Ezarian. Haurren hirien sarea

Haurren neurriko hiriak

Haurren hirien sarea sortu berri dute. Francesco Tonucciren Haurren Hiria proiektuaren barruan, Euskal Herriko udalerriak saretu eta koordinatzea da asmoa. Leioa izango da sarearen egoitza nagusia.

FRATO'02.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Erromako haurren kontseiluko gazte batek honakoa esan zion bere hiriko alkateari: «Etxetik ateratzeko baimena eskatu nahi diot hiriari». Gogoetarako tartea ematen duen eskaera da. Hirietako espazioa antolatzeko erak txikienei kalte egin ziela uste zuen haurrak. Francesco Tonuccik Haurren Hiria proiektua abiatu zuen Fano (Italia) jaioterrian, eta ordutik, mundu osoko hamaika herri murgildu dira proiektu horretan. Baita Euskal Herriko hainbat herritan ere. Esperientziak jaso, zabaldu eta koordinatzeko asmotan, haurren hirien sarea aurkeztu berri dute Bilbon. Jardunaldiak egin dituzte horretarako aste honetan, eta Tonucci bertan izan da, ekintza babesten.

Innobasque berrikuntzaren euskal agentzia, EHUko Irakasle Unibertsitate Eskolak, Bizkaiko Diputazioa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Solasgune eta Leioako Udala dira sarearen bultzatzaileak. Hala ere, asmoa ahalik eta udalerri gehiena biltzea da. Elkarlana arlo instituzionalean egin nahi dute gehienbat. Baina ez dizkiote inori ateak itxi nahi: «Proiektuaren barruan lan egin nahi duen orok lekua du», adierazi du Gotzon Bernaola Innobasqueko programa zuzendariak. Aitortu du garapen sozialerako proiektuak garatzea eta komunitate espazioa berreskuratzea gero eta beharrezkoagoa dela Euskal Herrian. Eta horregatik bat datoz Tonucciren proiektuarekin.

«Hiriaren ikuspegia eraldatzen duen proiektua da», dio Bernaolak. Izan ere, herri edo hirietako espazioaren antolaketa haurren parametrotik egitea da Tonucciren Haurren Hiria proiektuaren muina. Horientzat egokiak diren espazioak antolatzean herritar ororentzat egokiak diren guneak eraikitzen baitira. Eta horretarako ezinbestekoa den osagaia da haurrak entzutea eta horiekin lan egitea. Euskal Herrian eredu hori zabaltzeko eta orain arte egin diren lanak biltzeko sortu dute haurren hirien sarea. Bernaolak dioenez: «Orain arte era bakartuan landu diren proiektuak bateratzea da egitasmoaren asmoa». Leioa (Bizkaia) da sarea osatzen duen lehen herria, duela hamar urte hasi baitziren Herrigune proiektua lantzen, eta hango esperientzia izango dute eredu.

Laborategia oinarrian

Sarea garatu eta Haurren Hiria proiektua zabaldu ahal izateko, laborategi bat martxan jarriko dutela azaldu du Bernaolak. Sei lan lerrotan egingo du lan laborategiak. Batetik, Euskal Herrian dauden esperientzien mapa osatu nahi dute, eta horiek ezagutzera eman: «Existitzen dena hauteman eta hedatzea da asmoa». Bigarren ildoa proiektua garatu ahal izateko prestaketa baliabideak eskaintzea izango da: «Udal teknikari, politikari eta adituentzako jarduerak egingo ditugu». Konferentziak, prestaketa saioak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte horretarako. Udalerrietan «tutoretzak» ere aurreikusiak dituztela aitortu du Bernaolak. Ikerketa lanak egitea da aurreikusita daukaten hirugarren lan lerroa, «proiektu konkretuak aztertzeko eta esperientziak dokumentatzeko».

Bestalde, lantegiak antolatuko dituztela dio Bernaolak: «Laborategiaren bihotza izango dira hauek». Adituak eta proiektuan interesatuta daudenak biltzeko lan esparruak dira, sorkuntza eta eztabaidarako guneak. Lehen lantegiaren zeregina zehaztuta daukatela esan du: «Komunitatea heziketa gune gisa ulertzeko kontzeptu eta tresnak bateratzea izango da lehen lantegiaren egitekoa». Beste lan ildo baten egitekoak dira, esaterako, haurren hirien sarean dauden herriak koordinatzea, nazioartean dauden sareekin harremanak lantzea eta Tonuccik Erroman duen lantaldearekin etengabeko harremanetan egotea.

Laborategiaren azken egitekoa Leioako Herrigune proiektu aitzindariaren zabalpen eta babeserako tresnak ematea izango da. «Oinarritzat dugun esperientzia da, eta egitasmo berrietako probak egiteko esparru gisa erabiliko dugu». Urtero batzar bat egingo dutela adierazi du Bernaolak, Haurren Hirien barruko proiektuetan izan diren aurrerapenak azaltzeko.

Nazioartean badira era horretan antolatutako sareak: Latinoamerikako herriak, adibidez, Santa Fen (Argentina) dute egoitza, eta handik herri eta hirietako proiektuak koordinatu eta garatzen laguntzen dute. Italiako Lazio eskualdean ere sarea antolatzen dabiltza orain. Asteon aurkeztu den sare ereduak adibide horiek hartu ditu iturritzat.

Aitor Apraiz Bakioko (Bizkaia) alkateak ez zuen proiektua ezagutzen, eta egitasmoaren berri jasotzera joan zen sarearen aurkezpenera: «Entzutera etorri naiz, oso interesgarria da udalen artean sare bat antolatzea. Bakion ere horrelako proiektua egitea oso interesgarria iruditzen zait».

Baina jardunaldietara gehiago izan ziren hezkuntza komunitatetik joandakoak, instituzio ordezkariak baino. Horien artean zegoen Hik Hasi elkarteko Joxe Mari Auzmendi. Interesgarritzat jo du egitasmoa: «Gu ere bagabiltza hainbat talderekin elkarlanean, baina haurren hiria eta haurren hirien sarea euskara eta euskal kulturan abiapuntu izatea beharrezkoa da». Hik Hasik iaz antolatu zituen Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldiak, eta Tonuccik berak ere parte hartu zuen. Joxe Mari Agirretxe Porrotx antzera mintzatu da: «Lorea Agirrek Tonucciren La cita dei bambinni (Haurren hiria) liburua euskaratzean zera jarri zuen hitzaurrean: hizkuntza txiki bat aintzat hartzean, munduko hizkuntza guztiak aitortzen dituzu. Haurra oinarri hartzen den bezala, hizkuntzak ere oinarri izan behar du».

Leioa, egoitza eta eredu

2001ean hasi ziren Herrigune proiektuarekin Leioan. Herri hezitzailea sortzea da proiektuaren helburua. Bide horretan hamaika ekintza antolatu dituzte, betiere haurren parametroa lehenetsiz. 2005ean antolatu zuten haurren kontseilua. Ordutik, urtean lau aldiz alkatearekin biltzen dira haurrak, dituzten kezkak azaldu eta herrigintza proiektuen inguruan duten iritzia emateko. 9 eta 13 urte bitarteko hamar haurrek osatzen dute, eta zozketa bidez hautatzen dira kideak urtero.

Mari Karmen Urbieta Leioako alkatea oso pozik dago emaitzarekin: «Haurrak herrirako proposamenak egiten dituztenean ez dute beraiengan soilik pentsatzen, komunitate osoarengan baizik. Horrek asko harritu ninduen hasieratik; zoragarria da». 30.000 biztanle ditu Leioak, eta 9.000 haur daude. «Udal ordezkarien egiteko nagusia herritarrak entzutea baldin bada, ez al da gure lana haurrak ere entzutea?». Oso argi du Urbietak: «Ikasi dut ahulenak aintzat hartzen direnean herritar guztiak barne biltzen dituzun planteamendua osatzen ari zarela».

Sarea aurkezteko jardunaldiak egin baino lehen Leioako Haurren Kontseiluarekin bildu nahi izan zuen Tonuccik. Kontseiluko kide izatearen esperientziaz galdetuta, hala erantzun du neskato batek: «Pozik nago kontseiluan, helduek egiten dituzten gauzetan parte hartzen dugulako». Bere alboan, Tonuccik erantzun dio neskatoari: «Hara! iritzia ematea helduen gauzatzat hartzen du. Esaldi hori da arazoaren erakusle. Oso salaketa gogorra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.