianok berriz ere erosi zuen Van Zellers marka, eta horrek familiaren marka berrindartzea eta bultzatzea ekarri zuen, Porto sorta bikaina sortuz.

Portoko batzorde arautzaileak ekoizle batek bere lehen Portoa merkaturatzeko 150.000 litroko ardo-erreserba izatera derrigortzen du. Cristianok, orduan, lehengusuekin bat egin zuen, haiek erreserba propioak baitzituzten, eta horrek ahalbidetuko zuelako proiektua aurrera eramatea. Horrela, Van Zellers marka biziberritzea lortuko zuten.

Gaur egun, Porto gama guztia ekoizten dute, tawnyetatik vintageak arte. Van Zellers markak historikoki erakutsi dituen fintasuna eta dotorezia erakusten dituzte gaur egun ere ardook.

Douroko mahats mota izugarri ugaria (tinta amarela, rufete, tinta barroca, tinta roriz, touriga francesa, sousao) oinarri duten mahaiko ardoen sorta ere ekoizten dute. Ardo horiek Quinta Vale Dona Mariatik jasotako mahatsetan dute oinarria. Mahastiek, batez beste, 50 urte dituzte eta Torto ibaiaren inguruetako arbelezko terrazetan daude landatuta. Toki ederra benetan, izugarria.

Cristiano Van Zellerrek Espainian egin dituen lanei buruz hitz egin nahi nizuen gaurkoan, baina hori beste batean izan beharko da.

Aurrerakin moduan Sanlucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia) egindako Pastrana manzanilla aipatuko dizuet. Nik ezagutu eta edan dudan manzanillarik ederrena eta bikainena. Cristianok eta Javier Hidalgok (Bodegas Hidalgo) 1985ean abiatu zuten proiektu hori, eta gaur egun ere hortxe mantentzen da, olinpoan. Hamabi urtez ondutako manzanilla, eta ondorioz «manzanilla pasada» bilakatua.

Hurrengoan zuengana ekarri nahi dizuedana Toroko (Zamora, Espainia) proiektua da: Terra d'Uro, hain zuzen. Oscar Garrote, Pipa Ortega eta Cristiano Van Zellerren proiektua da, ardoak Toro sor-markapean ekoizteko.

Hurrengora arte, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.